Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Euskadiko Kalitateko nekazaritza eta arrantzako elikagaiak sustatzeko helburuz, Kalitatea Azoka egingo da bilboko plaza barrian asteburu honetan

2012.eko ekainak 01
  • Eusko Labela eta Jatorri Deitura duten produktuak egongo dira ikusgai eta salgai; berritasun moduan, leku berezi bat eskainiko zaio Eusko Labelek aurkeztu duen azken produktuari, Oliba Olio Birjina Estrari.
  • Azokarekin batera, hainbat jarduera antolatuko dira: dastaketak, haurrei zuzendutako ekintzak.... Klabeline pertsonaiaren aurkezpena egingo da (Irrien Lagunak Klubarekin lankidetzan sortutako pertsonaia horrek nekazaritzak erabilera asko dituela erakutsi nahi die haurrei).

Zapore Onen Azoka izeneko Kalitatea Azokaren agertokia izango da Bilboko Plaza Barria, ekainaren 1etik 3ra. Ekitaldi honetan, Euskadiko kalitateko eta jatorriko bereizgarri guztiak egongo dira (Eusko Label kalitate-bereizgarria duten 15 produktuak, Jatorri Deitura duten produktuak eta beste berme-marka batzuk dituztenak). Ekitaldi horretarako jarriko den karparen barruan 26 stand izango dira, eta erakusketaren eta dastatzeen bitartez ondorengo produktuak aurkeztuko dira: Euskal Okela, Euskal Baserriko Oilaskoa, Euskal Esne Bildotsa, Hegaluzea eta Hegalaburra, Euskal Baserriko Arrautza, Euskal Esnea, Eztia, Arabako Patata, Gernikako Piperra, Euskal Tomatea, Ibarrako Piparrak, Euskal Babarrunak, Euskal Letxuga, Sagardo Naturala, Idiazabal Gazta, Arabako Txakolina, Bizkaiko Txakolina, Getariako Txakolina, Arabako Errioxako Ardoa eta Euskal Herriko Kantauriko Hegaluze eta Antxoaren Kontserbak. Horrez gain, Nekatur elkartearen stand bat ere izango da, Euskadiko landa-turismoari buruzko informazioa eskaintzeko.  Azokak honako ordutegia izango du:

Ostirala: Azoka jendearentzat irekitzea: 17:00-21:00

Larunbata: 11:00-15:00/ 17:00-21:00

Igandea: 11:00-15:00

Inaugurazioa gaur eguerdian izan da eta bertan Jakes Agirrezabal, Hazi Korporazioko Zuzendari Nagusia, eta Alazne Uribarri, Hazi Korporazioko Marketin eta Ziurtapen Unitateko Zuzendaria egon dira. Gainera, inaugurazio-ekitaldian beste pertsona batzuk ere izango dira: beste erakunde batzuetako ordezkariak, kalitateko produktuen ekoizleak eta operadoreak...

Azokaren helburua

Ekimen honen bitartez Euskadiko kalitate eta jatorriaren bereizgarriak sustatu nahi dira, sektorean balioa sortuz, enpresen eta produktuen lehiakortasuna areagotuz eta marka balioztatuz. Hori guztia, kontsumitzaileari konfiantza emanez eta jatorria, kalitatea eta segurtasuna bermatuz lortu behar da.

Izan ere, Euskadiko nekazaritzako nahiz arrantzako produktuak kalitate-bereizgarri publiko eta ofizialen bidez bereizteko lanarekin jarraitzeko premia gero eta handiagoa da. Gure inguruneko merkatu-ekonomia gero eta globalizatuago dago; lehiakortasunezko ingurune ireki bat dugu, eta hemengo eta kanpoko nekazaritza-produktuak eta elikagaiak lehia bizian ari dira merkatua berenganatu nahian. Agertoki horretan, bereizgarri ofizialak jatorriaren eta kalitatearen berme bat dira kontsumitzailearentzat; eta aldi berean, ekoizleentzat beren lana balioesteko tresna bilakatu behar dute, era horretan merkatuan lehiakortasun handiagoa eskaintzen baitute.

Eusko Jaurlaritzak eta Hazi Korporazioak bereizgarri horiek guztiak sustatzen eta bultzatzen jarraituko dugu, horixe baita nabarmentzeko modu bakarra, balio erantsia ematearekin batera. Administrazio publikoek kalitateko jarduera sektoriala indartzen laguntzeko ardura dute, horrek bereiziko gaituelako besteetatik; eta horrek guztiak ez luke zentzurik izango gure produktuen kalitatea hobetzeko apustu garbi bat egingo ez bagenu, horien lehiakortasuna areagotzeko bitarteko gisa, horrek gizon-emakumeen bizi-kalitatea eta errentak hobetzea ekarriko baitu eta belaunaldi batetik besterako jauzia ematea eta emakumea laneratzea erraztuko baitu.

Aipatu diren helburu guztiak iraunkortasunaren aldeko apustu argi baten bidez gauzatu nahi dira. Ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren aldetik iraunkorra den garapen bat lortu nahi dugunez, gure ondare naturala babestu, mantendu eta sustatzeko premia gogoeta ekonomiko eta politikoen oinarrietako bat bihurtu da, eta helburu estrategikoetako bat ere bai. Eusko Jaurlaritzak hauxe lortu nahi du: nekazariek eta abeltzainek ingurumena gero eta gehiago errespetatzen duen ekoizpen-eredu bat jarrai dezatela, landa-inguruneetako ondare natural eta kulturalaren zainketa bermatuz eta kontsumitzaileari produktu osasungarriak eta kalitatekoak eskainiz.


Azokarekin batera antolatutako jarduerak (xehetasunak egitarauan azaltzen dira).

Azokak iraungo duen 3 egunetan zehar, mota askotako jarduerak antolatuko dira Euskadiko kalitateko nekazaritzako elikagaiak ezagutarazteko. Kalitatea Azokako egitarauaren barruan, jarduera hauek nabarmendu daitezke beste batzuen artean: produktuen dastatzeak, haurrentzako tailerrak, zangaluzeak, saskien zozketak...

DASTATZEAK

Bi herri-dastatzea egingo dira. Lehenengoan Euskal Okela dastatu ahal izango da, eta larunbatean egingo da, 19:30ean. Txahal bat erreko dute burruntzian, eta 1.500 pintxo inguru eskainiko dituzte. Pintxoak 1,5 eurotan salduko dira eta bildutako dirua Esklerosis Anitzaren alde lan egiten duen elkartearentzat izango da. Bigarren dastatzea igandean izango da, 13:00etan. Parrillan erretako Euskal Baserriko Oilaskoaren pintxoak eskainiko dira. Pintxo horiek ere 1,5 eurotan salduko dira eta bildutako dirua ongizate elkarte berarentzat izango da.

ON-LINE DENDARAKO SUSTAPEN-BONOAK

Herri-dastatzerako txartel bakoitzarekin, 3 euroko erosketa-bono bat oparituko da www.euskolabeldenda.com on-line dendan erabiltzeko.

DASTATZE ARTISTIKOA, IN AGRO SALUTE-REKIN LANKIDETZAN

Larunbatean, 18:00etan, ardoa eta pintura uztartzen dituen dastatze bat egingo da. Mikel Garaizabal enologoak zuzenduko du dastatzea, eta ekimenean parte hartzen duten pintoreak eta musikariak emozioak artearen bidez islatzen saiatuko dira. Dastatze hori In Agro Salute proiektuarekin lankidetzan antolatu da.

KLABELINE

Larunbatean, 17:00etatik 19:00etara, Klabeline izango da Azokan. Haurrei zuzendutako pertsonaia hori Irrien Lagunak Klubarekin lankidetzan sortu da, eta nekazaritzak erabilera asko dituela erakutsi nahi die.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Jakes Agirrezabal