Berriak Kultura
Eu

Esther Ferrerri Gure Artea saria eman diote haren ibilbide artistikoa aitortzeko

2012.eko ekainak 08

Sergio Pregok, sormen jarduera dela-eta, eta Xabier Sáenz de Gorbeak, ikusizko arteetan egin duen jardueragatik, Gure Artea saria ere jaso dute

Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuorde Antonio Riverak, epaimahaiko presidente Fernando Golvanorekin batera, Gure Artea sarietako 2012ko edizioko irabazleak zein izan diren jakitera eman dute.  Hona eman saridunak: Esther Ferrer, bere ibilbide artistikoagatik; Sergio Prego, sormen jardueragatik, eta Xabier Sáenz de Gorbea, ikusizko arteen eremuan egin duen jardueragatik.

65.000 euro banatzen dira Gure Artea sarien bidez; hasierako bi modalitateek 25.000 euroko saria dute eta hirugarrenak 15.000 euroko saria; sarien bidez, saridunek egin duten lana nolabait ordaindu eta arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpena onartu nahi da; sortzaileak saritzen dira -bai euren ibilbide profesionalagatik, bai azken urte hauetan egin duten sormen jardueragatik- baita beste eragile batzuk ere, arte plastikoen edo ikusizko arteen eremuan egin duten aipatzeko moduko jarduera orokorragatik edo jarduera jakin batengatik.

Gure Artea Sarietako 2012ko edizioan ondokoek osatu dute epaimahaia: Fernando Golvano, EPV/EHUko Filosofiako fakultateko irakasle, komisario eta arte kritiko (epaimahaiburua); Aimar Arriola komisario eta ikertzaile; Alicia Fernández historiagile, arte kritikari eta erakusketen komisario eta gaur egun Rekalde Aretoko zuzendari, eta Ana Román eta Maider López artistak eta UPV/EHU Arte Ederren fakultatean Arte Ederretan lizentziadunak.



Hiru modalitate

- Arte ibilbidea aitortzeko saria: sormen lanagatik eta kultura eta arte garaikidean egindako ekarpenagatik nabarmendu den artistari ematen zaio; aintzat hartuko da artista horren obra eta ibilbide osoa. 2012ko Gure Artea saria modalitate honetan (eta 25.000 eurokoa da) Esther Ferreri eman diote.

- Sorkuntza jarduera aitortzeko saria: azken urteak aintzat hartuta, bere jarduera artistikoagatik edo sormen jardueragatik sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea aitortzeko saria da.  2012ko Gure Artea saria modalitate honetan (eta 25.000 eurokoa da) Sergio Pregori eman diote.

- Ikusizko arteen arloan eragileek egindako jarduera aitortzeko saria: Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoen arloan egindako ekarpenagatik, alegia, kulturaren balio-katearen urratsetan (ikerketa, prestakuntzak, sorkuntza-ekoizpena, sustapena-hedapena eta banaketa) horiek sustatzeko jarduerak garatuz egindako lanagatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridikoak, publikoak edo pribatuak, aitortzeko saria. Aintzat har daiteke ibilbide osoa edo, bestela, azken urte hauetan egindako programa edo proiektu jakin batzuk.  2012ko Gure Artea saria modalitate honetan (eta 15.000 eurokoa da) Xabier Sáenz de Gorbeari eman diote.

Gogoratu beharra dago bigarren aldiz egin dela Gure Artea sarien deialdia modu honetara, Ikusizko Arteen sektoreko talde operatiboak aurreko eredua guztiz eraldatzeko egin zuen gomendioari erantzunez. Proposamen horren arabera, ondokoak bereizi dituzte: alde batetik, ikusizko arteak saritzeko helburu duen deialdi bat, hau da, saridunek egin duten arte ekintza gizartean berariaz onartzekoa eta, beste alde batetik, arte garaikidea sustatzeko programa bat. Azken programa honek, euskal arte garaikidearen inguruan gizartean ezagutza, ekoizpena eta zabalkuntza sortzeko moduko zenbait testuinguru sortuko ditu eta irekita dago artistei zein Gure Artea sarien aurreko edizioetan jasotzen ez ziren beste parte-hartzaile batzuei. Programak EREMUAK izena du.


Esther Ferrer (Donostia, 1937)


1966. urtean Zaj taldearekin hasi zenetik, gure testuinguruan artista aitzindaria da ekintza-arteari dagokionez. Ibilbide luze horretan performancen beti berritu du eta praktika suntsikor hori urratzen jarraitu du bertaratuentzat egoera ezezagunak, gogoetatsuak eta aztoratzaileak sortuz. Hori guztia dela-eta, nazioarte mailan lana aitortu diote eta gaur egun ikuskizunetan, jaialdietan eta arte-zentro garrantzitsuenetan proiekzio handienetakoa duen euskal artista da.  1999. urtean Manolo Valdésekin batera Veneziako Bienalean hartu zuen parte eta 2008an Arte Plastikoen Sari Nazionala jaso zuen.  2009an Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiako adiskide zenbakidun aukeratu zuten.

Esther Ferrerrek ekoizpenean objektuak, argazkiak eta dokumentatzen dituen ekintzak jasotzen ditu. Bere estudioan, gainera, aldizka zenbait pieza modu zorrotzean egiten ditu hirurogeiko hamarkadatik, eta zenbaki primoen poetika misteriotsua da horien guztien lotura.  Zenbait obra kontzeptual dira, adibidez El poema de los números primos edo El triángulo de Napoleón.  Vitoria-Gasteizko Prado parketan obra publiko bat du; zenbaki misteriotsu horien teoreman oinarritutako muntaketa bat da.


Sergio Prego (Hondarribia, 1969)


Sergio Pregoren sorkuntza, arriskuagatik eta izaera esperimentalagatik nabarmendu da. Artelekuk laurogeita hamargarren hamarkadaren hasieran sustatutako bultzada berritzaile horren bidez hasi zuen; bultzada horrek gazte sortzaileen konstelazio berri baten sorrera erraztu zuen.

Bideoa (batzuetan argazki-irudien bidez muntatzen ditu), eskultura eta instalazioa ikertzeko modu gisa erabiliz, gorputzaren, espazioaren eta bien arteko harremanaren inguruan aurretik finkatuta ditugun zenbait nozio aztertuko ditu. 60ko eta 70eko hamarkadetako artista kontzeptual minimalista edo performatibo batzuen korronteak erreferentziatzat hartuta, artista honek eskulturaren kontzeptua zabaltzen duten zenbait gailu sortu ditu eta, horrela bada, espazioa antzemateko eta esperimentatzeko beste modu batzuk sortuko ditu. Zenbait egoera dokumentatu sortuz, ezinezkoa den horren baldintzak proposatuko ditu; horretarako, gorputzen eta horien ingurunearen arteko harremanetan diren ohiko koordenatuak aldatuko ditu. Lan batzuek pertzepzioaren eta zentzumenen prozesuetan jartzen dute arreta eta espazio eta entzumen itxuraldaketako egoerak eta efektuak sortuko dituzte, bai entzumenezko inguruneak sortuz, bai arkitektura mugikorrak edo aldi baterako arkitekturak sortuz, eta horiek inguruneko espazioarekiko harremana zalantzan jarrarazten digute.

Nazioarte mailan arte publikoaren inguruko zenbait esku-hartzetan parte hartu du, Vito Aconcci-ren proiektuen edo beste artista batzuen proiektuen bidez.  Sergio Prego banakakoak ditu Sienako Palazzo delle Papessen, Bilboko Rekalde Aretoan eta Napoliko Alfonso Artiaco, Koloniako Buchman edo New Yorkeko Lombard-Freid Fine Arts galerietan.

Xabier Sáenz de Gorbea (Areatza, 1951)


Xabier Sáenz de Gorbearen ibilbidea luzea eta saiatua izan da euskal arte modernoaren eta garaikidearen eremuetan, eta adibidez arte kritiko, komisario, ikerlari, sustatzaile eta Arte Ederretako fakultateko irakasle izan da.

Arte kritiko moduan, epaimahaiak prentsan eta aldizkari espezializatuan luze aritu dela aitortu du.  Laurogeiko hamarkadatik ia ehun erakusketen komisario izan da; erakusketa gehienek lotura dute euskal arte moderno eta garaikidearekin; horien guztien artean ondokoak nabarmendu ditzakegu: Guiard, Arteta, Tellaeche, Lucarini, Oteiza, Basterretxea, Ortiz de Elgea, Dionisio Blanco, Mikel Díez Alaba, Iñaki de la Fuente eta beste batzuei eskainitakoak. Saiakera eta monografia anitz idatzi ditu euskal artista horien eta beste batzuen inguruan. Gainera, Remigio Mendibururen obra katalogatu du.

1971. urtean Windsor galeriaren fundatzailetako bat izan zen, Euskal Artisten Elkarteko (1983. urtean sortu zen) kide aktibo izan zen eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Kontseiluaren aholkulari izan zen 1988tik 1991erako epean. Gainera, Eguzki Argitaraldiko arte aholkularia da, zenbait katalogo eta kartel diseinatzen ditu eta ETBrako eta Bizkaiko Foru Aldundirako arteko bideoen gionista eta errealizadore izan da. Halaber, ondoko meritua ere badu: hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetako euskal arte garaikideko agiriak, kartelak eta aldizkariak bildu eta artxibatzen ditu, eta jarduera hori ez zaio askotan aitortu; horiek guztiak, azterketa kritikorako eta geroko oroimenerako funts oso baliotsua osatu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)