Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

Osasun eta Kontsumo Sailak berretsi egiten du tabako kontsumoaren prebentzioa eta erretzeari uzteko kanpainak bultzatzeko konpromisoa

2012.eko maiatzak 30

Maiatzaren 31. Tabakorik Gabeko Mundu Eguna

Bat egiten du 2012ko Tabakorik Gabeko Mundu Eguna dela-eta OMEk atera duen lemarekin: "Tabako industriaren interferentzia tabakismoa prebenitu eta kontrolatzeko neurrietan"

Bihar, maiatzak 31, Tabakorik Gabeko Mundu Eguna ospatuko da mundu osoan. 2012ko edizio honetan OMEk lema honen aldeko apustua egin du: "Tabako industriaren interferentzia tabakismoa prebenitu eta kontrolatzeko neurrietan". Erakunde horren arabera, tabakoak 4,9 milioi heriotza eragiten ditu urtean. Euskadin 2.600en bat lagun hiltzen dira urtero, eta biriketako minbiziaren 1.300 kasutik gora diagnostikatzen dira.

Osasuneko sailburuak, Rafael Bengoak, gogorarazi duenez, zenbait ikerketa zientifikok berresten dutenez, zigarroek 60 substantzia kantzerigeno baino gehiago dituzte. Ildo horretan, salatu duenez, tabako-industria eztabaidak bultzatzen ari da, legeria gogortzen ari diren herrialdeei erasotzeko asmoz, eta, era berean, tabakoak ez diola osasunari kalterik egiten zabaltzen ari da herritarren artean.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailetik eta Osakidetzatik garrantzi berezia eman nahi diogu egun honi, eta hainbat ekitaldi antolatu dira erretzaileek erretzeari utz diezaioten animatzeko eta prebentzioa sustatzeko, jendea erretzen hasi ez dadin, batez ere adingabeak.

Ekitaldi nagusia Barakaldon izango da, 13:30ean, Clara Campoamor Kultur Etxean. Ezkerraldea-Enkarterri osasun eskualdeak antolatu du eta bertan izango dira Rafael Bengoa sailburua eta eskualdeko udalerrietako alkateak. Ekitaldian eskualdeko farmazia-bulegoetako erakusleihoen lehiaketako sariak (ehunen bat farmaziak hartu dute parte) eta "Kerik gabeko gelak" programaren sariak emango dira.

"Kerik gabeko gelak" programa europarra 2012an gauzatu da eta 12 eta 14 urte arteko ia 1900 ikaslek hartu dute parte, Ezkerraldea-Enkarterriko ikastetxeetako 96 gelatan banatuta. Proiektuaren helburua da gazteen artean prebentzioa bultzatzea. Horretarako, otsailetik maiatzera bitarteko aldian ez erretzeko konpromisoa hartu dute eta prebentzio-mezuak dituzten kamisetak diseinatu dituzte.

Vitoria-Gasteizeko Udalean antzeko ekitaldi bat egingo da. Bertan, udaletako, foru aldundietako eta Arabako Lurraldeko Osasun Zuzendaritzako ordezakariek sariak banatuko dizkiete "Kerik gabeko gelak" programan parte-hartu dutenei. Kasu honetan, Araba osoko 37 ikastetxetako 3.025 ikaslek hartu dute parte.

Bestetik, Gipuzkoan, Osasun Publikoko ordezkariordetzan, Pasaiako Farmazietako Erakusleihoen Lehiaketako sariak banatuko dira. "Pasaia kerik gabe" programaren barruan sartzen da ekimen hori, eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoaren eta Odontologoen Elkargoaren laguntza dauka.

Gainera, Euskadiko zenbait puntutan, Osakidetzako profesionalek zenbait jarduera egingo dituzte, herritarrei jakinarazteko zer aukera dagoen Osakidetzan bertan tabako kontsumoa uzten laguntzeko, erretzeari uzteko programen bidez. Era berean, erretzen hasteko aukeratik urrunduko duten bizitza-estilo osasungarriak bultzatuko dituzte.

Bizkaian

Osakidetzako Bilboko Eskualdeak Deustuko eta La Peñako Osasun Zentroetan informazio-mahaiak jarriko ditu, zentro horietan tabakoaren kontra egiten duten lana ikusgarriago jartzeko.

Gipuzkoan

Donostia Unibertsitate Ospitalean informazio-mahai bat jarriko da egun osoan, tabakoak dakartzan kalteei buruzko informazioa emateko eta erretzeari uzteko dauden eskaintzen berri emateko.

Aste honetan, "Gipuzkoa kerik gabe" kanpainaren barruan, Mutrikun, Mendaron, Eibarren, Elgoibarren eta Azpeitian karpak jarriko dira. Karpa horietan, erizainek eta sendagileek arnas probak egingo dizkiete nahi duten guztiei, eta, batez ere, erretzeari utzi nahi diotenei. Partaideei agiri sinboliko bat emango zaie: "Erretzailearen pasaportea".

Araban

Araba Unibertsitate Ospitaleak, Santiagoko egoitzan, jardunaldi bat antolatu du "Ospitaleak ateak irekitzen dizkie erretzaileei" lemapean. Testak egin nahi dituzten pertsonen arnas egoerari buruzko azterketa bat egingo da, norainoko mendekotasuna duten aztertuko da eta pneumologiako espezialistarekin kontsulta bat egiteko aukera izango dute.

Azkenik, ekainaren 1ean, Osakidetzaren egoitzan, Gasteizen, osasun arloko profesionalek eta pazienteek "Euskadi tabako-kerik gabe" I. jardunaldian parte hartuko dute. Jardunaldi horretan erretzeari uzteko dauden eskaintzak landuko dira: aholkuak, banako eta taldeko terapiak Euskal Osasun Sisteman. Proiektu hori Euskadin kronikotasunari aurre egiteko estrategiaren barruan dago.

2 iruzkin
  • @alfrealday
    2012.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    Día Mundial Sin Tabaco.El Departamento Sanidad y Consumo reafirma su compromiso con la prevención y abandono del tabaco http://t.co/TYjSQTYj

  • @obesidadenlinea
    2012.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    El Departamento de Sanidad y Consumo reafirma su compromiso con la prevención y el abandono del tabaco http://t.co/Gaim5zGY

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan