
Torres Lehendakariordeak dei egin du talentua politika publiko aktiboen bidez erakartzeko, atxikitzeko eta laguntzeko
- Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu du belaunaldien arteko erreleboa izango dela Euskadiko enpleguaren “motor nagusia” hurrengo hamarkadan, lan aukeren % 83 erretiroen ondorio izango baitira
Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak dei egin du gazteen talentua politika publiko aktiboekin erakartzeko, atxikitzeko eta laguntzeko, baita enpresaren, unibertsitatearen eta erakundeen arteko aliantzak lantzeko beharra ere, kalitatezko enplegua sortzeko lan merkatu erakargarrian, lehiakorrean eta berritzailean.
Deustuko Unibertsitateak gaur, asteazkena, Bilbon antolatutako XXI. Enplegu eta Ekintzailetza Foroaren inaugurazioan, Torresek ziurtatu du Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila eta Lanbide lanean ari direla “gazteei lan merkatura igarotzen eta enpresei talentua txertatzen laguntzeko”, hainbat programaren bidez.
Ildo horretan, Lehendakariordeak azpimarratu du inplikatutako eragile guztien arteko lankidetza “beharrezkoa” dela: “Unibertsitateak osatu, ikertu eta konektatu egiten du. Enpresek garapen profesionalerako benetako aukerak sortzen dituzte, eta erakundeok esparrua eta pizgarriak sortzen ditugu”. Eta haren esanetan, gazteak, “euren talentuarekin eta anbizioarekin, horren guztiaren motorra dira”.
Lanbideren Enpleguaren Euskal Behatokiaren datuen arabera, hurrengo hamarkadan 625.000 enplegu aukera baino gehiago sortuko dira, eta horietatik % 83 —524.000 baino gehiago— erretiroen ondoriozko ordezkapenetik etorriko dira. Lehendakariordearen hitzetan, fenomeno hori “Euskadiko enpleguaren motor nagusia izango da, hedapen ekonomikoa baino gehiago”.
Torresek azaldu duenez, ordezkapen hori manufaktura industrian, hezkuntzan, osasunean, gizarte zerbitzuetan, merkataritzan eta administrazio jardueretan kontzentratuko da bereziki, eta ostalaritza, logistika, turismoa, eraikuntza edo zientzia eta teknika jarduerak “hedapenagatik” haziko dira.
“Testuinguru zorrotza”
Lehendakariordearen esanetan, demografia eta lan testuingurua “zorrotza” da: 2036an, EAEko biztanleen ia % 30ek 65 urte baino gehiago izango dituzte, hau da, 2022an baino 155.000 adineko gehiago. “Zifra horiek ez gaituzte asaldatu behar”, adierazi du, “baina bai interpelatu, portzentajeen atzean pertsonak, zerbitzu publikoak eta ongizate kolektiboa daudelako”.
Talentu gazteari dagokionez, Torresek gogorarazi du Lanbideren datuek adierazten dutela 2024an euskal unibertsitate talentuaren % 83k lanean jarraitzen zuela Euskadin ikasketak amaitu eta hiru urtera, eta horrek esan nahi duela ikasketak amaitu dituzten seitik batek kanpoan garatzen duela haren ibilbide profesionala.
“Ez gaude odoljario baten aurrean, baina bai fenomeno selektibo baten aurrean”, azpimarratu du Lehendakariordeak. Kanpoan lan egiten duten pertsonek, proportzio handiagoan, lanaldi osoa, egonkortasuna, eta enpleguaren eta ikasketen arteko lotura handiagoa dute. Hau da, “ez da ausazko irteera bat, enpleguaren kalitateari lotutako erabakia baizik”.
Ihesa iraultzea
Mikel Torres Lehendakariordeak gogorarazi duenez, “Euskadin geratzeko edo Euskadira itzultzeko erabakia estu-estu lotuta dago eskaintzen ditugun aukera profesionalekin eta enplegu baldintzekin”, eta hausnarketa hori kokatu du talentua atxikitzeko gai izango den lan merkatua indartzeko premian.
Halaber, nabarmendu du kontua ez dela “irteerari oztopoak jartzea”, baizik eta “hemen baldintza erakargarriak sortzea, lan merkatu lehiakorra, berritzailea eta kalitatezko enplegua duena sendotzea”, gazteei euren bizi proiektua Euskadin garatzeko arrazoi sendoak eskaintzeko gai izango dena.
Lehendakariordeak, gainera, azpimarratu du oso garrantzitsua dela “ezagutzaren zirkulazioa, gure diasporarekiko lotura eta kanpoan esperientzia hartu dutenen eta hemen ekarpenak egin nahi dituztenen itzulera bultzatzea”. Estrategia horri esker, lurraldeko ekosistema ekonomikoa eta soziala indartu ahal izango da, “proiektu profesional ilusionagarriak, egonkorrak eta etorkizunekoak eskainiko dituen eta mundura irekitako egongo den Euskadi eraikitzeko”. “Erronka handia da”, aitortu du Torresek, “baina Euskadik historian zehar erakutsi du gaitasuna duela funtsezko gaien inguruan aurre hartzeko, egokitzeko eta adostasunak eraikitzeko”.
-
-
2026-02-25
Comentario de X:
🎓 Belaunaldi-erreleboa izango da datozen hamar urteetan Euskadiko enpleguaren motor nagusia.🗣️ @MikelTorresEJGV Lehendakariordeak @deusto Unibertsitateko Enplegu eta Ekintzailetzaren XXI. Foroan
-
2026-02-25
Comentario de X:
🎓 El relevo generacional será el gran motor del empleo en Euskadi en la próxima década.📊 Más de 524.000 empleos estarán vinculados al reemplazo generacional.
🗣️ El Vicelehendakari @MikelTorresEJGV en el XXI Foro de Empleo y Emprendimiento @deusto












