
Imanol Pradales biozientzien euskal ekosistema indartuko duen MiKS Ospitalearen inaugurazioan izan da
- Zentroak terapia biologikoen eta medikuntza birsortzailearen inguruko ikerketa bultzatzen du, eta lankidetza publiko-pribatua indartzen du esparru biosanitarioan
- Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du lankidetza publiko-pribatu arinago baterantz aurrera egiteko duen borondatea
- Imanol Pradales: “Gure Gobernu Programak eta Osasun Itunak jasotzen duten bezala, gure konpromisoa da Osakidetzak "biotech" startupekin eta sektoreko eragile biosanitarioekin batera produktu klinikoak ikertzeko eta garatzeko funtsezko tresna gisa betetzen duen zeregina hobetzea”
MiKS Ospitaleak instalazio berriak inauguratu ditu astelehen honetan Gasteizen, Imanol Pradales Lehendakaria eta Alberto Martínez Osasuneko sailburua bertan zirela.
Osasun-zentro berriak hiru solairu eta 4.000 metro koadroko azalera eraikia ditu. Bertan, teknologia aurreratuaz hornitutako laguntza-, kirurgia-, ikerketa- eta errehabilitazio-zerbitzuak eskaintzen dira.
Eskaini duen hitzaldian, Mikel Sanchezek bikaintasun medikoarekin eta etengabeko hobekuntzarekin, eta, aldi berean, Arabarekin eta Euskadirekin duen konpromiso bikoitza azpimarratu du Lehendakariak. Ildo horretan, adierazi du MiKS ospitaleak biozientzien euskal ekosistema aberasten eta Euskadik medikuntza birsortzailearen esparruan duen lekua indartzen lagunduko duela, pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako terapia biologiko, biomaterial eta teknika kirurgiko berriak garatzearen eta ikertzearen bidez.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak horrelako ekimenei eskaintzen dien babesa eta lankidetza publiko-pribatu arinago baterantz aurrera egiteko duen borondatea nabarmendu ditu Pradalesek. Gobernu Programaren eta Osasun Itunaren ildotik, Osakidetzak startup bioteknologikoekin eta sektoreko eragile biosanitarioekin lankidetzan produktu klinikoak ikertzeko eta garatzeko funtsezko tresna gisa betetzen duen zeregina indartzeko konpromisoa gogorarazi du.







