qrcode

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Nekazaritza Ministerioak dermatosiaren aurkako txertaketa Euskadi osoan ez zabaltzeko hartu duen erabakia deitoratu du

2026-01-22
  • Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak dermatosi nodular kutsakorraren aurkako txertaketa osoa beharrezkoa dela azpimarratu du
  • Abeltzaintza-sektorearen ahultasunaz eta Espainiako Gobernuak euskal lehen sektorearen errealitatearekiko duen sentikortasun faltaz ohartarazi du Amaia Barredok

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak harridura eta kezka adierazi ditu Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak gaur hartutako erabakiaren aurrean: ez baimentzea dermatosi nodular kutsakorraren aurkako txertaketa Euskal Autonomia Erkidego osoan, eta neurri hori Gipuzkoako Lurralde Historikora mugatzea, hasieratik mantendu duen irizpideari jarraituz.

Hilabeteak dira Eusko Jaurlaritza Euskadi osoan prebentziozko txertaketa defendatzen ari dela, abeltzaintza-sektorea babesteko eta osasun-segurtasuna bermatzeko aukerarik eraginkorrena dela iritzita. Erantzun aldekorik jaso ez zenez, Sailak ondoren aukera mugatuagoak proposatu zituen; horien artean, peritxertaketa-eremuaren txertaketa, zeinak abeltzaintza-karga handiko eremuak eta Arabako eta Bizkaiko larre komunalen eta mendiko larreen zatiak barne hartzen baititu, ustiategi askok ohiko erabileran dituztenak. Proposamen hori ere ez du onartu Espainiako Gobernuko Nekazaritza Ministerioak.

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak adierazi duenez, “erabaki honek egoera kezkagarrian uzten gaitu, ez baita kontuan hartzen gure abeltzaintza-ustiategien errealitatea ezta Euskadiko lehen sektorearen funtzionamendua ere”. Haren esanetan, “abeltzaintzaren mugikortasunak eta larre komunalen erabilera partekatuak txertaketaren ikuspegi zabalago eta prebentiboagoa eskatzen dute”.

“Ez dugu bat egiten Espainiako Gobernuko Ministerioaren irizpidearekin; izan ere,  Frantziako  eskualde  mugakideetan  dagoen  txertaketa-maila  altuan oinarritzen da Euskadi osorako txertaketa ukatzeko. Horrek sentikortasun falta erabatekoa erakusten du euskal abeltzainen eta jada egoera ahulean dagoen sektore baten aurrean, zero arriskua ez delako existitzen”, deitoratu du Barredok. Bere ustez, txertaketa Gipuzkoako Lurralde Historikora mugatzeak ziurgabetasuna areagotzen du eta ez ditu jarduera abeltzainaren segurtasuna bermatzeko beharrezko bermeak eskaintzen.

“Eusko Jaurlaritzak abeltzaintza-sektorearekin duen konpromisoa argia da, eta gure profesionalentzako ziurtasuna eta babesa eskaintzeko beharrezkoak diren neurri guztiak defendatzen jarraituko dugu”, amaitu du Amaia Barredo sailburuak.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, txertaketa zabaltzeari uko egiteak eta peri-txertaketa eremu mugakideetara ere ez zabaltzeak ez dio erantzuten ez jarrera arduratsu bati ezta osasun-prebentzioaren ikuspegi integral bati ere, eta ustiategiak babesik gabe uzten ditu.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak eta foru-aldundiek berresten dute Espainiako Gobernuko Nekazaritza Ministerioaren aurrean azpimarratzen jarraituko dutela txertaketa zabalago bat baimentzeko beharrean, osasun-segurtasuna bermatzeko, euskal lehen sektorea babesteko eta etorkizunean haren bideragarritasuna ziurtatzeko helburuarekin.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @itsaslurraEJGV
    2026-01-23

    Comentario de X:
    🐄 El Gobierno Vasco lamenta la decisión adoptada hoy por el Ministerio de Agricultura de no ampliar la vacunación contra la Dermatosis a toda Euskadi e insiste en la necesidad de una vacunación completa frente a la dermatosis nodular contagiosa.

    🔗 https://t.co/0B56jRYlVE https://t.co/DLj2OBiEGO

  • Argazkia SN Robot
    @itsaslurraEJGV
    2026-01-23

    Comentario de X:
    🐄 Eusko Jaurlaritzak Espainiako Nekazaritza Ministerioak dermatosiaren aurkako txertaketa Euskadi osoan ez zabaltzeko hartu duen erabakia deitoratu du, dermatosi nodular kutsakorraren aurkako txertaketa osoa beharrezkoa dela azpimarratuz.

    🔗 https://t.co/OSyIoUrtpE https://t.co/mxpZH42Hdl

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak