Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

LAB Sindikatuak sektore publikoan maiatzaren 31rako deitu duen grebarako gutxieneko zerbitzuak

2012.eko maiatzak 28

 Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak sektore publikoan Euskal Autonomia Erkidegoan 2012ko maiatzaren 31rako deitutako grebak dirauen bitartean erkidegoari eskaini behar zaizkion funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzeko agindua eman du. Deialdiak hezkuntza arloan gizarte-ekimeneko zentroak eta ikastolak ere jasotzen ditu.

Horregatik guztiagatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailburuak,  Eusko Jaurlaritza eskuordetuz, 2012ko maiatzaren 25eko Aginduan, honako hau

EBATZI DU:

Lehena.‑ Euskal Autonomia Erkidegoan sektore publikoko langile guztiek 2012ko maiatzaren 31rako, txandakako lanaldi ezberdinak gorabehera, deialdia egin zaien grebarako eskubidea balia dezakete, betiere ondoren adierazten diren funtsezko prestazioak eta horien ondoriozko gutxieneko zerbitzuak atxikita:

1.- Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuak, osasun-zerbitzuak emateaz arduratutako erakunde publikoak, honako zerbitzu hauek mantenduko ditu:

a) Ospitaleak: alta medikoak, larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa eta ospitaleratutako gaixoak behar bezala zaintzea. Aurrez zehaztu diren eta geroraezinak diren tratamendu onkologikoak eta dialisi-prozesuak ere mantenduko dira. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute.

b) Lehen mailako arreta, betiere Lehen Mailako Arretako Unitate bakoitzeko buruetan honako langile hauek daudela: arretako mediku 1 zentroan, pediatra 1, etxeko arretako mediku 1, arretako erizain 1 zentroan, etxeko arretako erizain 1 eta zelari eta bezeroaren arretarako profesional 1. Ezkerraldea-Enkarterri eskualdean burutzat hartuko dira Balmasedako eta Karrantzako osasun-zentroak

c) Larrialdi-zerbitzuen eta Atentzio Iraunkorreko Guneen % 100.

d) Call Center zerbitzuan, pertsonalaren % 50, hots, 7 administrari laguntzaile goizeko txandan eta 3 administrari laguntzaile arratsaldeko txandan.

2.- Udal-hilerrietan, horretarako ezinbestekoak diren langileekin, hilobiratze- eta/edo errausketa-zerbitzua mantenduko da, soilik hori egitea ezinbestekoa denean eta horretarako alternatiba bideragarririk ez dagoenean.

3.- Herri Administrazioetako bide-segurtasuneko zerbitzuak eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak (SOS DEIAK, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak, errepideen mantentzea eta larrialdiak aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa, eta abar) eta Herrizaingo Sailaren komunikazio- eta informatika-arloa, jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin egingo dira.

4.- Egoitza geriatrikoetan, baita mendetasun- edo ezintasun-mailaren bat duten pertsonak barnean hartzen dituzten bestelakoetan ere, jaiegunetako zerbitzuak mantenduko dira.

5.- Eguneko zentroetan, zuzeneko arretako zerbitzuak mantendu edo atxikiko dira, zuzeneko arreta hori gauzatzen duten langile gerokultoreen edo klinika-laguntzaileen % 50arekin, janaria emateko ohiko ordutegian izan ezik; azken kasu horietan, ehuneko hori % 10 handituko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. % 50 hori pertsona bat baino gutxiago bada, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu. Horretaz gain, laguntza behar duten pertsonak Eguneko Zentroetara eramateko titulartasun publikoko garraio bereziak lan egingo du.

6.- Adingabeen egoitzetan, esku-hartze sozialerako zentroetan eta Ibaiondo Ikastetxean, jaiegunetako zerbitzuak mantenduko dira. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Sektorean, mendetasun-egoeran daudenen zuzeneko arretako oinarrizko premiak estaltzeko zerbitzuak mantenduko dira, jaiegun batean bezala.

7.- Ikastetxe publikoetan, unibertsitate-zentroetan eta haurreskoletan, ondoren adieraziko diren zerbitzuak mantenduko dira honako langile hauekin:

a) Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza publikoa, gizarte-ekimeneko zentroak eta ikastolak: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro Publiko bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta urgazleen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

b) Haurreskolak Partzuergoa eta udal-titulartasuneko haurtzaindegiak: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.

c) Euskal Herriko Unibertsitatea: Zentroetarako eta horiei lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzeko: Zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

d) Goi Mailako Musika Ikastegia, MUSIKENE: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 lotutako lau eraikinetako bakoitzarentzat eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.

8.- Titulartasun publikoko bidaiarien errepideko garraio erregularreko, trenbide-garraioko eta kable eta ur bidezko garraioko enpresek, lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30aren baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak mantenduko dituzte, arreta berezia eskainiz lanera sartzeko eta handik ateratzeko ordutegiei. Era berean, koordinazioko, kontroleko eta segurtasuneko zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.

Greba hasi baino lehen ekinean diharduten zerbitzuak mantendu beharko dira beren ohiko ibilbidea bukatu arte. Halaber, lanuzteak bukatutakoan, trenek, tranbiek, autobusek eta gainontzeko garraiobideek hurrengo zerbitzuen abialekuetan edota heltzeko lekuetan egon beharko dute.

9.- Energia elektrikoa produzitu eta hornitzeaz, gasa produzitu eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren titulartasun publikoko enpresek eta erakundeek, zerbitzuaren mantentzea bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile kopuruarekin.

10.-. Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) enpresan, bermatu beharreko zerbitzuak soilik eguneroko albistegiak dira, haien ohiko ordutegian.

11.- Administrazio publikoak. Hiru Lurralde Historikoetako hiriburuetan dokumentuak erregistratzeko zerbitzuek ere zerbitzua eman beharko dute, Zuzenean zerbitzuaren bitartez, ondoko egoitzetan: Araba: Eusko Jaurlaritza, Donostia kalea, 1, Gasteiz; eta Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak dituen Lurralde ordezkaritzetan: On Diego Lopez Haroko Kale Nagusia 85, Bilbo, eta Andia kalea 13, Donostia. Gutxieneko zerbitzuak pertsona batek gauzatuko ditu, lurralde eta txanda bakoitzean.

12.- Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, EJIE. Jaiegunetako pertsonala egongo da, hau da, operadore bat txandako.

Bigarrena.- Zerbitzu horiek greba egin behar ez duten langileek emango dituzte, ahal izanez gero.

Langileen ordezkariei entzun eta gero, herri-administrazioetako eta titulartasun publikoko erakunde eta enpresetako zuzendaritzak izendatuko ditu langileek bete beharreko eginkizunak. Nolanahi ere, aurreko atalean eta indarrean dauden legeetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditu.

Hirugarrena.‑ Agindu honen aurreko idatzi-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

Laugarrena.‑ Aurreko artikuluetan xedaturikoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.

Bosgarrena.‑ Grebaren deialdia egin duen sindikatuari, gizarte-ekimeneko zentroen eta ikastolen enpresen Elkarteei -Kristau Eskola, AICE-IZEA, Euskal Herriko Ikastolak eta Eusko Ikastola Batza, alegia- eta herri-administrazioei jakinarazi behar zaie Agindu hau, bete dezaten, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira igorri behar da, bertan argitaratzeko.

Seigarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Agindua, 2012ko maiatzaren 25ekoa, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailburuarena. Agindu honen bidez, 2012ko maiatzaren 31rako sektore publikoan deitutako grebak dirauen bitartean erkidegoari eskaini behar zaizkion funtsezko zerbitzuak justiziaren esparruan beteko direla bermatzen da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan