qrcode

Arabako Lautadako aldiriko tren-zerbitzuaren lehen hilabeteak positibotzat jo dituzte erakundeek eta zerbitzu hori sendotzearen alde egin dute

2026-01-22
  • 2025eko ekainetik abendura bitartean, % 35 joan-etorri gehiago egin dira trenean, 168.477 ibilbiderekin, eta aurreko urtean 124.702 izan ziren, distantzia ertaineko zerbitzu eta tarifekin
  • Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chueca udal- eta foru-ordezkariekin bildu da funtzionamendua eta hobekuntza posibleak aztertzeko
  • Eusko Jaurlaritzak eta Renfek aurten Bat txartela zerbitzuan txertatzeko lanean ari dira

 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak lan-topaketa bat izan du ostegun honetan Mugikortasun Jasangarri eta Bide Azpiegituretako foru diputatu Jon Nogalesekin eta Arabako Lautadako udaletako arduradunekin, Arabako lurraldean aldiriko tren-zerbitzuaren arloko eskumena hartu zenetik igaro den lehen urtea eta aldiriko tren-zerbitzua hobetu zenetik igaro diren zazpi hilabeteak aztertzeko.

Bileran, foru-diputatuaz gain, Araia, Agurain, Alegria-Dulantzi, Gasteiz, Iruña Oka eta Manzanoseko Administrazio Batzordeko udaletako ordezkariek parte hartu dute, eta nabarmendu da joan den maiatzaren 30ean aldiriko tren-zerbitzua abian jarri zenetik 168.477 ibilbide egin direla, hau da, % 35,1eko igoera 2024ko aldi berarekin alderatuta (ekaina-abendua); une horretan, distantzia ertaineko zerbitzu bat zegoen, maiztasun txikiagoekin eta prezio altuagoekin. 2025eko abenduari dagokionez, bidaia-kopurua egonkor mantendu zen aurreko hilabetearekin alderatuta: 27.366 bidaia, 2024ko hilabete berekoa baino askoz kopuru handiagoa, % 85,97ko igoerarekin. Hain zuzen ere, abenduko lehen astean erregistratu zen zerbitzuaren lehen zazpi hilabete hauetako bidaiari-kopuru handiena.

Susana García Chueca sailburuak nabarmendu duenez, “tren-zerbitzu hasiberria da, eta oraindik ere bide luzea du sendotzeko, baina oso harrera ona izan du herritarren artean, eta eskerrak eman nahi dizkiet gure deiari erantzuteagatik eta autoa etxean uzteko erabakia hartzeagatik, lanera edo ikastegira joateko trena erabiltzearen alde”. Garraio arduradunak (Garraio eta Herri Lan Sailak duela urtebetetik kudeatzen du aldiriko tren-zerbitzuaren eskumena, eta, besteak beste, Arabako Lautadako zerbitzua aktibatzeari eman dio lehentasuna) nabarmendu du lehen hilabeteetan dagoeneko doikuntzak egin direla ordutegian, “zerbitzua ahal den neurrian pertsonen benetako beharretara egokitzeko”, besteak beste, goizeko lehen orduko ordutegiaren kasuan.

Hurrengo urratsak

Lehen hilabete hauetan udal-ordezkarien iritzia entzuteaz gain, Jaurlaritzak ateak zabalik utzi ditu ordutegietan egin daitezkeen beste edozein egokitzapenen bideragarritasuna aztertzeko, udalerrietako herritarren egunerokotasunari hobeto erantzun ahal izateko. Eta sarearen irisgarritasunaren eta segurtasunaren arloan egindako aurrerapenen berri eman du, aurten bertan ADIFek Iruña Okako geltokiaren obrak lizitatu baititu —nasen arteko trenbide-pasaguneak kentzea eta lurpeko pasagune bat jartzea, igogailuen bidez sartu ahal izango dena, eta irisgarritasuna hobetzea, aldapa handi bat duten arrapalak kenduta—. Eta gogorarazi du, halaber, joan den abenduan whatsapp bidezko informazio-kanal bat jarri zela abian, erabiltzaileek informazio pertsonalizatua jaso dezaten, aukeratutako trenen zirkulazio-egoerari eta ordu-tarteei buruz.

Bileran Bat txartelaren erabilerari buruz hitz egin da eta Eusko Jaurlaritzak udalerriei helarazi die Renferekin lanean ari dela aurten txartela tren zerbitzu honetan erabiltzeko. Gainera, tren maiztasun berriak eskatu dira udalerrien aldetik. Ildo horretan, Jaurlaritzak udalerriei eskaerak argudiatuta egon behar direla azaldu die eta hiritarren behar bat egon behar dela, Arabako Lautadan dagoeneko martxan dauden beste garraio publikoek betetzen ez dituzten beharrak.

Hiriarteko garraio intermodalaren hazkundea

Zentzu horretan, Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak autobus eta tren zerbitzuen osagarritasunaren garrantzia azpimarratu dute, Arabako Lautadan garraio publikoko eskaintza oso bat emateko. Jon Nogales foru-diputatuak aldiriko garraio-zerbitzuaren balantze “oso positiboa” egin du, Arabako herritarrentzako garraio publikoaren zerbitzuak dakarren “hobekuntza garrantzitsuagatik”, eta azpimarratu du datuek erakusten dutela, gainera, foru-garraioaren eskaintzarekin “osagarriak” direla.

Hala, nabarmendu du Arabako Lautadara —L5 Vitoria-Gasteiz/Alegria-Dulantzi/Araia, L13 Vitoria-Gasteiz/Langraiz/Bóveda eta L19 Vitoria-Gasteiz/Miranda— doazen bidaiarien kopurua % 10 igo dela 2025eko ekainetik abendura bitartean, 2024ko aldi berarekin alderatuta. “Aldiriko garraioen eta Alavabuseko linea horien erabileraren hazkundeak agerian uzten du herritarrek erantzun egiten dutela garraio publikoaren eskaintza modu koordinatuan haien eskura jartzen dugunean”, esan du.

Arabako Lautadako aldiriko trenbide-zerbitzu berriak bederatzi geltoki ditu udalerri hauetan: Miranda de Ebro, Manzanos, Argantzun, Iruña Oka, Gasteiz, Dulantzi, Agurain, Araia eta Altsasu. Herritarrei hobekuntzak eskaintzen dizkie, bai maiztasunetan, bai tarifetan, eta % 30 ere murriztu du txartelen prezioa.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @v_en_c
    2026-01-26

    Comentario de X:
    Las instituciones valoran positivamente los primeros meses del servicio ferroviario de cercanía en la Llanada alavesa y apuestan por su consolidación
    https://t.co/lL0Wzmnnd0

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jon Nogales, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatua