Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzaren Etorgai Programak laguntzak eman ditu 684 enpresak 500 milioi inberti dezaten I+G+b-n

2012.eko ekainak 06

Bernabé Unda sailburuak gaur bertan azaldu ditu Legebiltzarrean Etorgairen,  hots, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren I+G-ko programa izarraren xehetasun guztiak. I+G-ko proiektuak sustatzeko laguntza-ildo honek 684 euskal enpresari lagundu die azken lau urteetan. Sailburuak esan duenez, emaitzak "oso garrantzitsuak" dira.

Enpresen aurreikuspenen arabera, onartutako proiektuek I+G-ko 1.500 lanpostu egonkor, 416 patente eta 900 produktu berri sortuko dituzte. Gainera, inpaktu erantsi bat lortuko omen da, 68 enpresa berri sortuko direlako eta enpresa horiek sinetsirik daudelako une honetan fakturatzen dutena baino 1.689 milioi euro gehiago fakturatuko dutela eta 3.000 enplegu berri sortuko dituztela. Baita ere espero dute beren esportazioak %55 handitzea eta 350 negozio-ildo berri sortzea.

Azken lau urte hauetan, Eusko Jaurlaritzak 132 milioi euro esleitu dizkio Etorgai programari, eta kopuru horrek 385 milioiko inbertsioa eragin du bakarrik I+G-n. Hau da, Jaurlaritzak inbertitutako euro bakoitzeko, ekimen pribatuak 2,5etik gora euro ematen ditu. Onartutako proiektuetan mobilizatu den I+G+b-ko kopuru osoa 501.805.052 eurokoa izan da.

Etorgai programak Euskadiko industria arloko I+G-ko proiektu onenak aukeratzen ditu, kanpoko ebaluatzaile profesionalek eginiko aukeraketa baten bidez, eta baldintza batzuk ezartzen dizkie enpresei. Besteak beste, enpresen, teknologi zentroen eta unibertsitateen arteko lankidetzako proiektu estrategikoak eta urte anitzekoak izan behar dute eta trakzio-efektua eragin behar dute euskal ekonomian.

Etorgaik eragina du euskal enpresetan, baina zuzeneko onurak sortzen ditu baita ere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean, hau da, teknologi zentroetan, enpresako eta osasun arloko I+G unitateetan, ikerketako organismo publikoetan, laborategietan, EBZetan, unibertsitateetan, eta abarretan. Programaren bidez onartutako proiektuek posible egin dute 27,3 milioi euro erabiltzea Sareko agenteak azpikontratatzeko 2011. urtean bakarrik, eta zenbateko hori 100 milioiraino heltzen da kontuan hartzen badira 2008tik hona egin diren lau deialdiak.

Batez ere hauek izan dira Etorgai programaren laguntzak jaso dituzten sektoreak: Energia (%26), Telekomunikazioak (%21), Biozientziak (%17) eta Automozioa (%16), eta baita ere Makina-erreminta, Ingurumena, Ikus-entzunezkoak eta Aeronautika.

I+G-ko programa hauetan gero eta enpresa txiki gehiagok parte hartzen dute. Izan ere, 2008ko deialdian %25 izatetik iaz %50 izatera igaro dira. Diru-laguntzen %34 jasotzen dute.   

101 proiektu onartu dira


Gorago aipatutako 684 enpresak 101 proiektu abiarazi dituzte 2008tik 2011ra bitarteko deialdietan. Lehen urtean 12 proiektu babestu ziren eta bigarrenean, aldiz, 17.  2010ean onartu ziren proiektu gehien, 40 hain zuzen, eta iaz 32.

Aurten 42 milioi euroko aurrekontua esleitu da eta, une honetan, behin proiektuak aurkeztuta daudelarik, ebaluaketa fasean gaude. 2012ko deialdira aurkeztutako proiektu kopuruak argi erakusten du euskal enpresek I+G-ren aldeko apustua egin dutela. 63 proiektu aurkeztu dira, hau da, iazkoaren aldean %147ko proiektu hazkundea erregistratu da, eta %163ko aurrekontu hazkundea.

Etorgai programa da lankidetza publiko-pribatuaren adibide onenetako bat, eta oinarrizko pieza da gainera berrikuntzaren euskal sisteman. Euskadik bere BPGtik I+G-ra bideratzen duen %2ko hesia gainditu du lehenengoz, eta EB-15eko Estatuen batez bestekoaren parean jarri da. Eusko Jaurlaritzak onartutako  2015erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak %3ra iritsi nahi du urte horretarako. Plan berrian jasotako aurreikuspenen arabera, 8.946 milioi euro mobilizatuko dira 2011 eta 2015 bitartean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda