
Osakidetzak Oinaurreko osasun zentroaren Plan Funtzionala onartu du, eta proiektua idazteko lizitazioaren azken urratsak ematen ari da, 11,2 milioi euroko inbertsioarekin
- Gaur goizean bertan, lurzatia lagatzeko eskaera erregistratu du Eusko Jaurlaritzak Irungo Udalean, eta datozen asteetan lizitatuko da proiektuaren erredakzioa
- Azpiegitura 7.200 metro koadroko lurzati batean proiektatu da, Arrabatenea kalean, Oinaurre auzoan, eta ia 25.000 pertsonari emango die zerbitzua
- Orain ematen den zerbitzuarekin alderatuta, kontsulta kopurua handitzeaz gain, figura berriak gehituko dira, hala nola optometristarena, psikologoarena, fisioterapeutarena edo kPAE erizainena
- Irungo Lehen Mailako Arreta indartzeko, beste bi zentro berri sortuko dira: Irun Berria eta Alarde kaleko errefortzu-zentroa. Horrez gain, Dunboakoa mantenduko da
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak laster argitaratuko dute Irunen osasun-zentro berri bat eraikitzeko proiektua idazteko lizitazioa; zehazki, Oinaurre auzoan. Horri esker, bertako biztanleei espazio zabalagoa eta funtzionalagoa eskaini ahal izango zaie, osasun-premiei erantzuteko. Proiektu hori gauzatzeko, 11,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusten da osasun-zentroko obran eta ekipamenduan, eta bi urteko egikaritze-epea duten obrak 2027aren amaieran abiaraztea espero da.
Espazio berria 7.200 metro koadroko lurzati batean kokatuko da, Arrabatenea kalean. Osakidetzak eskatu du partzela hori lagatzea, eraikina eraikitzen hasi ahal izateko. Osasun-zentroak 24.700 pertsona ingururi emango die zerbitzua (Belaskoenea, Elitxu-Lapize, Urdanibia herria, Anaka, Bentak), eta honako zerbitzu hauek izango ditu:
- Ama-haurren arloa: medikuntza pediatrikoko 10 kontsulta, erizaintza, emagina eta ginekologia
- Familiako medikuntzaren arloa: 27 kontsulta familiako medikuntzan eta erizaintzan
- Erabilera anitzeko eremua: proba funtzionaletarako 4 kontsulta, sendaketa-gela, larrialdiak eta ateratzeak
- Kanpo-kontsulten eremua: 4 optometria-kontsulta eta balio anitzeko kontsulta
Gainera, espazioaren zabaltasunari esker - zentro berriak 3.500 metro koadro inguru izango ditu-, Lehen Mailako Arretako estrategiak barne hartzen dituen figura berriak sartu ahal izango dira, hala nola optometristarena, psikologoarena, fisioterapeutarena, kPAErena (kronikotasuneko praktika aurreratuko erizaina), bai eta balio anitzeko kontsultak ere, ospitaleko espezialistak erabili ahal izateko.
Ekipamendu berri horren bidez, honako hauek lortu nahi dira: osasun-zerbitzuak herritarrengana hurbiltzea, arreta komunitarioa eta prebentziozkoa indartzea, osasun-taldeen diziplina anitzeko lana sustatzea eta eraikinaren diseinu funtzionala, irisgarria eta jasangarria bermatzea.
Irunen eta Hondarribian arreta sanitarioa hobetzea
Oinaurreko osasun-zentro berria proiektatu da inguruko hiri- eta biztanleria-hazkundeari erantzuteko, Lehen Mailako Arretarako irisgarritasuna hobetzeko eta Bidasoko ESIaren sare asistentziala modernizatzeko. Izan ere, Bidasoko ESIaren 2025-2035 Gida Planean jasota dago. Plan horren helburua eskualde osoko arreta sanitarioa eraldatzea eta indartzea da, bai Lehen Mailako Arreta, bai ospitaleko arreta.
Oinaurrez gain, Osakidetzak beste bi azpiegitura berri proiektatu ditu Irunen: Irun Berria osasun-zentro berria eta Alarde kaleko Lehen Mailako Arretako errefortzu-zentroa. Gaur egun, Irungo herritarrei zerbitzua ematen dieten osasun-zentroak bi dira: Irun Erdialdeko Anbulatorioa, 1954an eraikia, azpiegitura berriak abian jarri ondoren itxiko dena, eta Dunboako Osasun Zentroa, 1994koa, aipatutako azpiegitura berriekin batera osasun-zentro gisa jarraituko duena.
Bloke kirurgiko berria ospitalean
Era berean, gogorarazi behar da Bidasoko Ospitaleko bloke kirurgiko berriko obrak hasita daudela. Ekipamendu hori ere Plan Zuzentzailean sartuta dago, eta, zalantzarik gabe, aukera emango du Irungo eta Hondarribiko bizilagunei ematen zaien arreta modernizatzeko eta hobetzeko, kasu honetan ospitale-eremuan. Osasun Sailak eta Osakidetzak 23 milioi euro inbertituko dituzte guztira, 11 milioi euro bloke kirurgiko berri hori eraikitzeko, eta gainerakoa goi-teknologiako ekipamendurako.
51,1 milioi euroko konpromisoa Bidasoko ESIarekin
Bidasoko ESIaren plan integralak 51,1 milioi euroko inbertsioa dakar, Eusko Jaurlaritzaren konpromisopean.
23 milioi Ospitaleko bloke kirurgikoko obran eta ekipamendurako.
11,2 milioi Oinaurre Osasun Zentroaren obran eta ekipamendurako.
Milioi bat Alarde kaleko Lehen Mailako Arretako errefortzu-zentroa egokitzeko
16 milioi euro, Irun Berria Osasun Zentroa eraiki eta ekipatzeko.
-
2026-03-06
Comentario de X:
🏥 Osakidetza aprueba el Plan Funcional del centro de salud de Oinaurre y ultima la licitación para redactar un proyecto que supondrá una inversión de 11,2 millones de euros -
2026-03-06
Comentario de X:
🏥 Osakidetzak Oinaurreko osasun zentroaren Plan Funtzionala onartu du, eta proiektua idazteko lizitazioaren azken urratsak ematen ari da, 11,2 milioi euroko inbertsioarekin


