Berriak Osasun eta Kontsumoa

Hesteetako Hanturazko Gaixotasunaren intzidentziak gora egin du Europa hegoaldean; aldiz, kontinentearen iparraldean egonkortu egin da

2012-05-25

2012-5-27, Hesteetako Hanturazko Gaixotasunaren mundu‑eguna

Osasun eta Kontsumo Sailaren eta Osakidetzaren helburua da gaitza unitate espezifikoekin anbulatorizatzea Basurtokoa bezalako proiektuekin; pazienteen elkarteekin harremanak estutzea; eta ikerketarekin jarraitzea

Hesteetako Hanturazko Gaixotasuna gure garaiko gaitza da. Europa hegoaldean intzidentziak oraindik ere gora egiten du, nahiz eta kontinentearen iparraldean egonkortu dela dirudien. Espainiako estatuan ere gora egin du azken hamarkadan. Azken azterlanetako batez besteko intzidentzia urtean 7-10 kasu berri/100.000 biztanle da, 200‑300 paziente/100.000 biztanleko prebalentziarekin.

Hesteetako hanturazko gaixotasunak Crohn-en eritasuna eta ultzeradun kolitisa biltzen ditu, digestio-hodiaren geruza guztiak -mukosatik serosara- hartzen dituen hantura izaten da beti eta hestearen edozein zatitan ager daiteke, ahotik uzkira (ultzeradun kolitisean kolona soilik eragiten da). Ez dakigu zerk eragiten duen, nahiz eta jakina den heste-florarekin, inguruneko faktoreekin eta genetika-faktoreekin zerikusi handia duela. 15-40 urte dituzten eta hiri-inguruneetan bizi diren gazteei eragiten die gehienbat, bi sexuei berdin.

Sintomatologiari dagokionez, oso heterogeneoa da eta hainbat adierazpen izan ditzake. Hala eta guztiz ere, sintomarik ohikoenak sabeleko mina eta beherakoa dira; sukarra, pisua eta jateko gogoa galtzea ere izan daitezke. Hesteari eragiteak gaixotasunaren bi konplikazio nagusi eragiten ditu: fistula eta estenosia (hestutzea). Pazienteen % 40k lesio perianalak izan ditzake, hala nola fisurak, fistulak eta abszesoak. Horrez gain, digestio-hoditik kanpo ere izan daitezke sintomak; pazienteen % 30ek izaten ditu hestetik kanpoko adierazpen horiek. Ohikoenak izaten dira artikulazioetakoak -artralgia edo artritisa-; begietakoak -ubeitisa-; azalekoak -eritema nodotsua edo pioderma gangrenatsua-; eta gibelekoak -esteatosia edo kolangitis esklerosatzailea-, beste askoren artean.

Sintomak hain ugariak izateak eragiten du askotan diagnostikoa zaila izatea. Horregatik behar da susmo kliniko handia -historia klinikoaren, aurrekari pertsonalen eta gaixotasunaren adierazgarri izan daitezkeen datu biologiko, endoskopiko, erradiologiko eta histologikoen arabera ezarria-; aldi berean, hesteetako hantura eragin dezaketen beste gaixotasun batzuk baztertu behar dira. Proba endoskopikoak funtsezkoak dira,  "visu" diagnostiko bat egiteko eta azterlan histologiko eta mikrobiologikorako laginak hartzeko aukera ematen baitute.

Hesteetako hanturazko gaixotasuna kronikoa eta errepikakorra da; agerraldiak izaten ditu eta, egun, ez du sendabiderik. Batzuetan beharrezkoa da ospitaleratzea eta kirurgia burutzea. Bizi-itxaropen luzea duten gazteei eragiten dien gaixotasun kronikoa denez, baliabide sanitario ugari kontsumi ditzakeen patologia da. Tratamendua gaixotasunaren kokalekuaren eta agerraldian edo arintzean egotearen araberakoa izango da. Egungo tratamendu medikoan honako farmako hauek erabiltzen dira: aminosalizilatoak (Salazopirina, Mesalazina); kortikoideak (Prednisona, Budesonida); immunosupresoreak (Azatioprina,  Mercaptopurina, Metotrexate, Ciclosporina); antibiotikoak (Metronidazol, Ciprofloxaciono); eta azken hamarkadetan erabiltzen hasi diren biologikoak (Infliximab, Adalimumab, Certolizumab). Gaixotasuna arintzen den aldietan, tratamenduaren xedea da agerraldi berriak saihestea eta gaixotasunaren bilakaera hobetzea.

Kontuan izanda gaixotasuna klinikoki kontrolatzea zaila dela, Ogasun eta Kontsumko Sailak eta Osakidetzak helburu hirukoitza ezarri dute:

  • Gaixotasuna anbulatorizatzea, Hesteetako Hanturazko Gaixotasunaren Unitateen bidez -Basurtoko Ospitalean bada proiektu bat- eta horien helburu eta ardatz nagusia izango da pazienteari arreta osoa eta koordinatua ematea.
  • Pazienteen elkarteekin egungo harremanak estutzea.
  • Ikerketako ahaleginarekin jarraitzea, estatu mailan GETECCU (Grupo Español de Trabajo en Crohn y Colitis Ulcerosa) delakoaren bitartez zein nazioartean ECCO (European Crohn´s and Colitis Organisation) deritzon elkartearen bidez, eta hesteetako hanturazko gaixotasunaren Euskadiko eta Nafarroako taldea bezalako ekimen hasiberria landuz.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan