Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Tabakoa erretzeari uzteko eskaintza zabalduko da Euskadin

2012.eko maiatzak 30

Maiatzaren 31. Tabakorik gabeko nazioarteko eguna

OMEren arabera, tabakoa da garai aurreko heriotza saihesgarriaren kausa nagusia

Euskadin, edozeinek jaso ahal izango du bere mediku edo erizainaren laguntza, erretzeari uzteko

Lehen mailako arretan egindako inkesta baten arabera, biztanleriaren % 80ri gaizki irudituko litzaioke egungo Tabakoaren Aurkako Legea indargabetzea.

Euskadiko biztanleen % 28k bere burua ohiko erretzailetzat du

Euskadin, 314 salaketa jarri dira Tabakoaren Aurkako Legea ez betetzeagatik

Tabakoa da garai aurreko heriotza saihesgarriaren kausa nagusia. OMEren arabera, tabakoak 4,9 milioi heriotza eragiten ditu urtean, eta kausa nagusiak hauek dira: gaixotasun kardiobaskularrak, biriketako minbizia eta BGBK. Horrez gain, kalkulatzen da egunean 20 zigarreta baino gehiago erretzen dutenei 6-10 urte gutxitzen zaiela bizi‑itxaropena, erretzen ez dutenen aldean.

Euskadin, tabakoaren ondoriozko hilkortasuna % 13 ingurukoa da, 2.600en bat pertsona; emakumeen % 3 eta gizonen % 23; eta urtero biriketako minbiziaren 1.310 kasu baino gehiago diagnostikatzen dira.

Euskadi tabako-kerik gabe

Euskadin kronikotasunari aurre egiteko estrategiaren baitan, Osasun eta Kontsumo Sailak "Euskadi tabako-kerik gabe" programa jarri du abian. Programa horren epe ertaineko xedea da edonork bere familia-mediku edo erizainarengandik jasotzea erretzeari uzteko laguntza; alegia, tabakoa erretzeari utzi nahi dionak horretarako bitartekoak eskuragarri izan ditzala etxetik 500 metrora.

Horretarako, osasun-arloko profesionalak prestakuntza jasotzen ari dira, hiru ekintza burutu ahal izateko: aholku laburra ematea kontsultetan eta tabakoa erretzeari uzteko banakako nahiz taldekako terapiak. Egun, Osakidetzaren osasun-zentroen % 90ek baditu banakako eta taldekako terapietan trebatutako erreferentziako profesionalak (500 eta 175, hurrenez hurren), eta eskaintza arreta espezializatura zabaltzen ari da.

Lehen mailako arretako inkesta

Apirilean eta maiatzean, Osatzen-Familia eta Komunitateko Medikuntzako Euskal Elkarteak inkesta bat egin du Osakidetzaren lehen mailako arretako zentroetako kontsultetako pazienteen artean. Inkesta horretatik atera dira datu hauek: 

  • % 80,2ri gaizki irudituko litzaioke Tabakoaren Aurkako Legea indargabetzea
  • % 11,5 ez dago batere ados edo guztiz ados lege horrekin
  • % 14,25 saiatu da erretzeari uzten 2012an
  • % 33ri tabakoa uzteko aholkuak eman dizkiote azken urtean
  • % 98k nahiago du erretzeari uzteko tratamendua bere osasun-zentroan jaso, %0,9k ospitalean eta % 0,5ek farmazian
  • % 5,4k gehiago erretzen du etxean Legea indarrean sartu zenetik
  • % 93,2 Legea onartu aurretik bezainbatetan edo gehiagotan joaten da ostalaritza-establezimenduetara
  • % 27,6ren ustez, biltzeko tabakoak osasunari kalte txikiagoa egiten dio

Horrez gain, Turismo Institutu Nazionalaren datuen arabera: Euskadin urteko lehen hiruhilekoan tabako-salmentak 0,6 egin du gora, 2011. urteko epe beraren aldean. 2008az geroztik, % 46 egin du behera. Geldialdi hori atzerriko turismoaren eta muga‑eremuetan tokiko prezioak baino prezio merkeagoetan saltzearen ondorio izan da.

Tabako‑kontsumoa Euskadin

Euskadiko biztanleen % 28k bere burua ohiko erretzailetzat du, % 25ek lehen erretzen zuen baina erretzeari utzi dio eta % 40 ez da inoiz ohiko erretzaile izan. Azken urteetan berretsi egin da kontsumoaren beherakada: 2008an, % 11k egunean pakete bat baino gehiago erretzen zuen eta 2010ean biztanleriaren % 7,5ek.

Erretzen hasteko batez besteko adina 16,7 urte da. 2010ean, erretzen hasi zirenen % 55ek 17 urte edo gutxiago zituen eta % 10ek, 20 baino gehiago.

Sexuen araberako banaketa: ohiko erretzaileen proportzioa, gizonen artean % 32,5 da eta, emakumeen artean, % 25,3. Hala eta guztiz ere, 15 eta 34 urtekoen arteko ohiko kontsumoaren tasak antzekoak dira sexu bietan.

Erretzaileen % 49k baieztatzen du erretzeari uzteko prest dagoela -lehenengoz edo beste behin saiatzeko-, eta noizbait tabakoa kontsumitu dutenen % 42k lortu du erretzeari uztea. Erretzaileen % 79 jakitun da erretzeak kalte egiten dienaz.

Familiaren presioa, gaixotasunak izateko beldurra edo medikuaren gomendioak dira erretzeari uzten saiatzeko arrazoi nagusiak.

Tabakoaren Aurkako Legea Euskadin

Legea indarrean sartu zenetik, 314 salaketa aurkeztu dira. Ostalaritzako sektoreak izan ditu salaketa gehien (254), ondoren merkataritzakoak (14), garraio-zentroek (11) eta lantokiek (10).

Lurraldeka, 157 salaketa aurkeztu dira Bizkaian, 98 Araban eta 59 Gipuzkoan.

Arau-hausterik ohikoena izaten da erretzen uztea (228 salaketa) eta, ondoren, erretzea (56 salaketa).

Salaketa gehienak Facua-k (109) eta udaltzainek (104) jarri dituzte.

Horrez gain, 130 zehapen-ohartarazpen igorri dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan