Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak 30 urtetik gorako emakumeei zuzendutako zerbixeko minbiziaren baheketarako laginak norberak hartzeko sistema martxan jarriko du uda baino lehen

2026-03-04

EMAKUMEA ETA OSASUNA

MARTXOAK 4, GIZA PAPILOMAREN BIRUSAZ KONTZIENTZIATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA

  • Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Osakidetza proiektu pilotua prestatzeko azken urratsak ematen ari dira Donostialdean eta Tolosaldean, eta gero Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia osora zabalduko da
  • Giza Papilomaren Birusa (GPB) detektatzeko laginak norberak hartzeko sistema horrek aukera ematen dio emakumeari berak har dezake lagina, banaka eta bere etxean. Estrategia eraginkorra da zerbixaren baheketaren irisgarritasuna errazteko eta parte-hartzea areagotzeko
  • Osakidetzaren Zerbixeko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak aukera ematen du gaiztotu aurreko lesioak detektatzeko, gutxi gorabehera 1.000 emakumetik 6ko maiztasunarekin. Programan parte ez hartzea utero-lepoko minbizia garatzeko arrisku-faktore aldagarri nagusia da
  • Zerbixaren baheketako GPBaren laginak norberak hartzeko proiektua Euskadiko Osasun Itunaren onkologiako ildo estrategikoaren eta 2025-2030 aldirako Euskadiko Plan Onkologikoaren helburu estrategikoen barruan kokatzen da

Uda baino lehen, Osasun Sailak eta Osakidetzak giza papilomaren birusa (GPB) detektatzeko laginak norberak hartzeko proiektu pilotua abiaraziko dute zerbixeko minbiziaren populazio-baheketaren programaren barruan. Ekimen hori aitzindaria da Euskadin, eta Donostialdean eta Tolosaldean hasiko da. Hasiera batean, aurretik baheketa-programan parte hartu ez duten 1.500 emakume ingururi zuzenduta egongo da. Ekimenaren helburuak programaren irisgarritasuna erraztea eta parte-hartzea handitzea izango dira.

Zerbixeko minbizia detektatzeko laginak norberak hartzeko pilotua 3 hilabeteko iraupena izango du, aurreikuspenen arabera. Lehen fase hori amaituta, Osakidetzako baheketen koordinatzailearen aurreikuspenen arabera, Gipuzkoako gainerako lurraldeetara eta beste lurralde historikoetara, hots, Arabara eta Bizkaira, hedatuko da modu progresiboan.

Emakumeak, proiektuaren protagonistak: etxera gutun pertsonalizatua eta laginak norberak hartzeko kita bidaltzea

Laginak norberak hartzeko proiektu pilotua honako hauei dago zuzenduta: Donostialdean eta Tolosaldean bizi diren eta baheketara gonbidatuak izan arren, proba egitera bertaratu ez diren 30 urtetik gorako emakumeak. Horretarako, gonbidapen-gutun pertsonalizatu bat bidaliko da, eta, aldi honetan, aukera berri bat eskainiko zaie giza papilomaren birusaren (GPB) testa egiteko, hots, laginak norberak baginatik hartzeko prozedura.

Laginak norberak hartzeko teknika erraza da, eta aukera ematen dio emakumeari baginako lagina etxean jasotzeko, modu seguruan eta pribatuan. Lagin horiekin, GPBaren presentzia aztertuko da, hori baita zerbixeko minbizi kasu gehienen arrazoia.

Baheketarako gonbidapen-gutunarekin batera, emakumeek laginak norberak hartzeko kit bat jasoko dute etxean. Kit hori honako hauek osatzen dute: hartualdia egiteko gailu bat (hisopoa), lagina biltzeko hodi esteril bat eta garraioa egiteko estalki-ontzi bat. Informazio-liburuxkaren jarraibideei jarraituz gero, kitak lagina etxean bertan eta erraz-erraz jasotzea ahalbidetzen du.

Prozedura mingabea, azkarra eta egiteko oso erraza da, zientifikoki egiaztatuta dago, eta horrela hartutako laginak profesional sanitario batek hartutakoak bezain fidagarriak dira.

Lagina hartu ondoren, zure inguruko osasun-zentro batera eraman behar duzu. Ondoren, programaren ohiko kanalen bidez jakinaraziko zaizkie emaitzak emakumeei; hau da, bai SMS mezuen bidez, bai telefono bidez.

Laginak norberak hartzeko prozeduraren helburu nagusia da emakumeek zerbixeko baheketa ez egiteko maiz adierazten dituzten oztopoak murriztea. Oztopo horien artean denbora falta, kontsultara bertaratzeak eragiten duen deserosotasuna eta kontsultara joateko zailtasuna daude. Ondorioz, prozedura honen bidez, zerbixeko minbiziaren detekzioa erraztuko da; izan ere, minbizia eragin dezaketen lesioak goiz detektatzeko aldizkako probak eginez gero, utero-lepoko minbizia % 80an murritz daiteke.

Zerbixeko baheketaren GPBa detektatzeko laginak norberak hartzeko proiektua Euskadiko Osasun Itunaren onkologiako ildo estrategikoarekin dago lerrokatuta eta 2025-2030 aldirako Euskadiko Onkologia Planaren helburu estrategikoen parte da.

Zerbixeko minbiziaren baheketa Euskadin, aitzindaria Estatuan

Euskadiko zerbixeko minbiziaren baheketa aitzindaria da estatutan, eta, nazioarteko populazio-programen artean, antolaketa-heldutasun handienetako bat da; izan ere, erreferentea da bere esparruan.

Programaren ibilbidean zehar, Zerbixeko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak erakutsi du are % 80ko murrizketa eragiten duela gaixotasun horren intzidentzian eta heriotza-tasan. Euskadin, 2018. urtetik, zerbixeko minbiziko 700 kasu inguru detektatu dira. Horietatik % 60 inguru baheketa-proba behar bezala egiten ez zuten emakumeei diagnostikatu zitzaizkien.

Zerbixaren baheketa-programaren helburu nagusia prebentzioa da; izan ere, detektatzen diren lesioei tratamendu goiztiarra ematen bazaie, kasu gehienetan tumoreak sortzea saihesten da.

Minbizia baheketa-proben bidez detektatzen denean, kasuen % 75ean baino gehiagotan hasierako faseetan diagnostikatzen da, eta horrek nabarmen hobetzen ditu pronostikoa eta bizi-kalitatea. Uste da baheketa-programak gaiztotu aurreko lesioak (oraindik ere minbizia garatu ez duten alterazioak) identifikatzea ahalbidetzen duela  aztertutako 1.000 emakumetik 6tan, gutxi gorabehera. Testuinguru horretan, utero-lepoko minbizia garatzeko arrisku-faktore aldagarri nagusia programan parte ez hartzea da.

Zerbixeko baheketa-programaren parte-hartzeari dagokionez, Euskadin gonbidatutako emakumeen % 70 inguruk parte hartzen du, Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutakoarekin bat eginda.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2026-03-04

    Comentario de X:
    🔵 Osakidetzak 30 urtetik gorako emakumeei zuzendutako zerbixeko minbiziaren baheketarako laginak norberak hartzeko sistema martxan jarriko du uda baino lehen

    https://t.co/1WvfA4mxMu

  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2026-03-04

    Comentario de X:
    🔵 Osakidetza pondrá en marcha antes del verano la autotoma del cribado de cáncer de cérvix dirigido a mujeres de más de 30 años

    https://t.co/nM7hihOxEz

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak