Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalarekiko hitzarmena, amiantoaren eraginpean egondako langileei jarraipena egitekoa (2012-05-29(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko maiatzak 29

Erabakia, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalarekin izenpetutako lankidetza-hitzarmena baliozkotzako, amiantoaren lan arloko erabileratatik ondorioztatutako eritasunek eragindako langileen inguruko baterako jarduerak egiteko.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea eta Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak jarduera bateratuak egingo dituzte, amianto-zuntzen eraginpean dauden edo egon diren langileei edo langile ohiei segimendua egiteko. Gaurko bileran, Jaurlaritzaren Kontseiluak aipatu lankidetza-hitzarmena sinatzea onartu du. Hari esker, bi erakundeek amiantoaren eraginpean lan egiten duten langileen lan-ezintasuna baloratu ahalko dute elkarrekin, jarduteko protokolo baten bidez, eta Osasun Sailarekin lankidetzan.

Gizarte Segurantzaren prestazioak jasotze aldera, protokolo hau baliagarria izango da, erreferentzia bezala, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionaleko mediku ikuskatzaileek beharrezkoa den dokumentazioa erabilita egin ditzaten euren txostenak, hau da, lan-ezintasuna behar bezala baloratzea eta gorabeherak zehaztea ahalbidetzen duten dokumentazioa baliatuta. Lan-talde batek koordinatuko du amiantoaren eraginpean egondako langileen segimendua, eta, horrez gain, datu-baseen informazioa trukatuko du, proba diagnostikoen tipologia berrikusiko du, eta arriskupean egon daitezkeen lanpostuak baloratzeko zer informazio behar den zehaztuko.

Amiantoa edo asbestoa substantzia mineral bat da, zuntz zuri eta malguetan ageri dena. Karezko, aluminazko eta burdinazko silikatoa da. Amianto-zuntzak ez dira uretan disolbatzen, ezta lurruntzen ere, eta erresistenteak dira berarekiko, suarekiko, eta degradazio kimiko edo biologikoarekiko. Ezaugarri horiek direla-eta, oso erabilia izan da, joan den mendean, industria mota askoan, eta gaur egun industria modernoak darabiltzan 3.600 produktutan inguru dago, hala, jarduera-sektore askotan egon daitezke langileak amianto zuntzen eraginpean.

Asbestoa zenbait gaixotasunen eragilea da. Gaixotasunok larritasun-maila desberdina dute, eta lan-gaixotasuntzat jotzen dira. Graduazio horren barruan, maila arinagoan, asbestosia dago: birikietako gaixotasuna, maiz arnas gutxiegitasuna sortzen duena, hein handiagoan edo txikiagoan; larrienean, berriz, mesatelioma gaiztoa dago: birika-pleuraren minbizi oso larria, ia beti heriotza eragiten duena.

Bestalde, biriki-minbizien % 5 eta % 10 artean amiantoarekin lotuta daudela jotzen da. Badira zenbait urte areagotu egin direla mesotelioma duten langileen kasuak, erretiratuen artean ia beti; izan ere, minbizi horren latentzia-aldia oso luzea da, baita 50 urtekoa ere. Horrek esan nahi du aspaldi egon zirela asbestoaren eraginpean. Gero eta indar handiagoz agertzen ari dira aspaldi substantzia horren eraginpean egondakoen kasuak, eta aurreikusten da sistematikoki areagotuko direla kasuak, mende honetako hogeiko hamarkadaren hasierara arte gutxienez. Langile ohiei kalte-ordainak pagatze aldera, oso komenigarria litzateke Estatuaren konpentsazio-funts bat ezartzeko aukera kontuan hartzea, gaiak ukitutako guztiei edo haien oinordekoei zuzendua.

Gaur egun, amianto-zuntzen eraginpean egoteko aukera bakarra da lehendik jarrita zeuden materialak maneiatzea. 396/2006 Errege Dekretuak arautzen du nola maneiatu edo kendu behar diren material horiek mota askotako lanetan (besteak beste, eraikuntzen eraispena, makinen desmuntaketa, materialak kentzeko lanak, amiantoa duten materialak iraunarazi, konpondu, garraiatu eta hondatzeko lanak). Amiantoaren eraginpean jartzeko arriskua duten lanetan, aplikatzekoak diren gutxieneko segurtasun- eta osasun-xedapenak ezartzeaz gain, Errege Dekretuak funtsezko kontuak arautzen ditu, esate baterako, lan plan bat egiteko derrigortasuna, langileen prestakuntza- eta osasun premiak, eta beharrezkoak diren arrisku-ebaluazioak.

Amiantoa kentzeko lanak egin ahal izateko, RERA izeneko erregistroan egon behar da inskribatuta (amiantoaren eraginpeko arriskuan dauden enpresen erregistroa). Osalanek egindako detekzio- eta segimendu-lanari esker, lehen inskribatuta ez zeuden 81 enpresa, amiantoaren eraginpekoak, sartu ziren RERAn, 2011n. Gaur egun, ezaugarri horietako 244 enpresa daude EAEn. Iaz ere, Osalanek amiantoarekin zerikusia duten 337 lan-plan ikusi, onetsi eta baimendu zituen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan