
Etxebizitza Saila azkentzen ari da zuzkidura-apartamentuetarako Eusko Jaurlaritzaren belaunaldien arteko bizikidetza-eredu berria
- Lehenengo promozioa Loiolako Erriberakoa izango da, 83 apartamenturekin: 55 gela bakarrekoak, gazteentzat, eta 28 bi gelakoak, lehentasunez, beren jabetzako etxebizitza Bizigune programari lagatzen dioten adineko pertsona autonomoentzat
- Alokabidek eredu berritzaile hori bultzatzen du Euskadiko etxebizitza-parke publikoan, bizitegi-problematikari modu transbertsalean erantzuteko, eta, aldi berean, gutxiegi erabiltzen diren etxebizitzak atzematen laguntzen du, klase ertainen eta eskuratzeko zailtasun handienak dituzten pertsonen eskura jartzeko, Biziguneren bidez
Loiolako Erriberako etorkizuneko zuzkidura-apartamentuen xedeari eta esleipen-ereduari buruz sortutako nahasmenaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak egokitzat jotzen du ohar argigarri bat egitea Alokabide alokairuaren agentzia publikoaren bidez sustatuko duen belaunaldien arteko bizikidetza-eredu berriaren inguruan.
Ekimen berritzailea da etxebizitzaren euskal parke publikoaren barruan, eta lehen mailako bi errealitate soziali erantzuteko sortua da: alde batetik, gazteek emantzipatzeko eta etxebizitza eskuragarria lortzeko gero eta zailtasun handiagoak dituzte; eta, bestetik, kasu askotan beren egungo premiekin bat ez datozen etxebizitzetan bizi diren adineko pertsona autonomoei bizitegi-aukera egokiak, irisgarriak eta sozialki aktiboak eskaintzeko beharra dago.
Eredua ideia sinple baina irismen sozial handiko batetik abiatzen da: etxebizitza ulertzea, espazio fisiko gisa ez ezik, tresna gisa ere komunitatea eraikitzeko, belaunaldien arteko loturak indartzeko, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko eta dagoen etxebizitza-parkearen erabilera optimizatzeko. Horrela, gazteen eta adinekoen arteko bizikidetza ulertzen da elkarri laguntzeko, esperientziak trukatzeko eta egunero lagun egiteko formula gisa, ingurune seguru, irisgarri eta egokitu batean.
Gazteen sarbidea zuzkidura-apartamentuetara
Zuzkidura-apartamentuak, euren izaeraren arabera, baliabide publiko bat dira, eta baliabide hori sortu da, lehentasunez, gazteek eta bizitoki eskuragarriaren premia egiaztatua duten eta emantzipatzeko bidean dauden beste kolektibo batzuek etxebizitza aldi baterako eskura dezaten errazteko. Esparru horretan, gazteek kolektibo nagusi izaten jarraituko dute horrelako bizitegi-baliabideen adjudikazioan.
Gaur egun, adjudikazio-sistemak Etxebideren indarreko araudia bete behar du. Araudi horrek, gaur egun, gazteentzako % 40ko gutxieneko kupoa ezartzen du Alokabidek kudeatzen duen bizitegi-parkean. Ehuneko hori, gainera, indartu egingo da Premiazko Neurrien Dekretua indarrean jartzen denean, gazteentzat gordetako gutxieneko kupoa % 50eraino igoko baitu.
Beraz, azpimarratu behar da zuzkidura-apartamentuek txandakako egoitza-baliabidea izaten jarraitzen dutela, bereziki gazteen emantzipazioa bultzatzera bideratua. Belaunaldien arteko eredu berriak ez du bokazio hori aldatzen, baizik eta dimentsio sozial erantsi batekin osatzen du, eta adineko pertsona autonomoentzako irtenbide espezifikoak ere txertatzen ditu xede horretarako diseinatutako sustapenetan.
Adineko autonomoen sarbidea eta Bizigunerekiko lotura
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatutako belaunaldien arteko ereduak berrikuntza garrantzitsu bat sartzen du: adineko pertsona autonomoei bi gelako apartamentu jakin batzuetara sartzeko aukera ematea, betiere bizitegi-egokitasunaren, autonomia pertsonalaren eta interes orokorrari egindako ekarpenaren logikatik, beren etxebizitza Bizigune programari lagata.
Bi gelen tipologiak ideia horri erantzuten dio, hain zuzen: bizitegi moldakorragoa eta hobeto prestatua eskaintzea, lagun egiteko beharretan gerta daitezkeen aldaketetarako, ereduak bilatzen dituen konforteko, irisgarritasuneko eta bizitza independenteko baldintzak galdu gabe.
Hala ere, zehaztu beharra dago une honetan Etxebideren indarreko araudiak ez duela baimentzen, oro har, etxebizitza bat jabetzan duten pertsonak inskribatzea. Errealitate horretaz jabetuta, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila Etxebideren Aginduaren erreforma prestatzen ari da, etxebizitza jabetzan duten 70 urteko edo gehiagoko pertsonei zuzendutako salbuespen espezifiko bat sartzeko, betiere etxebizitza Biziguneren esku jartzen badute, autonomia pertsonala mantentzen badute eta eredu horretara egokitutako bi gelako bizitegiak badaude. Aldaketa horrek ahalbidetuko du formula honi segurtasun juridiko handiagoa eta arauzko egokitzapena ematea, helburu baitu, hain zuzen ere, etxebizitza-parkearen efizientzia soziala hobetzea eta eskaintza eskuragarria handitzea, hutsik dauden edo gutxiegi erabiltzen diren etxebizitzak mobilizatuta.
Loiolako Erribera: eredu honen lehen esperientzia
Loiolako Erriberako sustapena izango da Euskadin eredu hau gauzatuko duen lehena. Proiektuak 83 zuzkidura-apartamentu aurreikusten ditu, eta horietatik 55 gela bakarrekoak izango dira eta 28 bi gelakoak. Lehenengoak bideratuta egongo dira, batez ere, gazteei zuzkidura-araubideko eta txandakako bizitoki eskuragarri bat lortzen laguntzera. Bigarrenak belaunaldien arteko ikuspegi berrian sartzen dira, eta 70 urtetik gorako pertsona autonomoei zuzenduta egongo dira, baldin eta euren borondatez beren uneko bizi-egoerara hobeto egokitutako etxebizitza batera joatea aukeratzen badute eta beren jabetzako etxebizitza Bizigune programaren esku jartzen badute.
Horrela, ereduak, etxebizitza eskuragarri bat behar dutenentzako bizitegi-aukerak zabaltzeaz gain, aukera ematen du gaur egun gutxiegi erabiltzen diren etxebizitzak mobilizatzeko eta alokairu babestuan sartzeko, Biziguneren bidez. Hortaz, eragin bikoitzeko politika publiko bat da: adineko pertsonentzako bizitegi-ibilbide egokiagoak errazten ditu eta, aldi berean, herritarren zerbitzura egongo diren etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzen du.
Bizitegi-dimentsio horrekin batera, ekimenak bokazio komunitario nabarmena du. Eredu honen pean sortutako eraikinek irisgarritasun unibertsaleko eta zerbitzu partekatuetako irizpideak beteko dituzte, eta parte-hartzea, inklusioa eta autonomia pertsonala erraztera bideratutako bizikidetza-logika bati erantzungo diote. Helburua da bizitoki-ingurune kohesionatuagoak, jasangarriagoak eta sozialki aberasgarriagoak sortzea, bizitza komunitarioari irekiak eta gure garaiko erronka demografiko eta sozialei hobeto erantzuteko gai izango direnak.
Hala, Loiolako Erribera izango da Eusko Jaurlaritzak zuzkidura-apartamentuetan sustatutako belaunaldien arteko bizikidetzaren lehen esperientzia. Haren diseinuak honako hauek konbinatzearen aldeko apustu argi bati erantzuten dio: gazteen emantzipazioa, zahartze aktiboa, irisgarritasuna, gizarte-kohesioa eta etxebizitzen mobilizazioa alokairu eskuragarrirantz.
Zehazki, aurreikuspenen arabera, sustapenak barne hartuko ditu gazteentzako gela bateko 55 apartamentu eta Bizigune programari etxebizitza utziko dioten adineko pertsona autonomoentzako bi gelako 28 apartamentu. Hori guztia antolatu beharko da, nolanahi ere, adjudikazioaren unean indarrean dagoen araudiaren eta Saila eredu berri honen erabateko hedapena errazteko sustatzen ari den arau-hobekuntzen arabera.
Adierazi beharra dago Sailak eta Donostiako Udalak 300 zuzkidura-apartamentuko hasierako hitzarmen bat sinatu zutela, honela banatuta: 180 Morlansen eta 120 Loiolako Erriberan. Erriberarako proiektua ezagutzera eman zenean, auzotarren erantzunaren ondorioz dorreen altuera berrikusi zen, hura auzoan dauden eraikinen altuerekin parekatzeko.
Birdimentsionamendu-prozesu horretan, proiektuak altueren berrikuspena apartamentuen tamainarekin konbinatu zuen, berrikuspen horrek sustapenaren bizitegi-ahalmenean eragin handirik izan ez zezan. Horrela, gela bateko apartamentuak lehenetsi ziren, tipologia horretako 55 apartamenturekin, eta adineko pertsona autonomoentzat egokitzat jotako bi gelako 28 apartamentu ziurtatu ziren. Azken konfigurazio horretarako, Udalak berak, birdimentsionatutako proiektua baliozkotu ondoren, obra-lizentzia eman dio Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzak ziurtasunez lan egin nahi du laster hartuko dituen zuzkidura-apartamentuen bi proiektuei buruzko informazio zehatza behar duen auzo batean. Horrez gain, hegoaldeko partzelarako bileren plan bat aktibatu da jadanik. Horren helburua da zehaztea nola integratuko den herritarren parte-hartzea bizilagunentzako apartamentu eta zuzkidura kritikoen kopurua finkatuko duen prozesuan.
Hala, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak berretsi egiten du etxebizitza-politika publiko berritzaile, errealista eta sozialki erabilgarrien aldeko apustua, Euskadiko bizitegi-erronkei modu transbertsalean erantzuteko gai diren politiken aldekoa, hain zuzen. Belaunaldien arteko bizikidetza ez da soilik bizitegi-formula bat: tresna bat ere bada komunitatea indartzeko, dauden baliabideak hobeto aprobetxatzeko eta etxebizitza-parke publiko inklusiboago, irisgarriago eta kohesionatuago baterantz aurrera egiteko.


