Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak

Lanbidek 165 milioi euro ordaindu ditu Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) eta Etxebizitzako Gastuak Osatzeko Prestazioa (EGOP) kudeatu dituen aurtengo lehen bost hilabeteetan, iazko aldi berari dagokiona baino % 4,5 gehiago

2012-05-29

 

  •  "Gobernu hau gastu sozialean inoiz egin den ahaleginik handiena egiten ari da, okerren pasatzen ari diren herritarrei laguntzeko", nabarmendu du Gemma Zabaletak
  • Bizkaiak ordainketen % 68,5 egin ditu, Gipuzkoak % 16,9 eta Arabak % 14,5

Lanbidek 165 milioi euro ordaindu ditu Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) eta Etxebizitzako Gastuak Osatzeko Prestazioa (EGOP) kudeatu dituen aurtengo lehen bost hilabeteetan, iazko aldi berari dagokiona baino % 4,5 gehiago.

"Gobernu hau gastu sozialean inoiz egin den ahaleginik handiena egiten ari da, okerren pasatzen ari diren herritarrei laguntzeko", nabarmendu du Gemma Zabaletak, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. Egindako ordainketen % 82,9 Diru-sarrerak Bermatzeko Errentari dagokio eta gainontzeko % 17,1 Etxebizitzako Gastuak Osatzeko Prestazioari.

Lurraldeka, DBEko eta EGOPeko gastuen % 68,5 Bizkaiari dagokio, Gipuzkoari % 16,9 eta Arabari gainontzeko % 14,5.

Bai nominen kopuruak, bai DBErekin eta EGOPekin egindako izapide-kopuruak -217.000 baino gehiago-, garbi uzten dute Lanbidek eta bertako langileek prestazioen osoko kudeaketarekin egindako aparteko ahalegina", azpimarratu du Gemma Zabaletak.

"Kudeaketa osoak pertsonak aktibatzeko eta iruzurra kontrolatzeko aukera ematen digu, eta horrela diru gehiago eskaini dezakegu, eta jende gehiagori arreta hobea eman ahal diegu. Horiek dira Lanbidek egindako kudeaketaren datu objektiboak eta neurgarriak" baieztatu du Lanbideko Administrazio Kontseiluko lehendakariak.

Ordaindutako azken nominan, maiatzekoan, Lanbidek 32,5 milioi euro ordaindu ditu bi prestazio horien kontura. EAEn 58.156 familia-unitatek dute DBE kobratzeko eskubidea; EGOP, berriz, 20.781 familia-unitatek kobratu dezakete.

Kudeaketako hasierako bost hilabete hauetan, Lanbidek 7.334 eskaera berri egiaztatu eta onartu ditu, Diru-sarrerak bermatzeko Legeak ezarritako betekizunak betetzen zituztela egiaztatu ondoren; eta horiekin batera bestelako kasuak egon dira: prestazioak berritzea, aztertzea, aldatzea, etetea eta iraungitzea.

Gaur egun, EAEn, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta 58.156 pertsonek jasotzen dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan