Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Amerika Arteko Garapen Bankuak Euskadiko hirien eraldaketa eta birsortze eredua aztertuko du

2012.eko maiatzak 28

 

Amerika Arteko Garapen Bankuak Euskadiko hirien eraldaketa eta birsortze eredua aztertuko du

•-                                  Latinoamerikako finantza erakunde nagusiaren ordezkaritza tekniko bat Euskadin izango da gaurtik (astelehena) ostiralera bitartean; bisitaldi hau Patxi López Lehendakariak urrian AEBra eginiko enpresa misioaren emaitza da.

 

•-                                  Bakarrik iaz BIDek 8.300 milioi eurotik gora esleitu zituen Latinoamerikan garapen proiektuak egiteko.

 

•-                                  Erakunde honek hilabetean egin digun bigarren bisita da hau, eta horrek aukera ematen die euskal enpresei Latinoamerikako negozioetan parte hartzeko.

 

 

 

 

 

Gaurtik hasi eta ostiralera arte, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Garapenerako Amerika Arteko Bankuko (BID) Hiri Hazkor eta Iraunkorren Programako ordezkaritza baten bisita jasoko du, aztertu nahi dutelako zein eredu erabili dituen Euskadik azken urteotan hiri nagusi eta hiriburuak eraldatu eta birsortzeko. BIDek hilabetean egin digun bigarren bisita da hau, eta horrek aukera emango die euskal enpresei Latinoamerikako negozioetan parte hartzeko, bereziki hasierako faseetan eta aholkularitza kontuetan.

 

BID Latinoamerikako finantza erakunde nagusia da eta Latinoamerikako garapena sustatzea du helburu. Ordezkaritza honen bisitaldia Patxi López Lehendakaria buru zuen AEBrako enpresa misioaren emaitza da. Harako hartan, Lehendakariak hitzarmen bat sinatu zuen BIDekin, bitartekari lanak egiteko finantza erakunde horren eta Latinoamerikan proiektuak gauzatu nahi dituzten euskal enpresen artean. Bakarrik 2011. urtean BIDek 8.385 milioi euro banatu zituen mailegu eta emaitzatan, Latinoamerikaren garapena sustatuko duten proiektuak martxan jartzeko.

 

BIDeko ordezkaritzaren bisitak helburutzat dauka lehen eskuko informazioa biltzea EAEk hirien eraldaketa eta birsortzean duen esperientzia frogagarriari buruz. Euskadik lankidetza publiko-pribatua eta publiko-publikoa bezalako formulak erabili ditu horrelako prozesuetan eta horrek hainbat herrialdetako zein organismo multilateraletako erakunde eta instituzioen interesa piztu du. BIDek hirien birsorkuntza proiektua abiarazi du, eta Latinoamerikako zazpi hiri aukeratu ditu horien egoera eta arazoak diagnostikatzeko.

 

Gure hiriburuetako birsortze lanek nazioarteko errekonozimendua jaso dute: Bilbok LiveCom Awards 2011 (PNUMA) eta Lee Kuan Yew World City 2010 (Hirien Nobela) sariak jaso ditu; Gasteiz aurten Europako hiriburu berdea izango da eta Donostia kultur hiriburua 2016an. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da SPRIk (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak) Euskadi mailan zuzenduko duen proiektua, URBE 50 Plataforma, eta baita ere Basque Country Expertise, zerbitzu aurreratu profesionalak eskaintzen dituzten enpresen negozioa atzerrian handitzeko ekimena.

 

Testuinguru horretan, Garapenerako Amerika Arteko Bankuak (BID) Hiri Hazkor eta Iraunkorren (CES) plataforma abiarazi du. Nagusiki tamaina ertaineko hirietan zentratuko da, horiek baitira ongien kokatuta daudenak hazkunde ordenatua eraginkortasunez planeatzeko, etorkizuneko hiri erronkei egokitzeko eta kontinenteko beste metropoli batzuetan egin diren akatsak saihesteko.

