qrcode

Pérez Iglesias sailburua Kataluniako Generalitateko Recerca i Universitats-eko kontseilariarekin elkartu da Bartzelonan

2026-01-22
    • Topaketak aukera eman du Euskadiko eta Kataluniako unibertsitate- eta ikerketa-sistemak aztertzeko eta zientzian, berrikuntzan eta ezagutzaren transferentzian lehentasun estrategikoak partekatzeko.

    • Lan-bileraren ondoren, Pérez Iglesias sailburuak Kataluniako ikerketa- eta hezkuntza-sistemako erreferentziazko zentroetara bisitak egiteko agenda bati ekin dio.

    Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak lan-bilera egin du gaur goizean Bartzelonan Núria Montserrat Pulido Kataluniako Generalitateko Recerca i Universitat-eko kontseilariarekin. Bilera hori sailburuak Kataluniako ikerketa- eta unibertsitate-sistemako erreferentziazko zentroei bi egun hauetan egingo dien bisita instituzionalaren barruan kokatzen da.

    Lan bileran izan dira, Kataluniako Generalitatearen izenean, Oriol Escardíbul, Recerca i Universitat-eko idazkari nagusia; Miquel Soriano, Unibertsitateetako zuzendari nagusia; Teresa Sanchis, Ikerketako zuzendari nagusia; eta Javier Selva, Transferentziako eta Ezagutzaren Gizarteko zuzendari nagusia. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Pérez Iglesias sailburuaz gain, Xabier Aizpurua Unibertsitate Politikarako sailburuordea eta Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordea izan dira.

    Batzarrean Euskadiko eta Kataluniako unibertsitate- eta ikerketa-sistemen erronka eta ildo estrategiko nagusiak aztertu dira, esperientziak partekatzeko, gobernantza-ereduak aztertzeko eta etorkizuneko lankidetza-bideak  jorratzeko.

    Euskal ordezkaritzak funtsezko gaiak azaldu ditu, hala nola Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP 2030) eguneratzea, Berrikuntzako Itsasargien ekimena, Unibertsitateen Lege berriaren garapena eta komunitate akademiko osasungarria eraikitzeko estrategia.

    Bestalde, Kataluniako Generalitateak Recerca i Universitat departamentuaren Planaren egungo egoera eta hedapena aurkeztu ditu, sistemaren diagnostikoa, aurreikusitako jarduerak, monitorizazio-mekanismoak eta etorkizunerako erronka nagusiak barne. Era berean, unibertsitate publikoen ebaluazio-eredu berriari buruz eta ezagutzaren, ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren arloko egungo eta etorkizuneko lankidetzari buruz mintzatu dira.

    Erreferentzia-zentroetara bisitak

    Erakunde-agendaren barruan, bileraren ondoren, hainbat bisita programatu dira Kataluniako ikerketa- eta goi-mailako hezkuntza-sistemako erreferentzia-zentroetara. Bisita horiek ostegun arratsaldean eta ostiralean egingo dira. Zehazki, sailburuak eta bere taldeak Sincrotrón ALBA, Institut Barcelona d 'Estudis Internacionals (IBEI), Barcelona Supercomputing Center – Centro Nacional de Supercomputación (BSC-CNS), Institut de Salut Global de Barcelona (ISGLOBAL) eta Instituto de Ciencias Fotónicas (ICFO) bisitatuko dituzte.

  • Bisita horiei esker, azpiegitura zientifikoak eta puntako proiektu estrategikoak zuzenean ezagutuko dira, eta bi autonomia-erkidegoen arteko lankidetza instituzionala indartuko da zientziaren, unibetsitatearen eta berrikuntzaren esparruan.
  •  

     

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak