
Euskadik bere lidergoa sendotu du ardoaren sektorean Barcelona Wine Week azokan, 48 enpresa ekoizleren parte-hartze errekorrarekin
- Eusko Jaurlaritzak ardoaren, sagardoaren eta euskal destilatuen nazioarteko proiekzioa bultzatzen du, estatuko kalitatezko ardoaren erakusleiho nagusian
- Amaia Barredo, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua: “Barcelona Wine Week aukera estrategikoa da munduari euskal ekoizpenen bikaintasuna, aniztasuna eta nortasun propioa erakusteko”
Bartzelonak Barcelona Wine Week (BWW) azokaren seigarren edizioa hartuko du gaurtik asteazkenera arte; estatuko kalitatezko ardoaren azoka nagusia da, eta ardoaren sektorearen nazioartekotzerako funtsezko plataformetako bat. Montjuïceko Fira de Barcelonako esparruan egiten den azoka honek parte-hartze errekorra izango du: 1.300 upategi baino gehiago eta 26.000 bisitari profesional baino gehiago espero dira, horietatik %20 nazioarteko merkatuetatik etorriak.
Testuinguru horretan, Euskadik nabarmen indartu du bere presentzia azokan, Eusko Jaurlaritzaren babespean parte hartzen duten 48 euskal enpresa ekoizlerekin. Kopuru horrek %71,4ko hazkundea dakar 2023arekin alderatuta —urte hartan parte hartu zuen Euskadik lehen aldiz Barcelona Wine Week azokan—, eta euskal ordezkaritzaren marka berria ezartzen du ekitaldian. Horiei beste 15 inguru euskal enpresa gehitu beharko litzaizkieke, euren kabuz azokara joan direnak.
Parte hartzen duten enpresak Arabako Errioxatik, Euskadiko Txakolinetik eta Euskal Sagardoatik datoz, eta aurten lehen aldiz Arabako bi destilategi ere gehitu dira, azokan ordezkatutako euskal produktuen aniztasuna handituz. Enpresa guztiak 1. pabiloian kokatuta daude, Jatorri Deiturei eta kalitate-zigiluei eskainitako BWW Lands eremuan; destilategiak, berriz, proiektu txiki eta sortzaileei zuzendutako BWW Impulse gunean integratu dira.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredok azpimarratu duenez, “Barcelona Wine Week azokan euskal partaidetzaren hazkunde iraunkorrak sektorearen dinamismoa eta gure upategi eta ekoizleek merkatu berriak irekitzeko eta nazioarteko posizionamendua sendotzeko duten interesa islatzen du”.
Euskadiren guneko elementu nabarmenenetako bat berriro ere Basque Wine Bar da: Basque Wine marka sustatzailearen babesean dauden ardoen erakusketa eta dastatze-gune espezifikoa. Iaz publiko profesionalaren harrera handia izan zuen espazio honek arreta pertsonalizatua eskaintzen du, ardo bakoitza banaka baloratuz, eta erosleen eta upategien arteko harreman zuzena errazten du.
Mikel Garaizabal enologoa arduratzen da dastaketak gidatzeaz eta bisitariei aholkularitza emateaz; ondoren, upategi ekoizleak zuzenean ezagutzera gonbidatzen ditu haien standetan. Basque Wine Bar 1. pabiloian dago, B181 standean, gainerako euskal enpresekin batera.
Barcelona Wine Week 2026k bigarren urtez jarraian bi pabiloi hartzen ditu, %9ko hazkundea izan du eta 10.800 m²-ra iritsi da. Gainera, 80 jarduerako programa zabala eta 136 aditu nazional eta nazioartekoren parte-hartzea ditu, sektorearen ezagutza, berrikuntza eta joeretarako topagune nagusi gisa sendotuz.
“Babes instituzionala funtsezkoa da gure enpresek nazioarteko merkatuetan baldintza berdinetan lehiatu ahal izateko”, gaineratu du Barredok. “Eusko Jaurlaritzatik lehen sektorea eta elikadura-industria laguntzen jarraitzen dugu, sustapen, bereizketa eta balioa sortzeko estrategian”.
UPATEGIEN ZERRENDA
Arabako Errioxako upategiak:
Altos de Rioja
Altún
Área Pequeña Viticultores
Bodega 202
Bodega Bello Berganzo
Bodegas de la Marquesa-Valserrano
Bodegas Familia Chavarri
Bodegas Fos
Bodegas Heredad de Aduna
Bodegas Loli Casado
Bodegas Monastasia Rioja
Bodegas Ruiz de Viñaspre
Bodegas Tierra
Bodegas Valdelana
Bodegas Ysios
Carmen F. Uriarte - Viticultura y Vino
Córdoba Martínez
Domaine Canadell Sanchez
Dominio del Challao
Eguren Ugarte
Garcia de Olano
Hermanos Frías del Val
Luberri Monje Amestoy
Ostatu
Oxer Wines
Pujanza Bodegas y Viñedos
Señorío de Arana
Ukan
Valdemar Family
Arabako Txakolina:
Artomaña Txakolina
Astobiza
Cámara de Comercio de Bilbao
Getariako Txakolina:
Bodega Aitaren Upategia
Bodega K5
Gaintza Txakolina
Hika Bodega
Hiruzta Txakolina
Mokoroa Txakolina
Talai Berri Txakolina
Txakoli Ameztoi
Txakoli Rezabal
Txomin Etxaniz
Bizkaiako Txakolina:
LVRE Wines
Talleri Berria Upategia eta Mahastiak
Txakoli Virgen de Lorea (Otxaran)
Euskal Sagardoak:
Sidras Bereziartua Sagardoak
Zapiain
Destilatuak:
Basque Moonshiners
Licores y Vermouth Barañano
-
2026-02-02
Comentario de X:
🍷 Presencia récord de empresas productoras del sector vitivinícola vasco en la feria internacional #BarcelonaWineWeek.
🔗 https://t.co/ftqWqsqush https://t.co/iuDNLrG7XW -
2026-02-02
Comentario de X:
🍷 Euskal ardogintza sektoreko ekoizleen presentzia errekorra aurtengo #BarcelonaWineWeek nazioarteko azokan.
🔗 https://t.co/G1ZqYZaQfn https://t.co/qbqq99kRbk -
2026-02-02
Comentario de X:
🍷Euskadi refuerza su liderazgo vitivinícola en Barcelona Wine Week con una presencia récord de 48 empresas productoras. -
2026-02-02
Comentario de X:
🍷 Euskadik bere lidergoa sendotu du ardoaren sektorean Barcelona Wine Week azokan, 48 enpresa ekoizleren parte-hartze errekorrarekin.


