
Eusko Jaurlaritzak Ekialde Hurbileko krisiak duen eragina monitorizatzen du, “enpresa-saretik hurbil egoteko"
Noël d’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzetako sailburuak zuhurtasunerako eta elkarrizketa multilateralerako deia egin du, Ekialde Hurbilean gerrak gora egitearen aurrean. Gerra horren ondorio ekonomikoak eta giza ondorioak izan zituen ardatz atzo SER katearen “La Ventana Euskadi” programan izandako elkarrizketan.
D’Anjou sailburuak “oso arriskutsutzat” jo zuen “aurreikusi ezin diren ondorioak izango dituen gerra-egoera” hori, eta, batik bat, “errugabeen heriotzaren” gaineko kezka adierazi zuen. Europar Batasunaren balioen ildotik, sailburuak “deseskalatzearen, indarraren erabilera murriztearen eta elkarrizketa multilateralaren alde” egin zuen. “Europar Batasunaren berezko balioei eutsi behar diegu: demokrazia, bakea eta gizarte-kohesioa. Lehenik, pertsonek kezkatzen gaituzte”, azpimarratu zuen.
Arlo ekonomikoan, sailburuak zehaztu zuen Eusko Jaurlaritza inplikazioen “monitorizazio eta analisi” fasean dagoela. Euskadiren gaineko zuzeneko eragina inguru horrekin duen kanpo-merkataritzaren % 5era mugatzen bada ere, Ogasuneko sailburuak zeharkako arriskuez ohartarazi zuen, batik bat energiaren arloan, eskualde horretan biltzen baita munduko energia-ekoizpenaren % 20.
“Ormuzeko itsasartea ixteak ondorio globalak izango lituzke eta eragina izango luke Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen zein enpresen gainean. Izatez, kostuak handiagoak izango lirateke, marjinak murriztuko lirateke eta energia-kontsumoarekin sentikorrak diren sektoreei eragingo lieke”, adierazi zuen. Panorama horren aurrean, Noël d’Anjou sailburuak aditzera eman zuenez, “Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-sarearekin harremanetan dago, inpaktua ebaluatzeko eta enpresetatik hurbil egoteko”. Edonola ere, aitortu zuen “goizegi” dela Ukrainako gerran aktibatutakoen gisako neurri zehatzak edo egoerak aurreratzeko.
Etxeko egoerari erreparatuta, eta Finantzen Euskal Kontseiluak egin berri duen bileraren ondoren, diru-bilketan izan dezakeen eraginaz galdetu zitzaion. Sailburuak adierazi zuen Sozietateen gaineko Zergak uzkurtze-zantzuak erakutsi bazituen ere, goiz dela Barne Produktu Gordinaren gainean izango duen eraginari buruzko zenbatespen fidagarriak egiteko.
Euskal Finantza Aliantzaren balantze positiboa
Elkarrizketan zehar, d’Anjou sailburuak Euskal Finantza Aliantza abian jarri eta lehen urtean izandako mugarrien errepasoa ere egin zuen, eta egindako bidearen “balorazio positiboa” egin zuen. “Indartuz sozietatea, eskalagarritasun-programa edo Finkatuz funtsa gisako finantza-tresna berriak sortzeko gai izan gara, herriaren finantza-gaitasunarekin bat etorrita”, zehaztu zuen.
Ildo horretan, berretsi zuen bere sailak “diskrezioz” hitz egiten duela Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeekin (BGAE) inbertsio-bitarteko berrietan parte hartzeko, eta “ziur nago elkarrizketa horrek laster emango dituela emaitzak”.
Finkatuz funtsaren jarduerari buruz, sailburuak adierazi zuen “etengabe” monitorizatzen dela enpresa-aukeren zorroa. Eragiketa zehatzik baieztatu gabe, “baldintzak betetzen direnean”, eta beti “inbertitzaile frogatuekin”, jardutearen alde agertu zen, eta adibide positibo gisa azaldu zuen duela gutxi itxi den UVESCOren operazioa; “Eusko Jaurlaritza atzean egon zen, baina inbertitzaile pribatuek sortu dute partzuergoa”.
Tubos Reunidosen egoerari buruz, Noël d’Anjou argia izan zen; Finkatuz funtsaren inbertsio-profiletik bereizi zuen, epe luzera eta sektore estrategikoetara bideratzen baita. Dena dela, konpainiaren aldeko mezua helarazi nahi izan zuen: “Jauregi sailburuak esan duen moduan, haiengandik hurbil gaude. Irtenbideak erraztu nahi ditugu, baina zorpetze-maila handia duenez gero, epe luzera proiektu bideragarria dela bermatuko duen berregituraketa egin behar da. Behin bideragarritasun hori bermatzen denean, proiektua babesteko moduan izango gara”.



