Berriak Osasuna
qrcode

Euskadik aurrerapauso handia egin du minbiziaren arretan Europako erreferentzia bihurtzeko

2026-02-04

OTSAILAREN 4A – MINBIZIAREN AURKAKO MUNDUKO EGUNA

  • Osakidetza eta EAEko osasun-ikerketako institutuak minbiziaren arreta integraleko bikaintasunaren Europako akreditazioa lortzeko hautagai izendatu dituzte
  • Hautagaitza kalitate goreneko arreta onkologikoa eskainiko duten erreferentziazko zentroen sare bat sortzeko Europako proiektu baten parte da, eta proiektuaren helburua da 2028rako Europan minbizia duten pertsonen % 90ek tratamendu aurreratuak, ekitatiboak eta pazientea ardatz dutenak jaso ahal izatea
  • Osakidetza eta Osasun Saila laguntza-ibilbideak zehazten ari dira, minbizia duen pertsona bakoitzak jarraipen pertsonalizatua, etengabeko laguntza eta inplikatutako profesional guztien arteko arreta koordinatua izan dezan

Minbiziaren aurkako Munduko Egunean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri du Osakidetza eta EAEko osasun-ikerketako institutuak minbiziaren arreta integraleko bikaintasunezko osasun-sistemaren Europako akreditazioa lortzeko hautagai izendatu dituztela.

Aintzatespen hori Europa osoan kalitate goreneko arreta onkologikoa eskainiko duten erreferentziazko zentroen sare bat sortzera bideratutako European Network of Comprehensive Cancer Centres (EUnetCCC) izeneko Europako proiektuaren parte da. Helburua da 2028rako Europan minbizia duten pertsonen % 90ek tratamendu aurreratuak, ekitatiboak eta pazientea ardatz dutenak jaso ahal izatea, non bizi diren kontuan hartu gabe.

Bikaintasunaren eta pertsonak ardatz dituen arretaren aldeko apustua

Akreditazio horren estandarrak bat datoz 2030eko Euskadiko Onkologia Plan Integralarekin, hots, gure Erkidegoan minbiziaren aurkako borroka gidatzen duen ibilbide-orriarekin. Haren inplementazioak indartu egiten du Osakidetzak eta Osasun Sailak arreta koordinatuagoa, hurbilagoa eta kalitatezkoa eskaintzeko hartu duten konpromisoa.

Testuinguru horretan, bularreko minbizia ardatz duen lehen lantalde bat sortu da dagoeneko, eta eredua izango da beste minbizi mota batzuetan (hala nola haurren minbizian, kolon eta ondestekoan, biriketakoan edo prostatakoan) antzeko laguntza-ibilbideak diseinatzeko. Ibilbide horien helburua da prozesuaren fase bakoitzean etengabeko laguntza bermatzea, diziplina anitzeko taldeekin eta pertsonen premia errealak ardatz izango dituen arretarekin.

Baheketa-programetan egindako aurrerapenak

Detekzio goiztiarreko programak Onkologia Planaren funtsezko piezak dira. 2026. urtean, Osakidetzak zabaldu eta hobetu egingo ditu baheketak. Aurten Euskadin minbiziaren detekzio goiztiarraren esparruan izango diren berritasun nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Prostatako minbizia: baheketako pilotaje-programa zabaltzea. Guztira, 50-70 urteko 10.000 euskal herritarrek parte hartu ahal izango dute baheketa berri horretan. Hasierako fasean, joan den urtean, emaitza bikainak lortu zituen, % 50 inguruko parte-hartzea lortu baitzuen, Europako estandarren parekoa.
  • Umetoki-lepoko minbizia: laginak norberak hartzeko proiektu pilotu bat jarriko da abian, 1.500 emakumek proba etxean eroso egin ahal izateko. Proiektua baliagarria izango da Giza Papilomaren Birusa (GPB) detektatzeko.
  • Kolon eta ondesteko minbizia: baheketa 74 urtera arte luzatu izanari esker, 2.000 lesio eta minbizi-kasu baino gehiago detektatu ahal izan dira dagoeneko.
  • Bularreko minbizia: aurten, baheketa 48 urtetik aurrerako emakumeei eskaintzen hasiko zaie, 2027an 45 urteko emakumeei eskaintzeko helburuarekin.

Euskadiko Onkologia Plan Integrala 2030

Osasun Sailak eta Osakidetzak pazienteen elkarteekin batera landu duten eta Europarekin eta Euskadiko Osasun Itunarekin bat datorren Onkologia Planak minbizia duten pertsonen biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzeko 142 ekintza biltzen ditu. Hiru ardatz nagusi ditu: prebentzioa, detekzio goiztiarra eta arreta pertsonalizatua. Gainera, ikerketa, berrikuntza eta teknologien (hala nola adimen artifizialaren) erabilera bultzatzen ditu baheketa- eta diagnostiko-programak optimizatzeko.

Horrekin guztiarekin, Europan erreferentziazkoa den, pertsonak ardatz dituen eta ebidentzia zientifikoan oinarrituta eta minbiziarekin bizi direnei bizitza hobea bermatzera bideratuta dagoen arreta onkologikoarekin duen konpromisoa indartuko du Euskadik.

2 iruzkin
  •  erabiltzaile
  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2026-02-04

    Comentario de X:
    🗓️4 DE FEBRERO - DÍA MUNDIAL CONTRA EL CÁNCER

    📌 Euskadi da un paso adelante para convertirse en referente europeo en la atención al cáncer

    https://t.co/JxZ6akhg9i https://t.co/IT42HTNyWd

  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2026-02-04

    Comentario de X:
    🗓️OTSAILAREN 4A – MINBIZIAREN AURKAKO MUNDUKO EGUNA

    📌 Euskadik aurrerapauso handia egin du minbiziaren arretan Europako erreferentzia bihurtzeko

    https://t.co/JxZ6akhNYQ https://t.co/z5JAKGY4q8

Ekitaldiko kargudunak