qrcode

Unibertsitateen kalitatea, nazioartekotzea eta konpromiso soziala, Unibertsitateen Lege Aurreproiektuaren ardatzak

2026-02-26
  • Pérez Iglesias sailburuak nabarmendu duenez, "irakasleen nazioarteko esperientziak eta oso maila handiko pertsonen erakarpenak nazioartean proiekzio eta ikusgarritasun handiagoa emango diete euskal unibertsitateei, eta funtsezko zeregina izango dute kalitate-faktore gisa".
  • Unibertsitateen legeak euskal unibertsitate guztien "sistema" izaera berresten du, eta euskal gizartearekin duen konpromisoa sendotzen du.
  • Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko lankidetza sustatzen du, unibertsitate-eremu komuna finkatzeari begira, eta Makroeskualde Atlantikoko unibertsitateekin loturak bultzatzen ditu.
  • Unibertsitate publikoko irakasleen "karrera akademiko estandarra" definitzen du, eta ospe handiko ikertzaileak erakartzea sustatzen du.
  • Unibertsitate-sistema osoaren egungo finantzaketa-ereduari eusten dio, eta zehatz-mehatz definitzen du unibertsitate publikoaren aurrekontu-nahikotasuna.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek gaur goizean aurkeztu du Unibertsitateen Lege Aurreproiektua, euskal unibertsitatea modernizatzeko eta nazioartekotzeko diseinatutako araudia hain zuzen.

2004ko Legearen pean bi hamarkada baino gehiago eman ondoren, aurreproiektuak arau-esparru berri bat ezartzen du, Euskal Unibertsitate Sistemaren (EUS) funtzionamendua, gobernantza eta proiekzioa birdefinitzen dituena, sistema kohesionatu, berritzaile, kalitatezko eta bere gizarte-, kultura- eta nazioarte-ingurunearekin lotutako sistema gisa sendotzeko helburuarekin.

Pérez Iglesias sailburuaren hitzetan, "araudi berriak oinarriak ezartzen ditu euskal unibertsitateek nazioarteko proiekzio eta presentzia irabazi, beren kalitatea areagotu eta euskal gizartearekin duten konpromisoa sendotu dezaten, Euskal Autonomia Erkidegoaren garapen ekonomiko, sozial eta kulturalean eragile erabakitzaile gisa duten eginkizuna are gehiago indartzeko".

Unibertsitate-sistemaren nazioarteko dimentsioa indartzen du aurreproiektuak, eta berrikuntza garrantzitsuak dakartza. Horrela, EHUko irakasle eta ikertzaileei dagokienez, testuak “ibilbide akademiko estandarra” ezartzen du, eta bi urteko egonaldia aurreikusten du atzerriko ikerketa-zentro edo unibertsitate entzutetsuetan. Gainera, nazioarteko esperientzia lehentasunezko meritua izango da irakasleak hautatzeko eta ebaluatzeko prozesuetan.

Era berean, Euskal Unibertsitate Sistema erreferente zientifiko gisa kokatzeko, zenbait figura sortzen dira, hala nola, ikertzaile iraunkorra eta ikerketa-profesorea, batez ere ikerketa-jardueran arituko dena, bai eta irakasle itzaltsuaren figura ere, nazioarteko maila goreneko pertsona akademikoak erakartzera bideratuta.

Aurreproiektuak tratamendu berezia ematen dio euskarari, eta "euskararen lurraldeko" unibertsitateen arteko lehentasunezko harremanak indartzearen eta ezartzearen alde egiten du. Apustu hori harreman kontzentrikoen eredu baten bidez egituratzen da, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, Makroeskualde Atlantikoa eta Euskal Diaspora barne hartzen dituena.

Berdintasunaren eta ongizatearen arloan, aurreproiektuak unibertsitateetan berdintasun-, aniztasun- eta ongizate-unitateak sortzea ezartzen du, ingurune akademiko inklusibo eta osasuntsuekiko konpromisoa indartuz. Era berean, konfiantzaren printzipioa jasotzen du; printzipio hori aplikatu beharko da izapideak eta administrazio-zama arintzeko.

Arlo akademikoan, berriz, Ikasketa Aurreratuen Zentro baten bidez Eusko Jaurlaritzak unibertsitate edo unibertsitate-zentro espezializatuak sustatzeko aukera aurreikusten da aurreproiektuan, goi-mailako ikasketa oso espezializatuak eta horien nazioarteko proiekzioa bultzatzeko.

Ikerketa eta transferentzia

Ikerketak funtsezko lekua du testu berrian, izan ere, lotuta baitoa ezinbestean prestakuntza-jarduerarekin. Berrikuntza-jarduera, berariaz, inpaktu soziala eragitera bideratutako ikerketa gisa definitzen da, eta printzipio gidari gisa kalitatearen eta garrantziaren nagusitasuna ezartzen da emaitzen kantitatearen aurrean. Era berean, autonomia funtzionala duten unibertsitateko ikerketa-zentroak aintzatesteko bidea irekitzen da, jarduteko gaitasuna sendotuz.

Aurreproiektuak irmo indartzen ditu ezagutzaren transferentzia, hedapena eta ekintzailetza eginkizunak, unibertsitatearen papera sendotuz berrikuntza sozial eta ekonomikoaren funtsezko eragile gisa.

Testuaren beste egitura-elementuetako bat euskal unibertsitateak sistematzat hartzea da, horrek koordinazioan eta plangintzan dituen ondorioekin. Alde horretatik, unibertsitateekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzari esleitzen zaio unibertsitate-ikasketen programazioa egitea, eskaintza ordenatua eta herrialdearen beharrekin bat datorrena bermatuz.

Sistema kohesionatu eta planifikatu horretan, Kalitatearen Euskal Agentziak (Unibasq) zeregin erabakigarria izango du, bera arduratuko baita nazioartean homologatu daitezkeen ebaluazio-estandarrak bermatzeaz. Gainera, kalitate-zigiluak sortzen dira, unibertsitate-sistemaren gardentasuna indartzeko eta gizarteari kontuak emateko.

Berritasunak baliabide ekonomikoen esleipenean

Testu berriak unibertsitate-finantzaketaren eredua eguneratzen du. Hartara, unibertsitate publikoaren ekarpen arrunta –oinarrizko funtzioak (irakaskuntza, ikerketa eta transferentzia) finantzatzera bideratutakoa– jarduera-mailaren araberakoa izango da, baina haren zenbatekoa handitu ahal izango da unibertsitateak baliabide propioak eskuratzen dituen heinean. Gainera, unibertsitate guztientzat berariaz gaitzen da pertsona fisiko edo juridikoen dohaintzetatik datozen ondare-funtsen etekinen bidez (endowments) finantzatzeko aukera.

Aurreproiektuak, halaber, aldaketa garrantzitsuak sartzen ditu baliabide ekonomikoen esleipenean. Horrela, unibertsitate publikoak kanpoko baliabideak erakartzea sustatzen da, irakasleek erakundearen misio estrategikoak betetzera bideratutako lanak egin ditzaten.

Ordainsarien eremuan, soldata-osagarriak zati finkagarri batean eta ez-finkagarri batean egituratuko dira, eta ordainsaria jarduerarekin eta merezimenduekin modu zuzenagoan lotuko da; hala ere, hala nahiago duten irakasle eta ikertzaileei aukera emango zaie egungo ordainsari-osagarrien ereduari eusteko.

Hemendik aurrera, Unibertsitateen Lege Aurreproiektuaren izapidetzea ekainaren 30eko 6/2022 Legean, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzkoan, aurreikusitakoa izango da. Horren barruan sartzen da, gobernu-fasean, orain parte-hartze publikoko prozesu bati ekitea, eta eragile interesdunen eta organo adituen alegazioak eta txostenak jasotzea. Ekarpen horiei erantzun ondoren, Eusko Jaurlaritzak lege-proiektu bihurtuko du testua, eta Eusko Legebiltzarrera igorriko du, Legebiltzarraren izapidetze-fasearekin jarraitzeko, harik eta lege gisa onartu arte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak