
Gogorak Batxilergoko 2. mailako 550 ikasle bilduko ditu erregimen frankista desmitifikatzeko eta deslegitimatzeko jardunaldi batean
- Jardunaldia 11:30ean hasiko da, datorren otsailaren 25ean, Barakaldoko BECen
Azken urtean, zenbait inkestak agerian utzi dute erregimen frankistak gazteen artean duen onarpena, baita Euskadin ere.
Asko dira, gehiegi, frankismoa esparru sozioekonomikoan aurrerapenen garaia izan zela uste duten gazteak, baita erregimen frankistaren eta, oro har, erregimen autoritarioen errepresio gogorra hutsaltzen edo erlatibizatzen dutenak ere.
Horren aurrean, otsailaren 25ean, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak bigarren hezkuntzako ikasleentzako jardunaldi bat antolatu du Barakaldoko BECen. Jardunaldiaren izenburua ‘FRANCO! FRANCO! FRANCO! Erregimen frankista desmitifikatzeko eta deslegitimatzeko ekimena’ da. Aurreikuspenen arabera, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe desberdinetako 550 ikaslek parte hartuko dute.
Ekimen honek bi helburu nagusi ditu: lehenik eta behin, frankismoaren ontasunei buruz sareetan eta komunikabideetan zabaltzen diren ideia komun faltsuak desmitifikatzea; bigarrenik, frankismoaren errepresio gogorra agerian uztea, sistema demokratiko ororen oinarri diren oinarrizko askatasunen garrantzia azpimarratuz.
Erregimen frankistari buruzko mitoak desegiten laguntzeko, Nicolas Sesma eta Mikel Herran historialariek eta Andrea Momoitio kazetariak parte hartuko dute ekitaldian. Maitena Salinas kazetariak gidatuko du ekitaldia.
Nicolás Sesma (Gasteiz, 1977) historialaria, Historia eta Espainiako Zibilizazioko irakasle titularra da Grenoble Alpeseko Unibertsitatean. Besteak beste, ‘Ni una, ni grande, ni libre. La dictadura franquista’ (2024, Crítica) liburuaren egilea da.
Andrea Momoitio (Ortuella, 1989) kazetaria da, Ikasketa Feministak eta Genero Ikasketak eta Kazetaritza Digitala Masterra. Pikara Magazine aldizkariaren koordinatzailea da, eta, besteak beste, Público hedabidearekin lan egiten du. ‘Lunática’" (2022, Libros del KO) liburuaren egilea da.
Mikel Herrán (Zaragoza, 1991) arkeologoa eta historia dibulgatzailea da. El Intermedio eta Carne Cruda bezalako komunikabideetan kolaboratzen du, baita sare sozialetan ere, non drag eta performancea erabiltzen dituen iraganaz hitz egiteko. ‘Sodomitas, vagas y maleantes: Historia de la España desviada de Atapuerca a Chueca’ (2024, Planeta) eta ‘La historia no es la que es, es la que te cuentan’ (2022, Planeta) liburuak argitaratu ditu.
Ekitaldia publiko orokorrarentzat ere irekiko da, otsailaren 24ko 12:00ak arte erreserbatu daiteke lekua, telefonoz edo idatziz: 944 4032845 | gogora@euskadi.eus


