Berriak Kultura
Eu

Hamar euskal gazteetatik bederatzik lanbidez aldatuko litzateke

2012.eko maiatzak 30

Emakume gazteen artean langabezia txikiagoa da baina haien lan-baldintzak txarragoak dira. Gaur goizean 'Gaztetako enplegua EAEn' bildumaren aurkezpena izan da Bilbon

Gazteen erdiek lana dute, %57 pozik dago bere baldintzekin eta %21 urtebetean lana galtzearen beldur da. Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen enpleguari buruzko txostenaren datuen arabera, euskal gazteen erdiek gaur egun lana dute, ia herena ikasten ari dira eta %18 langabezian dago. Gazteen Euskal Behatokiak egin du aipatutako txostena eta gaur goizean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordeak, Antonio Riverak, eta Gazteriako zuzendariak, Natxo Rodriguezek, aurkeztu dute

Ikerketa egiteko, 2011ko azaroaren 14tik 25era etxez-etxeko inkestak egin dira. 1.927 gazte inkestatu dira.  Kasu honetan gehienezko adina 34 urtera zabaldu da "Euskadin lan ezegonkortasuna, prestakuntzarako aldiaren luzapena eta etxebizitzaren garestitasuna dela-eta, emantzipazioa 30 urterekin gutxi gorabehera gertatzen baita". Horixe azaldu digute arduradunek.

Datuen arabera, hamar gaztetik zortzik nolabaiteko lan-esperientzia dute, eta % 56k lehen lan ordaindua lortu du ikasketekin amaitu baino lehen.  Ikasketak amaitzen dituztenetik lana lortzen dutenera, batez beste 7 hilabete igarotzen dira.  Halaber, topatzeko moduari dagokionez, gehienetan lehen lana senide edo adiskideen bidez  aurkitzen dute (%41), eta ondoren norberak zuzenean bilatuta (%30).

Lanaren ezaugarriak aintzat hartuz, lan egiten duten gazteen erdiek baino gehiagok kontratu finkoa dute, %3k soilik lan egiten du kontraturik gabe, eta horietatik, lautik hiru emakume dira.  Hala ere, %21 urtebeteko epean galtzearen beldur da.  % 75ek lanaldi osoa du (emakumeen artean %65); eta %57k bilatutako lana lortu du. Baina % 42k beste lan bat hartuko luke lan-baldintzak hobetuz gero.  Hileko ordainsari gordina batez beste 1.116 eurokoa da; goi mailako ikasketak dituzten eta Gipuzkoan lan egiten duten gizonek batezbesteko hori gainditzen dute. Baina gazteen %36rentzat diru-sarrera iturri nagusiena familia da: 30 eta 34 urte bitartean direnen % 10 familiaren beharrean daude ekonomiari dagokionez eta lan egiten duten gazteen %26k familiaren laguntza behar du diru-sarrerak osatzeko.  Soldata da, hain zuzen, lan egiten duten gazte horien kexetako bat:  erdiek baino ez dute uste (%53) ondo ordaintzen dietela; emakumeen artean ehuneko hori 4 puntu beheragokoa da.

Langabezian direnei dagokienez, %73k lana aktiboki bilatu du azken hiru  hilabeteetan (batez beste 9 hilabete darama bilatzen) eta gehienek uste dute seguru aski sei hilabeteko epean ez dutela lanik topatuko.  Egoera horretan, %44 atzerrira lan egitera joateko prest dago eta % 88k beste lanbide bateko lan bat onartuko luke. Zailtasun horiek izanagatik ere, langabezian diren lau gaztetik hiruk ez dute beren lana sortzeko aukera planteatu.

Enpleguan gehien baloratzen duten ezaugarria, bai lan egiten dutenek, bai langabezian direnek, egonkortasuna da. Une honetan, Gipuzkoan egonkortasun handiagoa dute, ezen lan egiten duten gazte erdiek baino gehiagok (%51) euren lanpostuan egin dute lan 3 urte baino gehiagotik, baina Bizkaian batezbestekotik behera daude (%39).

Lan egiten duten hamar gaztetatik zortzi enpresa pribatuan ari dira, bai soldatapean (%72), bai autonomo moduan, euren negoziotan; %6k administrazio publikoan egiten du lan; kopuru berak enpresa publikoetan, eta %2k etxeko zerbitzuetan.  Administrazioan eta enpresa pribatuan emakumeak nabarmentzen dira gizonekiko eta, gainera, etxeko zerbitzuan emakumeek soilik egiten dute lan.

Profilak

Azterketaren datuekin, euskal gazteen artean lau profil argi defini daitezke lanari dagokionez.

Lehenengo profila euren lanarekin pozik dauden gazteek osatzen dute.  Lan egiten dutenen %57 dira eta ondokoak dira haien ezaugarriak: 30 eta 34 urte bitarteko pertsonak dira gehien bat, goi mailako ikasketak dituzte, euskara ondo ezagutzen dute, kontratu finkoa dute, lanaldia osoan lan egiten dute, lan kualifikatua dute, interesgarria eta etorkizuna duena, ondo ordaintzen diete eta ez dute lan arriskutsua edo estresatzeko modukoa egiten; egonkortasuna da gehien baloratzen dutena euren lanetan.  Talde horren soldata batez beste 1.262 eurokoa da (batezbestekoa baino 150 euro gehiago) eta 7,2 puntu (0 eta 10 puntu bitartean) lortzen dituzte euren egungo bizitzaren balorazioari dagokionez.

Bigarren profila euren lana galtzearen beldur diren gazteek osatzen dute.  Talde honetan batez ere 25 eta 34 urte bitarteko pertsonak daude; pertsona horiek ez dituzte goi mailako ikasketak egin, ez dakite euskara, ezta ingelesa ere eta lanaldi osoko aldi baterako kontratua dute. Euren soldata batezbestekoa baino 100 euro txikiagoa da.  Hamarretatik seik beste lan bat hartuko lukete ahal izanez gero eta %40k zenbait urrats eman ditu beste lan bat bilatzeko.  Egonkortasuna eta soldata baloratzen dute gehien, eta uste dute euren lana egonkortasunik txikia duela edo ezegonkorra dela, gainera haien ustez ez diete ondo ordaintzen eta ez dute etorkizunik. Ehuneko handi batek bere kualifikaziotik beheragoko lana burutzen du eta lan horrek ez du zerikusirik bere prestakuntzarekin.  0 eta 10 bitarteko eskalan, euren bizitzari 6,4 puntu ematen dizkiote.

Hirugarren profilean emakumeen enplegua dugu. Emakume gazteen artean langabezia txikiagoa da baina haien lan-baldintzak txarragoak dira: Batez beste gizonek baino 200 euro gutxiago kobratzen dituzte, gehiagotan lan egiten dute kontraturik gabe eta lanaldi partzialean familiaren betebeharrak direla-eta, sektore publikoan eta etxeko zerbitzuan gehiago agertzen dira, euren enplegua sortzeko joera txikiagoa dute, mugikortasun geografikorako jarrera ere txikiagoa da, eta gizonak baino prestuago daude euren kualifikazioaren arabera dagozkien kategoria eta soldata txikiagoko lanak onartzeko.

Amaitzeko, langabezian diren gazteen profila aztertu da. Aztertutako tartearen (16 eta 34 urte bitartekoa) %18 da; talde honetan gehien bat gizonak daude, derrigorrezko ikasketak dituzte, ingelesa eta euskara ezagutza-maila txikia dute; erdiek hileko 600 euro baino gutxiago dituzte, euren diru-sarrera iturri nagusia familia edo bikotea da; gehienek modu aktiboan bilatzen dute lan, enpleguan egonkortasuna eta soldata baloratzen dute gehien. Hamarretatik bederatzik lanbidez aldatuko litzateke eta hamarretatik lau atzerrira joango lirateke lan bila. Egungo bizitzaren baloraziori dagokionez, txikiena da:  10etatik 5,7koa.

6 iruzkin
  • @almanatura
    2012.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Presentación del estudio 'Empleo juvenil en la CAPV'. http://t.co/WIT8QpG9

  • @Tehen
    2012.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Presentación del estudio 'Empleo juvenil en la CAPV'. http://t.co/WIT8QpG9

  • @Lanabesa
    2012.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: 'Gaztetako enplegua EAEn' bildumaren aurkezpena. http://t.co/LUvUCFkv

  • @lanbideejgv
    2012.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: 'Gaztetako enplegua EAEn' bildumaren aurkezpena. http://t.co/LUvUCFkv

  • @lanbideejgv
    2012.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Presentación del estudio 'Empleo juvenil en la CAPV'. http://t.co/WIT8QpG9

  • @DonostiaGaztea
    2012.eko maiatzak 30

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Presentación del estudio 'Empleo juvenil en la CAPV'. http://t.co/nMiMiDYf

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)