Berriak Hezkuntza
qrcode

Eusko Jaurlaritza ekitatea, inklusioa eta eskola-eraginkortasuna hobetzeko neurriak definitzen aurrera doa Eskola Bikaina Denontzat Mahaiaren bostgarren saioan

2026-01-28
  • Bileran hezkuntza-sistemako eragileen ordezkaritza zabala izan da, eta diagnostikoak partekatzera, proposamenak kontrastatzera eta irtenbide komunetan aurrera egitera bideratutako elkarlaneko lan-dinamiketan parte hartu dute.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur goizean ospatu du, IDarte Euskadiko Diseinu Publikoko Eskolaren egoitzan, Eskola Bikaina Denontzat Mahaiaren bosgarren saioa. Mahai hori ikasturte hasieratik bultzatu da hezkuntza sistema ekitatiboago, inklusiboago eta kalitatezkoago baterantz aurrera egiteko, irtenbideak eraikitzeko, eta eskola segregazioari aurre egiteko.

Mahaian parte hartu duten eragileen parte-hartzearekin, bilerak aukera eman du neurriak zehazteko, Mahaiak jada adostutako printzipioetatik abiatuta eta zehaztutako ildo estrategikoen esparruan: eskola-arrakasta sustatzea; eskaintzaren eta eskolatzearen kudeaketa; eta familiekin lan egitea eta administrazioen artean batera jarduteko politikak.

Aurreko saioan gertatu zen bezala, zaurgarritasun handieneko testuinguruetako ikasleak dituzten Euskadiko ikastetxeetako bi profesionalen testigantza zuzena jaso da: Javier Morativos, Santurtziko Calasanz ikastetxeko zuzendaria, eta Uxue Maruri, Bilboko Zazpilanda HLHIko ikastetxeko zuzendaria. Horiek beren eguneroko esperientzia eta ingurune konplexuetan kalitatezko hezkuntza bermatzeko garatzen dituzten estrategiak partekatu dituzte. Bi esku-hartze horiei esker, halaber, arreta jarri ahal izan da ikastetxeek dituzten benetako erronketan, bai eta desberdintasunak murrizten, eskolako bizikidetza indartzen eta ikasle guztiek ikasteko eta garatzeko aukera berdinak izatea bermatzen duten hezkuntza-praktiketan ere, testuinguru sozioekonomikoa edozein dela ere.

Eskola Bikaina Denontzat Mahaiak hurrengo saioetan biltzen jarraituko du, neurri zehatzen definizio partekatuan aurrera egiten jarraitzeko, erantzunkidetasunaren logikatik eta hezkuntza-eragile desberdinen inplikazio aktiboarekin —Euskadiko administrazio publikoak, hezkuntza-sistemako eragileak, sindikatuak, unibertsitateak, itunpeko patronalak, alderdi politikoak eta gizarte-erakundeak—. Fase honetan zehaztuko diren neurriak datozen hilabeteetan garatu eta lehenetsiko dira, eta Hezkuntza Sailak hezkuntza-sistema aldatzeko eta hezkuntza-komunitate osoarentzat eredu bidezkoagoa, inklusiboagoa eta kalitatezkoagoa finkatzeko ezarriko duen hezkuntza-bide orriaren oinarria izango dira.

Gobernuaren apustua

Eskola Bikaina Denontzat Eusko Jaurlaritzaren apustu bat da, Imanol Pradales Lehendakariak sustatua eta Hezkuntza Sailak koordinatua, eskola-segregazioari aurre egiteko, ekitatea eta inklusioa indartzeko, hezkuntza-emaitzak hobetzeko eta euskal hezkuntza-sistemaren kohesioa indartzeko. Prozesuak ikasturte amaierara arte jarraituko du lan-saio berriekin, bide-orri partekatu bat osatuko duten neurriak definitu eta lehenesteko, gero inplementatu aurreko urrats gisa.

Prozesu anitza eta adierazgarria

Euskadiko administrazio publikoek, hezkuntza sistemako eragileek, sindikatuek, unibertsitateek, itunpeko patronalek, alderdi politikoek eta gizarte-erakundeek osatzen dute mahaia.

Administrazio publikoetatik, ondoko hauek dira hartzen dutenak Mahaian: Ikastetxe eta Plangintza Zuzendaritza (Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza), Familiekin eta Hezkuntza Komunitatearekin Koordinatzeko Zuzendaritza (Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza), Hezkuntza Politiketako Sailburuordetza (Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza), Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetza (Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza), eta Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailburuordetza (Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila, Eusko Jaurlaritza), EUDEL, Biltzen, Euskadiko Eskola Kontseilua, Hezkuntzako Ikuskaritza eta Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI-IVEI).

Mahaiko kide dira, halaber, familia- eta ikasle-elkarteak, hala nola EHIGE eta Fapacne; inklusioan eta hezkuntza-eskubideetan espezializatutako erakundeak, hala nola UNICEF, Save The Children, Plena Inclusion edo Eusko Ikaskuntza; eta euskal unibertsitate nagusiak (UPV/EHU, Deusto, Mondragon Unibertsitatea eta BAM).

Alderdi politikoetako (EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu eta PP), sindikatuetako (UGT, CCOO, Interinoak) eta patronaletako (Kristau Eskola, Ikasgiltza, AICE, EIBE, Elizbarrutia eta Ikastolen Elkartea) ordezkariak ere Mahaiko kide dira.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak