Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

988 pertsona gutxiago langabezian maiatzean, Euskadin

2012.eko ekainak 04

 

 

  • Urte arteko bilakaerarik onena duen bigarren erkidegoa da Euskal Autonomia Erkidegoa, Kataluniaren atzetik
  • "Enplegua aurkitu dutenen erdiak baino gehiago gazteak dira", nabarmendu du Plangintza eta Enpleguko sailburuorde Javier Ruizek

Maiatzean Euskadin 988 gutxiago daude langabezian; beraz, langabeziak % 0,61 egin du behera aurreko hilabetearekin alderatuta, eta, guztira, 160.908 dira enplegu-eskatzaileak. Espainia osoan, 30.113 pertsona gutxiago daude langabezian, eta guztira 4.714.122 pertsona dira.

Lurraldeen arabera, Bizkaiak izan du emaitzarik onena 823 pertsona gutxiagorekin (% -0,90), eta Araban eta Gipuzkoan 116 eta 49 pertsona gutxiago daude langabezian, hurrenez hurren (% -46 eta % -0,11).

Urte arteko datuei dagokienez, langabeziak % 8,47 egin du gora EAEn eta ehuneko hori Estatu osokoa (% 12,52) baino askoz ere txikiagoa da. Langabeziaren hazkunde txikiena duen bigarren erkidegoa da Euskal Autonomia Erkidegoa, Kataluniaren atzetik (% 5,98).

Plangintza eta Enpleguko sailburuorde Javier Ruizek beherakada aztertu du eta azpimarratu duenez, "langabeziak behera egin du Euskadin bigarren hilabetez jarraian eta nabarmentzekoa da langabezian egoteari utzi diotenen erdiak baino gehiago gazteak direla". Era berean, Ruizek gogorarazi duenez "urte arteko datuei dagokienez, Kataluniak soilik du Euskadik baino bilakaera hobea".

"Dena den, datu positibo horiek ezin digute ahaztarazi krisialdi ekonomiko larriko egoeran murgilduta gaudela. Aurreko urteetako hilabete beretako bilakaera hobea izan zen, eta horrenbestez, Lanbidek ez du etsiko enplegua sortzeko eta langabeak artatzeko bere ahaleginean", Plangintza eta Enpleguko sailburuordeak azpimarratu duenez. "Espero dugu Euskadiko udal guztien eta Eudelen lankidetzarekin martxan jartzen ari garen erakunde arteko konpromiso handiak enplegua sortzea ahalbidetuko duela tokiko garapen-planen eta langabeei emango zaien arreta hobearen bidez".

Maiatzean Euskadin izan diren langabezia-datuei dagokienez, 624 gizon gutxiago daude langabezian (% -0,79). Emakumeen artean, aldiz, 364 gutxiago (% -0,44).

Adin-tarteen arabera, 858 pertsona gutxiago daude langabezian 25-45 urteko tartean (% -1,01). 25 urtetik beherako tartean ere gutxitu egin da (367 pertsona gutxiago, % -2,64). Aitzitik, gora egin du 45 urtetik gorakoen artean (237 pertsona, % 0,38).

Aurreko hilabetean, sektoreen arabera izandako langabezia 452 pertsonatan gutxitu zen zerbitzuetan, jaitsiera izan zuen halaber industria-sektorean (243 pertsona), eraikuntza-sektorean (139 pertsona), aurreko enplegurik gabeko pertsonen artean (66 pertsona gutxiago) eta lehen sektorean (88 pertsona gutxiago).

Jardueraren arabera banatuta, nabarmentzekoa da langabeziaren beherakada jarduera profesional, zientifiko eta teknikoetan (212 pertsona), erakinen eraikuntzan (157 pertsona), material-fabrikazioan eta ekipo elektrikoan (80 pertsona), nekazaritza eta abeltzaintzan (66 pertsona), elikagaien industrian (57 pertsona) edo ikerketa eta garapenean (57 pertsona).

Eskualdeen arabera, langabeziaren beherakada nabarmenagoa izan da Ezkerraldean (218 pertsona gutxiago langabezian), Gobelan (121 pertsona), Ibaizabalen (94 pertsona) eta Bilbon (82 pertsona).

Gizarte Segurantzako afiliazioa

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, apirilean baino 1.971 afiliatu gehiago daude (% 0,22); beraz, Euskadin 908.063 afiliatu daude guztira. Araban % 0,51 igo da afiliazioa, Bizkaian % 0,23 eta Gipuzkoan % 0,05.

Urte arteko terminotan, Euskal Autonomia Erkidegoaren afiliazio-galera % 2,34 da, Estatu osoari dagokionarekiko oso azpitik, % 3,39 baita Estatu osoarena, eta afiliazio-galera txikiena duen bigarren autonomia-erkidegoa da Madrilen atzetik (% -1,97) 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan