Berriak Herrizaingoa
Eu

Kukutza husteari buruzko Arartekoaren txostena bidegabea eta zehaztasunik gabea dela salatu du Herrizaingo Sailak

2012.eko maiatzak 25

Ertzaintzaren izen ona zikindu nahian dabiltzan horiek EAEko Herriaren Defendatzailearen txostena erabil dezaketela deitoratu du

Herrizaingo Sailak harridura eta desadostasuna agerrarazi nahi ditu Ertzaintzak Kukutza eraikina husteari buruz Arartekoak eman duen txosteneko ohar eta baieztapen batzuei dagokienez; txosten horretan Ertzaintzak Bilboko Errekalde auzoko Kukutza eraikina agindu judizial bidez husteko egindako esku-hartzea bera eta aldi berean zein hurrengo ordu eta egunetan izan ziren ordena publikoko gertaera larriak aztertu ditu Arartekoak, iazko irailean, Bizkaiko hiriburuan gertatutakoak.

Sail honen iritziz, Arartekoaren txostenean jasotako zenbait adierazpen zorroztasun gabeak eta bereziki bidegabeak dira; bidenabar, Ertzaintzaren irudia eta agenteen eginkizun profesionalaren izen ona zikindu nahi dutenek txostena erabil dezaketela deitoratu du sailak.

Arartekoa erakundea erabat errespetatzen du Herrizaingo Sailak; halere, sailak uste du zenbait ebazpen, tartean aipatutakoa, ez direla lagungarriak erakunde honi prestigioa emateko.

Aipatutako txostenean, Arartekoak azaldu du erakunde horrek igorritako zenbait gaietan Herrizaingo Sailak ez duela erantzun eskatutako "zehaztasun eta xehetasun mailarekin"; hain zuzen ere, ordena publikoa berrezartzeko gure agenteen esku-hartzea proportzionaltasunaren printzipioaren araberakoa izan zen zehazteko igorri zituen Arartekoak aipatutako eskaerak.

Horrez gain, txostenean adierazi duenez, herritarren kexa ugari jaso dituzte (Herrizaingo Sailak eta Ertzaintzak ez dute kexa horiek ikusterik izan); zenbait kasutan, igorritako kexekin batera, argazkiak eta bideo grabazioak bidali dituzte, dokumentatze aldera. Horren haritik, "Herrizaingo Sailak ez dituenez justifikatu indarra erabiltzea babestu behar duten elementuak, erakunde honetan (Arartekoan) kexak aurkeztu zituzten pertsonen salaketak justifikatutzat eta arrazoitutzat jo ditugu" ondorioztatu du.

Adierazpen horien aurrean, Herrizaingo Sailak honako ohar hauek egin nahi ditu:

  1. Herrizaingo Sailak berretsi egiten du Bilbon irailaren 21etik 23ra bitartean izandako istiluetan Ertzaintzak egindako esku-hartzea kongruentzia, aukera eta proportzionaltasun printzipioen araberakoa izan zela, eskura zituen baliabideak erabiltzeari dagokionez.
  1. Sailak hasiera-hasieratik helarazi dio Arartekoari izan duen informazio guztia. Horren adierazgarri, erakundeko bi ordezkari Kukutza eraikinera sartzea erraztu zuen Ertzaintzak, ekintzak nola garatu ziren eta ertzainek higiezinera sartzeko izan zituzten zailtasunak in situ ikus zitzaten. Halaber, EAEko Herriaren Defendatzailearen ordezkariek atxilotutako pertsonak ikusten aukera izan zuten, tartean eraikinaren barruan baitzeuden. Arartekoak, gainera, Herrizaingo sailburuak eta Ertzaintzako buruak legebiltzarrean egindako agerraldiko testua jaso zuen; agerraldi horretan, istiluetan Ertzaintzak izandako esku-hartzea azaldu eta bideoak erakutsi zituzten aipatutako bi agintariek. Erakundeak informazio gehiago eskatu zuenez, Herrizaingo Sailak beste dokumentu bat igorri zuen; bertan, poliziaren esku-hartzeak eragin zituzten egoerak eta horiek nola gertatu ziren xehetasunez azaldu zen.
  1. Egun horietan gertatu ziren zenbait istilu bereziki larriak izan ziren; Bilboko hainbat tokitan, ondasun publiko zein pribatuetan kalte larriak eragin zituzten. Ertzaintzaren esku-hartzeari esker lortu zen pertsona ugariren bandalismo ekintzek ondorio larriagorik ez sorraraztea. Hedabideek grabatutako makina bat bideotan ikus daiteke istiluak zinez gogorrak izan zirela. Poliziaren esku-hartze ugari prentsa eta telebista kameren aurrean egin ziren, baina hala ere, irudiak ikustean badirudi horietan jasotakoa ez datorrela bat Arartekoak txostenean aipatutako Ertzaintzaren neurrigabetasunarekin.
  1. Herrizaingo Sailak ez du Arartekoak jaso dituen kexei buruzko adierazpenik egin nahi, eta ezin du horrelakorik egin, ez baititu ikusi; alabaina, sailak ulertzen du Arartekoaren erakundeak kexa guztien egiazkotasuna onartzen duela aintzat hartu gabe zenbait sektorek Kukutza hustu izana argi eta garbi aitzakia gisa erabili zutela Ertzaintzaren irudiari eta prestigioari eraso egiteko. Poliziaren esku-hartzea hasi eta handik gutxira, oraindik goizaldea zela, zenbait hedabidetan ahots batzuek esan zuten "sarraskia" gertatzen ari zela; Arartekoko ordezkariek gerora ikusi ahal izan zutenez, horrelako adierazpenak erabat faltsuak ziren.
  1. Arartekoak ez du aintzat hartu pertsona iskanbilatsuek osatutako taldeek eta atxiloketa aurrekariak zituzten pertsonek Kukutza hustea aitzakia gisa erabili zutela ordena publikoa nahasten saiatzeko. Arartekoari berari jakinarazi zitzaion bezala, eraikina hustu zen eguneko istiluetan inplikatuta egoteagatik identifikatu, atxilotu edo inputatutako 85 pertsonetatik 55 ez ziren Bilbokoak, 25ek polizia aurrekariak zituzten delituak egiteagatik, eta beste 14k polizia aurrekariak zituzten hainbat arrazoirengatik atxilotzeagatik, besteak beste armak erabiltzeagatik.
  1. Agenteak lokal publiko eta pribatuetara sartu ziren uneetan desordena delituen egileei segika zihoazen, haiek identifikatzeko.
  1. Arartekoak, besteak beste, ekintzetan parte hartu zuten agenteen kopurua eskatu zuen; izan ere, kexak aurkeztu zituzten herritar batzuen aburuz, aipatutako agenteen kopurua neurriz kanpokoa izan zen. Zifraren berri izan nahi zuen, hain justu, ikuspuntu kuantitatibotik agenteen presentzia zuzena izan zen edo ez zehaztu ahal izateko. Aipatu den gisan, istiluak oso larriak izan ziren, eta horrek erakusten du ordena publikoa berrezartzeko polizia dispositibo gogorra ezartzea erabaki zuzena izan zela. Nolanahi ere, sail honek ez daki zein elementuren arabera zehatz dezakeen Arartekoak ekintza jakin batean agente kopurua neurrizkoa den ala ez, kontuan hartuta erakunde horrek ez duela herritarren segurtasunari buruzko prestakuntza espezializaturik.
  1. Herrizaingo Sailak Arartekoari helarazitako informazioa ahal bezain zehatza izan da, aintzat hartuta, gainera, ez sailak, ez Ertzaintzak ez dutela Herriaren Defendatzaileak jasotako kexak ikusteko aukerarik izan. Hain zuzen ere, oro har erakundeak kexei erreferentzia egitean zehaztugabetasuna aipatzen du horien ezaugarri nagusi gisa; horren ondorioz, ezinezkoa da planteatutako egoera bakoitza banaka aztertzea. Arartekoari igorritako informazioan Ertzaintzaren esku-hartzeak eragin zituzten arrazoiak, eta horien orduak eta kaleak zehaztu ziren.
  1. Edonola ere, Herrizaingo Sailak argitu nahi du Arartekoari igorritako informazioa Kukutza eraikina husteko eta horren ondorengo ordena publikoko gertaerak baretzeko esku-hartze guztiak ikuskatzearen emaitza dela.
  1. Arartekoak kexei buruz esandakoan oinarrituz, pentsa daiteke Ertzaintzaren egun haietako esku-hartzeen ondorioz herritarrek justiziaren aurrean makina bat salaketa jarriko zituztela; halere, sail honek bi salaketaren berri baino ez du: Bata, ezker abertzaleko abokatu ezagun batek aurkeztutako kereila bat izan zen, manifestatzeko eskubidea oztopatu eta lesioen ustezko kasu bategatik, Herrizaingo sailburuaren (dagoeneko artxibatu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak), eta polizia aginte baten aurkakoak (lehen instantzian artxibatu zen); bestea, falten epaiketa bat izan zen, eta kasu hura ere artxibatu egin zuten, Kukutza eraikinera sartzeko polizia lerroa gainditu zuen herritar batek aurkeztutako salaketa baten haritik.
  1. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren 2011ko martxoaren 8ko epaiak ezarritako irizpidea aipatu du ondorioztatutakoaren oinarri gisa Arartekoak; epai horrek atxiloketa aldiko zauriak edo heriotzak ditu hizpide. Txostenaren ondorioak babesteko epai hori hautatu izana deigarria da, Arartekoak berak aitortu baitu "irizpide hori ezin dela zuzenean kasu honetan aplikatu".
  1. Ertzaintzak duela 20 urte baino gehiago finkatu zituen informazio espedienteak irekitzeko eta ikerketak abiatzeko beharrezko mekanismoak, ezohiko jardueraren berri duenean, dela barne azterketen bidez, dela hirugarren pertsonen salaketen bidez. Hortaz, sail honek ez du ulertzen Arartekoak zergatik aipatzen duen "polizia arduradunek ikertzeko ofiziozko barne prozedura abiarazi behar dutela agenteren batek jarduera ez zuzenen bat egin duela dakitenean" gomendatu duela.
  1. Arartekoak zalantzan jarri nahi duela dirudien arren, ikerketak egitean erakunde horrek ezarritako gutxieneko estandarrak betetzen dira; hain zuzen ere, edozein polizia ikerketa egitean bete diren ohiko estandarrak dira. Berriki, gainera, Ertzaintzaren Batzorde Operatiboa jarri da martxan; polizia jarduera zehatzak aztertzeko abiarazi da, ezarritako jardute prozeduretan balizko akatsak edo hobe daitezkeen alderdiak antzemateko; hala, etorkizuneko polizia esku-hartzeetan herritarrentzat edo polizia profesionalentzat arriskuak edo kalteak eragin ditzaketen balizko emaitzak saihestuko dira.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan