Lozak uste du EPPKren komunikatuak "etsigarria" izan behar duela une historiko bat iragarria zutenentzat
Eusko Jaurlaritzako Bizikidetasunerako ordezkariak ez du “inongo berritasunik” ikusi presoen kolektiboaren adierazpenean, eta amnistia "ezinezkoa dela" berretsi du
ETAko presoen kolektiboak, EPPK-k, eman duen komunikatua “etsigarria” da Bizikidetasunerako ordezkari Jesús Lozaren ustez, eta bereziki etsigarria "inongo berritasunik ekarri ez duen” agiri honen argitaratzea "une historiko” bat izango zela iragarria zutenentzat. “Ezker abertzaleari, Amaiurri eta Bilduri, galdetu beharko litzaieke ea zer iruditzen zaien lehengoaren aldean inongo berritasunik ekarri ez duen komunikatu hau", esan du. Lozak uste du presoak “engainatzen ari direla, zeren eta amnistia ezinezkoa baita”, eta ezker abertzaleari erreklamatu dio ETAko presoei legea betetzeko eska diezaiela, birgizarteratzeko bidea egiten hasi nahi badute.