
Abian dira Euskadiko Osasun Itunaren 24 ildo estrategikoak
- Ekainean adostutako 332 ekimenen erdia baino gehiago abian daude: 171 hasita, 42 tarteko fasean eta 22 aurreratuta. Aurreikusten da 2026an neurrien % 44 ezarrita egotea
- Itunean adostutako ildo estrategikoen artean arlo hauetakoak daude gaur egun aurreratuen: onkologia, gaixotasun kardiobaskularrak, kronikotasuna, osasunaren arloko digitalizazioa, pertsonen politika eta osasun-azpiegiturak
- Euskadi buru da pazienteen elkarteek osasun-politika publikoetan duten parte-hartzea artikulatuko duen arau-garapenaren diseinuan.
- Urtarriletik aurrera, ituna Osakidetza osora zabalduko da, ESI guztietako zuzendaritza-taldeen eta erdi-mailako kargudunen artean hedatu beharreko ekimenen prestakuntza-tailerrekin.
- Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak adierazi du Itunak aro berri baten hasiera markatzen duela Euskadiko pertsona guztien osasuna ulertu, kudeatu eta zaintzeko moduan
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abian jarri ditu jada Euskal Osasun Itunean adostutako 332 ekimenen erdiak baino gehiago, eragile parte hartzaile guztiek zehaztutako 24 ildo estrategikoak onartu eta horiek hedatzeko eta gizarteratzeko egungo fasea hasi zenetik sei hilabete eskas igaro direnean. Aurrerapen horiek berresten dute ildo estrategiko guztiak hasita daudela eta Ituna ez dela itxiera-data duen dokumentu bat, baizik eta Euskadiko osasun-sistemaren eta herritarren premiei hobeto erantzutera begira eboluzionatzen eta egokitzen den akordio bizia.
Hala jakinarazi du gaur Alberto Martinez Osasuneko sailburuak Ituna onartu ondorengo lehen seihilekoaren balantzea egiteko Bilbon hedabideekin egindako lan-gosari batean. Topaketan parte hartu dute, Gontzal Tamayo Osasun eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak, Aritz Uriarte Osasuneko Gobernantza eta Jasangarritasun sailburuordeak, Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak, Ines Gallego Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendariak eta Ane Fullaondo Biosistemak institutuko zuzendari zientifikoa. Biosistemak institutuak osasun-sistemen antolaketaren eta kudeaketaren arloko bikaintasunezko ikerketan zentratzen da, eta Euskadiko Osasun Itunaren jarraipen fase honetako Idazkaritza Teknikoaren lana garatzen du.
Sailburuak zehaztu duenez, ekainean adostutako 332 ekimenetatik, 171 uztaila eta abendua bitartean hasi dira, beste 42 tarteko garapen fasean daude, eta 22 aurreratuta.
Ikuspegi kualitatibotik, honako ildo estrategiko hauek izan dute aldi honetan aurrerabiderik handiena: onkologiak, gaixotasun kardiobaskularrei heltzeak, kronikotasunak, osasunaren digitalizazioak, pertsonen politikak eta osasun-azpiegiturek.
Osasuneko sailburuak berak aurreratu duenez, aurreikusten da Euskal Osasun Itunaren barruan adostutako ekimenen % 44 2026an erabat ezartzea, eta hurrengo bi urteetan egungo hedapen eta sozializazio fasea osatzea.
Ekimen aipagarrienen artean daude Euskadiko Plan Onkologiko Integrala garatzea, Bihotz-gutxiegitasunaren Ibilbidea hedatzea eta BGBKren arretarako ibilbide integrala, dagoeneko hasita dagoena. Herritarren arretaren esparruan, ERANTZUNAK plataforma jarri da martxan, arreta omnikanala hobetzera bideratua, eta 2026rako WhatsApp kanal bat irekitzea aurreikusten da, Osakidetzaren eta herritarren arteko komunikazio zuzena ahalbidetuko duena.
Antolaketa-berrikuntzaren eskutik joango da teknologia ere. Itunak aho batez erabaki zuen gorabidean zeuden teknologiak eta adimen artifiziala sartzea, profil profesional berriak birdefinitzearekin eta sartzearekin batera. Gaur egun, prozesuak eta emaitzak optimizatzeko AA edo automatizazioa aplikatzeko asistentzia-arloak identifikatzen ari dira. Aldi berean, 2026rako aurreikusita dagoen Giza Baliabideen Eraldaketa Digitalerako Estrategia definitzen ari dira. Estrategia horrek osasun-langileen gaitasun eta jakintza digital berriak eskuratzea bideratuko du.
Antolamenduaren ikuspegitik, Osakidetzak bi zuzendariordetza berri izango ditu: bata, osasun mentalarekin eta eremu soziosanitarioarekin lotuta, eremu horietan arreta integrala indartzen duena, eta bestea, proiektu estrategikoekin eta komunikazioarekin lotuta. Gainera, Garapen eta Prestakuntzako Zuzendariordetzak izena aldatuko du, eta hizkuntza-politika bere gain hartuko du, Osasunaren Euskal Itunaren helburuen ildotik. Halaber, 2026an ekipamendua erosteko prozedura berriak hasiko dira, prozesu eraginkorragoak eta iraunkorragoak lortzeko bidean.
Beste neurri garrantzitsu batzuk honako hauek dira: Lehen Mailako Arretako aginte-koadroa hedatzea, zerbitzuaren kudeaketa eta kalitatea hobetzea ahalbidetuko duen tresna; Lehen Mailako Arretako taldeetan psikologo sanitarioak sartzea; eta Errioxako ESIan iktus ondorengo arreta indartzea, eremu hori geografikoki sakabanatuta dagoelako lehenesten da.
Halaber, HAURSARE proiektua nabarmentzen da, pediatriako adinean kronikotasunari eta bizitzaren amaierari arreta jartzen diona, euskal sistemak gaixotasun larriak edo terminalak dituzten adingabeen zaintza integralarekin duen konpromisoa indartuz.
Langileen politikari dagokionez, negoziazioa ixtea eta 2026ko lehen lauhilekoan funtsezko bi arau izapidetzea aurreikusten du Sailak: Lanpostu Funtzionalen Dekretua eta Lanbide Garapeneko Dekretu berria, biak urtea amaitu baino lehen onartuta egoteko helburuarekin.
Euskadin osasunerako etapa berri bat ezartzen duen ituna
Sailburuak adierazi duenez, Itunak “aro berri baten hasiera markatzen du Euskadiko pertsona guztien osasuna ulertu, kudeatu eta zaintzeko moduan”. Etapa berri honen apustu garrantzitsuenetako bat antolaketa-berrikuntza izan da, "lidergo berriak" eta egitura-eredu arinagoa eta eraldatzaileagoa behar izan baititu. Ituna onartu ondorengo lehen gogoeta eta erabaki irmoa Osasun Saila eta Osakidetza berregituratzea izan zen, eta aldaketak egin ziren bi sailburuordetzetan eta euskal osasun zerbitzuaren zuzendaritza nagusian.
Berrikuntza horrek identifikatutako lau premia handiei erantzuten die:
- Antolaketa-berrikuntza, sistema arinagoa eta efizienteagoa lortu dadin.
- Osasun-gobernantza berria eta denboran iraungo duen eredua.
- Erabakiak hartzean pazienteen eta herritarren ahotsa eta parte-hartzea bultzatzea.
- Eraldaketa digitala eta teknologikoa, arreta hobetzeko giltzarri, osasunaren arloko emaitzak, politika publikoen arrakasta neurtzeko ardatz.
Sailburuak adierazi duenez, beste etapa horren lehentasuna da Osasun Publikoa osasunaren prebentzio eta sustapen handiagorekin indartzea, betiere gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna lotzen dituen “One Health” ikuspegiaren barruan. Gainera, Osakidetza indartu nahi da, haren giza baliabideak, ekipamenduak eta azpiegiturak hobetuta eta, jarduera kopuruan baino gehiago, balioan eta emaitzetan oinarritutako osasun-eredu baterantz aurrera eginik.
Parte-hartzea eta hurrengo urratsak
Itunak aurrera egin dezan, urtarrilean informazio- eta partaidetza-tailerrei emango zaie hasiera Osakidetzako ESIetan. Tailer horietan, osasunaren arloko profesionalek beren esperientzia azaldu eta neurriak ezartzeko proposamenak egin ahal izango dituzte.
Onartu zenetik, Osasun Sailak bilera ugari egin ditu pazienteen elkarteekin, profesionalekin eta sektoreko antolakundeekin, eta bilera horietan haien lehentasunak entzun dituzte eta lortutako aurrerapenak partekatu. Era berean, Euskadiko pazienteen elkarteentzako arau-esparru espezifikoa prestatzen hasi da, haien zeregina indartu eta Itunaren aplikazioan haien zuzeneko parte-hartzea bermatze aldera.
Sailburuak gogorarazi du Osasun Sailaren 2026rako aurrekontuak eraldaketa horri jarraipena emateko beharrezko inbertsioak biltzen dituela: Osakidetzako lan-eskaintza publiko berriak (5.425 plaza), 1.600 milioi euroko inbertsioa osasun-azpiegituretan 2032ra arte, eta digitalizazioaren eta prebentzioaren aldeko etengabeko apustua.
“Euskal Osasun Ituna bizirik dago, eta urrats irmoak egin ditu aurrera, milaka profesionalen konpromisoari eta Euskadiko osasun-sistema osoaren elkarlanari esker. Helburua argia da: osasun publikoa indartzea eta pertsona guztien ongizatea eta osasuna hobetzea”, adierazi du Martinezek.
200 eragilek baino gehiagok parte hartzen dute hedapenean
Hedapenean parte hartzen duten 200 eragileren baino gehiagoren inplikazioari esker lortuko da helburu hori. Eragile horiek guztira 14 talde ordezkatzen dituzte: eragile soziosanitarioak; elkarte profesionalak; teknologia- eta ikerketa-zentroak; herritarrak, pazienteak eta familiak; erakunde arteko batzordeak; Eusko Jaurlaritza; industria; hedabideak; udalerriak eta aldundiak; Osakidetza; osasun-hornitzaile pribatuak; sindikatuak; hirugarren sektorea; eta unibertsitateak eta heziketa-zentroak.
Bilerak, lan-taldeak eta herritarren parte hartzea
Ituna onartu zenetik, Osasun Sailak lan-agenda bizia bete du inplikatutako zenbait eragilerekin. Uda hasieran, sailburua, sailburuordeak eta Osakidetzako zuzendari nagusia berrogeita hamar bat dinamizatzailerekin bildu ziren —hain zuzen Itunaren 24 ildo estrategikoen prestaketan parte hartu zuten Euskadiko osasun-zerbitzuko profesionalekin—.
Gutxira, uztailaren erdialdean, Alberto Martinezek beste topaketa bat izan zuen pazienteen elkarteekin, itunaren edukia batera aztertu eta haien lehentasunak entzute aldera. Topaketa baliagarria izan zen, halaber, gaixotasun kronikoak edo konplexuak dituzten pertsonen premiak eta itxaropenak ikusarazteko.
Urrian, lan-jardunaldia egin zen Bilbon Osakidetzako eta Osasun Saileko profesionalez osatutako talde mistoekin, Gontzal Tamayo sailburuordea eta Ines Gallego Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren zuzendaria buru zirela. Talde horiek arduratuko dira Osasunaren Euskal Itunean aintzat hartutako 300 ekimen baino gehiago aztertu, koordinatu eta bultzatzeaz, eta 700 ekintza baino gehiago hedatu dituzte ekimen horiek gauzatzeko bide-orri gisa.
Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak aditzera eman du ekimen horiek jasota daudela bere sailak 2026. urterako duen aurrekontuan, ezinbestekoak baitira honako printzipio hauetan oinarritutako etorkizuneko osasun-sistemara igarotzeko: unibertsaltasuna eta doakotasuna; eredu prediktiboa, prebentiboa eta aurre-hartzailea; pertsonen eta pazienteen ahalduntzea; osasunaren arloko emaitzak; eta iraunkortasuna.
Eta Alberto Martinezek nabarmendu duenez, horren guztiaren azken helburua da “Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-zerbitzu publikoa indartzea, etorkizunerako eraldaketa horretan inbertitzea eta herritarren benetako arazoetan arreta jartzea”.
-
2025-12-29
Comentario de X:
✅ Abian dira Euskadiko Osasun Itunaren 24 ildo estrategikoak👉🏼 Ekainean adostutako 332 ekimenen erdia baino gehiago abian daude: 171 hasita, 42 tarteko fasean eta 22 aurreratuta. Aurreikusten da 2026an neurrien % 44 ezarrita egotea













