Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Etxebizitzari Buruzko Itun Sozialeko Mahaiak bihar elkartuko dira Visesaren egoitzan birgaitze eta hiri eraberritze arloan akordioak lortzeko

2010.eko otsailak 08

Bihar, otsailak 9 (asteartea), Visesaren Gasteizko egoitzan (Gamarrako Atea, 1A. zk.- beheko solairua. El Boulevard Eraikina) lanari ekingo diote berriz ere, Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren ekimenez,  Euskadin Etxebizitzari buruzko itun soziala lortzeko lanean diharduten lan-mahaiak.

Biharko jardunaldian 50 lagun inguru bilduko dira, etxebizitzen birgaitze eta hiri-eraberritzearen arloan dauden jarrera ezberdinak aztertu, eztabaidatu eta hurbiltzeko asmoz.

Biharko lan-taldeek jada eraikita dagoen hirian esku-hartzeko politika berria finkatzen saiatuko dira, etxebizitza-premiei erantzuteko balioko duen erantzun egokia eta jasangarria emateko. Izan ere, garapen jasangarriak orain arte bultzatutako garapen eredua berraztertzea dakar, besteak beste lurzoruaren eta energiaren erabilera eta kudeaketa egokia lortzen saiatuz.

Biharko jardunaldian parte hartuko dutenak: eraikitzaileen elkarteetako ordezkariak, sustatzaileak, jabeak, auzokideak, finantza-erakundeak, udalak, sindikatuak, aparejadoreak, gazteriaren kontseilu nagusia, arkitektoak, Eve, alderdi politikoak, hirigintza-elkarteak, etorkinen elkarteak, kontsumitzaileenak, etab.

13:30ak inguruan, mahai bakoitzeko ordezkari batek bere taldeko eztabaida-argumentuak azalduko ditu eta, ondoren, Inaki Arriola sailburuak amaiera emango dio jardunaldiari.

Aurkezpen-jardunaldia 2009ko azaroaren 23an egin ondoren, Bilbon joan den asteartean egindako jardunaldian  babes publikoko etxebizitzen sustapena aztertu eta eztabaidatu zen. Parte hartu zuten erakundeetako ondorioak eta ekarpenak aztertu dira eta oraingo honetan, etxebizitzen birgaitzea eta hiri-eraberritzea aztertu eta eztabaidatuko da.

Hasitako prozesuaren helburua da etxebizitzaren arloan inplikaturiko agente publiko, sozial eta pribatu guztien arteko adostasuna lortzea, Euskadin hurrengo urteetan garatu beharreko ildo estrategikoak eta jardun-eremuak bideratzeko aukera emanez, eta Sailak aurten Eusko Legebiltzarrean aurkeztuko duen Etxebizitzari buruzko Lege Proiekturako oinarri gisa balio dezan.

Jaurlaritzak uste du parte-hartzaile guztien lankidetza eta ekarpenak funtsezkoak direla helburu handi hori lortzeko.

Ospatuko diren jardunaldietan erakundeek, eragile ekonomikoek eta gizarte eragileek, alderdi politikoek, sindikatuek, era guztietako hainbat elkartek, sustatzaileek eta abarrek hartuko dute parte hainbat lan-mahaitan banatuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Arriola López