Berriak
Eu

Immigrazioari eta Indarkeria matxistari buruzko lehenengo Jardunaldia

2012.eko ekainak 04

Asteazkenean (ekainak 6), Donostiako Kursaal Jauregian

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak Immigrazioari eta Indarkeria matxistari buruzko lehenengo Jardunaldia antolatu du. Jardunaldi hori datorren asteazkenean izango da, ekainaren 6an. Ekitaldia Donostiako Kursaal Jauregian egingo da, eta horren helburua emakume etorkinek jasaten duten genero-indarkeriari eta arazo horri aurre egiteko estrategiei buruzko eztabaida eta gogoeta sustatzeko eremua sortzea da.

Immigrazioari eta Indarkeria Matxistari buruzko Jardunaldia 09:30ean inauguratuko da, eta inaugurazio hori honako hauek egingo dute: Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria den Mariola Serranok eta Eusko Jaurlaritzako Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko zuzendaria den Miguel Ángel González-ek.

Jardunaldia goizeko eta arratsaldeko saioetan egingo da, eta, funtsean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloan lan egiten duten profesionalei zuzenduta dago. Topaketa honekin, helburu hauek lortu nahi dira:

  • Genero-indarkeria giza eskubideen urraketa larria da, eta horri buruz informatzea, kontzientziatzea eta sentsibilizatzea da helburuetako bat.
  • Emakumeen kontrako indarkerien testuinguru unibertsalean sakontzea.
  • Genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko esku hartzeko eredu desberdinen artetik, emakume etorkinentzat egokienak zeintzuk diren jakitea.
  • Emakume etorkinei laguntzeko jarraibide egokiak identifikatzea.
  • Interakzio- eta elkarrizketa-eremua sortzea, laguntza eta erantzuna emateko esperientziak trukatzeko xedearekin.

Esparru-hitzaldia 10:00etan izango da, eta honi buruz jardungo du: "Migración femenina y violencia contra las mujeres inmigrantes" (Emakumeen migrazioa eta emakume etorkinen aurkako indarkeria). Hitzaldi hori Miguel Ángel Mateok emango du, Alacanteko Unibertsitateko Gizarte Langintza eta Gizarte Zerbitzuak Saileko irakasle titularrak.

11:00etan, hitzaldi hau aurkeztuko da: "Mecanismos de protección: Ley de Extranjería L.O. 4/2000 y Ley Integral L.O. 1/2004" (Babes-mekanismoak: 4/2000 LO Atzerritartasun Legea eta 1/2004 LO Lege Integrala). Hitzaldi hori emakumeen giza eskubideetan espezializatuta dagoen eta jurista eta ikertzailea den María Naredo-k emango du.

Jarraian, 12:30ean, "Atención a las mujeres inmigrantes víctimas de V.G: retos" (Genero-indarkeriaren biktimak diren emakume etorkinentzako laguntza: erronkak) gaiari buruzko mahai-ingurua egingo da, eta hauek parte hartuko dute: antropologoa eta genero-arloan espezialista den Angela Botero-k, Garaipen talde feministako kidea den Ana Murcia-k, eta bitartekoa eta gatazkak konpontzen aditua den Sakina Souleimani Chergui-k.

Arratsaldeko lehenengo hitzaldia 16:00etan izango da, eta gizarte-komunikazioan lizentziatua eta Indera Fundazioaren zuzendaria den Sara Cuentas-ek emango du. Hitzaldia honi buruzkoa izango da: "Prevención de la violencia contra las mujeres inmigrantes" (Emakume etorkinen aurkako indarkeriaren prebentzioa).

17:00etan, Emakume Progresisten Federazioko presidentea den Yolanda Besteiro de la Fuente-k gai hau garatuko du: "Pautas y buenas prácticas en la atención a mujeres inmigrantes víctimas" (Biktima diren emakume etorkinei laguntza emateko jarraibideak eta jardunbide egokiak).

17:50ean, ekitaldiari amaiera emateko, Virginia Imaz-ek jardunaldiaren ondorioak (CLOWNclusiones) azalduko ditu, eta, ostean, jardunaldiaren amaiera ofiziala egingo da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko