Berriak Lehendakaritza
Eu

Aguirre: “ezin ditugu gure politikak gastuaren doikuntzaren menpe utzi lehenbizi gure finantzaketa-eredua eztabaidatu gabe”

2012.eko maiatzak 28

Ekonomia eta Ogasun sailburuak “berdintasuna, eraginkortasuna eta nahikotasuna bermatuko dituen” fiskalitate berri bat definitzearen alde egiten du apustu

Carlos Aguirrek fiskalitatea politika publikoak finantzatzeko tresna nagusi gisa defendatu du. Zentzu horretan, beharrezkotzat jotzen du “berdintasuna, eraginkortasuna eta nahikotasuna bermatuko dituen” fiskalitate berri bat definitzea. Era berean, Erakunde Komunen autonomia finantzarioan aurrerapenak egitearen alde egiten du apustu, beren eskumenak eta erantzukizunak gauzatzeko, eta fiskalitatea “jarduera ekonomikoa suspertzeko instrumentu gisa” erabiltzearen alde agertu da.

Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Carlos Aguirrek, PPren Gobernuak Espainiarako planteatzen duena ez bezalako finkapen fiskaleko eredu bat planteatu du gaur.Gobernu zentralaren planteamendua “gastu publikoa murriztean datza, eta, ondorioz, zerbitzuak eta prestazioak ere murrizten dira”, adierazi du. Eusko Jaurlaritzak “ez ditu zeharkatuko Euskadiko eredu sozioekonomikoaren oinarriak zalantzan jartzen dituzten marra gorri jakin batzuk”, esan du sailburuak.

Gaur goizean eusko Legebiltzarrean fiskalitateari buruz egin den bilkura monografikoan, Aguirrek azpimarratu du Euskadin “gure politikak ezin ditugula gastuaren doikuntzaren eta zorpetzearen menpe utzi lehenbizi gure eredua mantentzeari eta finantzatzeari buruz eztabaidatu gabe”.

Sailburuak aldarrikatu du diru-sarreren eta gastuen arteko oreka mantenduz etorkizuneko eredu ekonomikoa eta soziala bermatzeko zerga-sistema aldatzeari buruzko hausnarketa-prozesu bat hasi behar dela.

Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez, adierazleek erakusten dute “diru-sarrerak ez direla behar bezala kudeatu. Erakunde eskudunek, Foru Aldundiek, orain arte ezin izan dituzte diru-sarrerak gure gutxienezko helburu izan behar duten batez bestekoetan mantendu”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)