 

Hiriek erronka berriei aurre egin behar diete zerbitzu publikoak diseinatzeko eta kudeatzeko, eta tokiko gobernuek horien bidez bermatu behar dute bizi kalitatea eta iraunkortasuna. Horrek esan nahi du berotegi efektua eragiten duten gas isuriak murriztu behar direla, energi aurrezkia eta eraginkortasuna sustatu behar dela, uraren eta materialen kudeaketa hobetu behar dela, diru-sarrera gutxi dituzten familientzako etxebizitza hornidura bermatu behar dela, hiri garraio kolektiboko proiektuak garatu behar direla, tokiko garapen ekonomikoa sustatu behar dela, parkeak eta espazio berdeak sortu behar direla...

 

Egitaraua

 

Bost egun horietan, Garapenerako Amerika Arteko Bankuko ordezkariek hainbat bilera egingo dituzte Bernabe Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuarekin eta Tomás Orbea, SPRIko (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateko) zuzendari nagusiarekin. Topaketen bidez informazioa jasoko dute EAEko lehiakortasun iraunkorreko politikei buruz: mugikortasun, azpiegitura eta etxebizitza planak, ingurumenaren babesa eta lurralde antolamendua Euskadin... Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Pilar Unzaluk emango die azken horri buruzko informazio guztia.

 

Bilbo eta Gasteizko goi ordezkariek egingo diete harrera eta, EAEko hiru hiriburuak bisitatu ostean, lehen eskuko informazioa jasoko dute Gasteizko hiriburutza berdeari buruz edota Bilbon gauzatutako eraldaketaren eta zehazki metroko esperientziei buruz. Bestalde, bilerak egingo dituzte iraunkortasun proiektuetan eskarmentua duten euskal enpresekin, EEE-Energiaren Euskal Erakundearekin (auto elektrikoaren proiektua zertan den ikusteko), IHOBErekin eta URA Agentziarekin, Uraren kudeaketa eta Uholdeen Prebentzioa lantzeko.

 

Lehendakariak 2011ko urrian BIDera egin zuen bisitaldiak ireki ditu beste lankidetza-aukera batzuk ere. Hala, pasa den martxoan euskal hiriburuetako hiri eraberritze eredua aurkeztera gonbidatu zuten Eusko Jaurlaritza (SPRIren bidez) URBE2050 proiektuaren markoan.

 

Maiatzaren hasieran (hilaren 7tik 11ra) BIDeko beste ordezkaritza bat izan zen Euskadin. Harako hartan bisitarien helburua zen lehen eskutik jakitea zein instrumentu eta zerbitzu abiarazi dituen Eusko Jaurlaritzak enpresa sarea bultzatzeko eta bere lehiakortasuna sendotzeko.

 

Garapenerako Amerika Arteko Bankua

Garapenerako Amerika Arteko Bankua (BID) nazioarteko finantza erakunde bat da, 136.000 milioi euroko kapitala duena, eta bere helburu nagusia da garapen ekonomiko, sozial eta instituzionaleko proiektu bideragarriak finantzatzea Latinoamerikan eta Kariben eta eskualdeko integrazio komertziala sustatzea.

2011. urtean BIDek 8.385 milioi euro banatu ditu mailegu eta emaitzatan, Latinoamerikaren garapena sustatuko duten proiektuak martxan jartzeko.  Proiektu horiek nagusiki lau sektoretan sailkatzen dira: produktibitatea sustatzeko politika sozialak, hazkundea eta ongizate soziala lortzera bideratutako erakundeak, lehiakortasuna eta nazioarteko integrazio globala eta ingurumenaren babesa (klima aldaketari aurre egin, energia berriztagarriak sustatu eta elikagaiak segurtatu).

Iruzkin bat
  • @TCI_2012
    2012.eko maiatzak 31

    Comentario de Twitter:
    Talking about #cities... RT @Irekia_News: IDB analyses the model to transform & regenerate #cities of #BasqueCountry . http://t.co/UIzwZtDc

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan