Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Kable bidezko Garraioari buruzko Lege Proiektua onartu da (2012-05-29(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko maiatzak 29

Kable bidezko garraioari buruzko lege-proiektua.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Kable bidezko Garraioari buruzko Lege Proiektua onartu du pertsonen garraiorako Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldetik osorik igarotzen diren instalazioen proiekzioa, eraikuntza, zerbitzuan jartzea eta ustiapena arautzeko.

Testu horren bidez arautzen dira etorkizunean izan daitezkeen funikularrak eta teleferikoak eta teleskiak. Igogailuak oro har Lege horren aplikazio-eremutik kanpo uzten badira ere, gaur egun emakida-erregimenean ustiatzen diren zerbitzu publikoko igogailuei buruzko aurreikuspen berezi bat egiten da, eta kokatuak dauden udalerriko udalen eskumenekoak izatera igarotzen dira, hain zuzen ere horien eremua guztiz hirikoa baita, eta hiri-irisgarritasuneko premiei erantzuten baitiete.

Kable bidezko pertsonen garraioak berezitasun batzuk ditu. Azken urteetan, hazkunde nabaria izan duen modua da. Gaur egun, Euskadin mota horretako hainbat instalazio daude teleferikoen emakidari buruzko Legearen arabera arautu direnak (apirilaren 29ko 4/1964 Legea), baita 1966ko dekretu baten arabera ere (martxoaren 10eko 673/1966 Dekretua), baina horiek gaur egun zaharkituak daude eta ez dira nahikoak, garraio-sistema horrek azken urteetan izan dituen berrikuntza teknologikoak direla eta, Europako Zuzentarau batean eta haren ondorengo Errege Dekretu batean bildu direnak.

Egoera horrek justifikatu egiten du ezinbestekoa izatea Lege-lerruna duen arau bat izatea, Euskadin pertsonen garraiorako instalazioen eraikuntza eta ustiapena arautzeko.

Euskadin hainbat motatako instalazioak daude, egitura juridikoari dagokionez bereizten direnak, baita araudi tekniko aplikagarriari dagokionez ere. Alde batetik, funikularrak daude, horietako batzuk balio kulturala, historikoa eta baita sentimentala ere dutenak eta babesa behar dutenak, baita arreta berezia segurtasunari eta irisgarritasunari buruz indarrean dagoen araudira egokitzeko unean ere.

Bestetik, zerbitzu publikoko igogailu jakin batzuk daude, joan den mendearen erdialdean emandako emakida-erregimenean ustiatuak. Indarrean dagoen araudiaren arabera berez kable bidezko garraioa ez badira ere, adierazitako legea aplikatu zaie.

Igogailu horiek soilik hiri-arloko premiei erantzuten diete, eta, beraz, beren udalerriaren mugikortasuna eta dagokion udalerrietan bizi diren pertsonen mugikortasun-premiak ikuspegi integral batetik ezagutu eta kudeatzen dituzten udalen erantzukizuna izan behar dute. Igogailu horiek ez dira Lege horren erregulazioaren xede, Bigarren Xedapen Iragankorrean biltzen den esanbidezko adierazpenaren kasuan izan ezik. Era horretan, igogailuak kable bidezko garraio-instalazioak ez direla adierazten duen araudi tekniko aplikagarriaren irizpideari jarraitzen zaio.

Gaur onartutako lege-proiektuaren asmoa da kable bidezko garraio-instalazioen segurtasun-maila altuena bermatzea, pertsona guztientzako irisgarritasuna bermatzea, kable bidezko garraio-instalazioen eraikuntza eta ustiapena bateragarri egitea, ibilgailuak barnean hartuta, ingurumena errespetatuz, baita instalazioek izan dezaketen balio kulturala, historikoa eta estetikoa ere, eta kable bidezko garraio-instalazioen erabiltzaileak babestea.

Eusko Jaurlaritzaren esku egongo da Legearen arauzko garapena eta kable bidezko garraioaren koordinazioa.

Eusko Jaurlaritzak eskatuko du autobabeserako eta ebakuaziorako plan bat aurkeztea, jarduerak sortutako arrisku guztien kontrola bermatzen duena, eta gerta daitezkeen larrialdiak aurreikusten dituena, baita egoera horietan hartu beharreko neurriak ere, eta hori guztia babes zibileko eta larrialdien kudeaketarako legedian xedaturikoari jarraiki.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak eskumena izango du hiri arteko eta hiri barruko zerbitzuen ezarpen, antolamendu, kudeaketa, ikuskapen eta zehapenerako 50.000 biztanleko edo biztanle gutxiagoko udalerrietan.

Kasu horietan, Jaurlaritzak dagokion gaitze-tituluak emango ditu, hala badagokio zerbitzuaren tarifak finkatuko ditu, eta enpresa ustiatzailearen betebeharren betearazpena kontrolatuko du. Horretaz gain, lege horren eraginpeko hiri barruko eta hiri arteko kable bidezko garraio-instalazio guztien segurtasunaren kontrola eta ikuskapena egingo du, eta, hala badagokio, zerbitzuan jartzeko baimena emango du.

50.000 biztanletik gorako udalerrietan, udalek izango dute eskumena hiri barruko kable bidezko garraio-instalazioekin lotutako zerbitzuen ezarpen, kudeaketa, ikuskapen eta zehapenerako, baita dagokion gaitze-tituluak emateko eta tarifa-erregimena finkatzeko ere, betiere Eusko Jaurlaritzak gordeak dituen ikuskapen teknikorako ahalmenak alde batera utzi gabe.

Ikuskapenaren helburua izango da instalazioek eska daitezkeen segurtasun-baldintzak biltzen dituztela bermatzeko behar diren berrikuspenak eta probak egitea, baita enpresa mailegu-hartzaileak zerbitzuaren ustiapen-baldintzak betetzen dituela kontrolatzea ere.

Udalei emandako eskumenen premisa da Udalak direla, eskumenak betetzen dituzten lurralde-eremuaren ikuspegi integrala izanik, ongien ezagutzen dituztenak udalerrian bizi direnen mugikortasun-premiak, baita funikularren moduko instalazioen potentzialtasun turistikoak, estetikoak, kulturalak eta mota guztietako potentzialtasunak ere.

Horrenbestez, Bigarren Xedapen Iragankorrak ezartzen du gaur egun administrazio-emakidaren eraginpean dauden hiri barruko zerbitzu publikoko igogailuak udalerrian kokatuak dituzten Udalak subrogatuko direla, Eusko Jaurlaritza emakida ematen duen erakundea izanik. Emakida horiek indarrean jarraituko dute emakidaren kontratuan ezarritako terminoak betetzen badira.

Era berean, Hirugarren Xedapen Iragankorrak ezartzen du subrogatu egingo direla gaur egun administrazio-emakiden eraginpean dauden hiri barruko kable bidezko garraio-instalazioak udalerrian dituzten 50.000 biztanletik gorako udalak, Eusko Jaurlaritza emakida ematen duen erakundea izanik. Emakida horiek indarrean jarraituko dute ezarritako epearen barruan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan