Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Nekazaritzako sasoiko langileentzako bizitokien baldintzei buruzko Dekretuaren aldaketa onartu da (2012-05-29(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko maiatzak 29

Dekretua, aldi baterako beharginentzako ostatuek arlo materialean zein funtzionalean izan beharreko gutxieneko baldintzak eta, halaber, ostatuok erregistratu eta kreditatzeko baimena arautzen dituen dekretua aldatzeko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak sasoiko langileentzako bizitokien gutxieneko baldintza materialak eta funtzionalak nahiz horien baimentze, erregistro eta ziurtapena arautzen dituen dekretua aldatzeko Dekretua onartu du gaurko bileran.

Horrela, Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio 248/2006 Dekretuaren aldaketari, testu horren eskakizun-maila arintzeko, eta nekazari kontratugileek aukera izan dezaten bizitoki duin bat egokitzeko inbertsioak egiteko, bestalde, gaur egun sasoiko langileei nahitaez eskaini behar ez zaiena.

Araudi berriak baldintza gutxiago ezartzen ditu bizitoki horientzat, baina eskakizun-maila nahikoa dauka pertsonen higiene- eta duintasun-eskakizunen, egoeraren, sexuaren, eta ostatatutako pertsonen kopuruaren arabera egokiak direla ziurtatzeko.

Dekretu hori aldatzearen asmoa da, alde batetik, sasoiko langileentzako bizitokiak egokitzeko inbertsioa bultzatzea, eta, bestetik, nekazaritza-eremuko hitzarmen kolektibo bat formalizatzeko bidean aurrera egitea; Sasoiko Langileari Arreta Emateko II. Planean ere biltzen da azken helburu hori.

Hitzarmen horretan, langileen lan-baldintzez, ordainsariez, eskubideez eta betebeharrez gain, gizarte- eta lan-arloko hobekuntzak ezartzen dira, eta horien artean bilduko dira, alde batetik, sasoiko langileei kanpaina zehatzetarako ostatu emateko betebeharra, eta, bestetik, bizitokiek sasoiko langileei ostatu emateko bete behar dituzten baldintzak.

Sasoiko langileen bizitokia egokitzeko diru-laguntzen eskaeren kopurua azken urteetan honako hau izan da: 8 eskaera 2007an, 10 eskaera 2008an, 4 eskaera 2009an, 2 eskaera 2010ean, eta eskaera 1 2011n. Sasoiko Lanaren Mahaian egiaztatu da bilakaera horren arrazoia dela nekazari kontratugileek ezin zituztela bete azaroaren 28ko 248/2006 Dekretuaren eskakizunak, eta, beraz, ezin izango lukete jaso eman ziezaiekeen laguntza.

Hain zuzen ere hori da, esate baterako, bizitoki gisa erabilitako lonjak edo biltegiak izanik inbertsio baliagarrien bitartez horiek hobetu nahi zituztenen kasua, bizilekuak bereizten zituzten manparak jarriz, isolamenduak jarriz, aireztatze hobeagoa jarriz, etab.

Sasoiko langileen eskaria murriztu egin da azken urteetan. Patataren sektorean, ereindako azalera murriztearen ondorioz eta mekanizazioaren ondorioz; eta, ardogintzaren sektorean, mahatsarengatik nekazariari ordaindutako prezioen beherakada dela-eta, produkzio-kostuak txikitzeko neurriak ezartzen ari direlako, hala nola laboreak murriztea mahastian, arestian kontratatzen ziren lanak nekazariak berak eta bere ingurukoek estaltzea edo mahats-bilketa mekanikorako makinen erabilera handitzea.

Dekretu berriak aukera emango du mota horretako bizitokiak erregistratu eta baimentzeko, eta honako alderdi hauekin lotutako bizigarritasun- eta higiene-baldintzak ezartzen ditu: ura, argia, aireztatzea, sukalde-zerbitzuak eta higiene-zerbitzuak; logelak; komun bereiziak gizon eta emakumeentzat; berokuntza-ekipamendua; garbigailua erabiltzeko aukera, etab.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan