Berriak Lehendakaritza
qrcode

Txomin Letamendiren memoria aldarrikatu du Lehendakariak eta biktima guztientzako egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidean sakontzea defendatu

2025-12-22
  • Pradalesek azpimarratu du egungo bakea, demokrazia, giza eskubideak eta autogobernua Letamendi bezalako pertsonen sakrifizioaren gainean sostengatzen direla, eta erantzukizun kolektiboa eskatu du haien sufrimendua gogoratzeko eta pairatutako ankerkeria gaitzesteko
  • Lehendakariak, gainera, ondare hori indarrean dagoela ohartarazi du, lidergo autoritarioen gorakadak eta balio demokratikoen atzerakadak markatutako nazioarteko testuinguru honetan

Imanol Pradales Lehendakaria Txomin Letamendi oroitzeko ekitaldian izan da gaur arratsaldean, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian, haren heriotzaren 75. urteurrena dela eta. Mintzaldian, lehendakariak defendatu du demokraziaren eta bakearen alde dena emateagatik kartzela, tratu txarrak, erbestea edo heriotza pairatu zuten pertsona guztien memoria lantzea. “Gure ardura da biktimak erdigunean jartzea eta egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidean sakontzea”, adierazi du.

Lehendakariarekin batera egon dira ekitaldian María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendaria eta Txomin Letamendiren senideak. Musikaria, tronpeta-jotzailea, gudarien komandantea eta erresistentzia antifrankista izan zenaren memoria, duintasuna eta ondarea aldarrikatzeko balio izan du omenaldiak.

Txomin Letamendi Madrilen hil zen 1950eko abenduaren 20an, frankismoaren errepresioaren agenteek eragindako tortura fisiko eta mental larrien ondorioz. Letamendiren ibilbidea eta sufrimendua aitortzeko, Eusko Jaurlaritzak, Gogoraren bitartez, aitorpen instituzional pertsonalizatua igorri zuen urriaren 22an, bere ohorea eta bidezko erreparazio morala birgaitzeko. Aitorpen hori familiak eskatuta egin zen, eskubide hori arautzen duen Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren irailaren 28ko 9/2023 Legea aplikatuta.

Lehendakariak azpimarratu duenez, “badakigu gaur duguna, bakea, demokrazia, giza eskubideak, autogobernua eta ongizatea, haien sakrifizioari eta haien lekukoa hartu zutenen adoreari zor diogula”. Pradalesek errepresioa jasan eta balio demokratikoak defendatu zituztenen memoria zaintzeko erantzukizun kolektiboa nabarmendu du.

Halaber, Lehendakariak gaineratu duenez, “gure erantzukizuna da pairatu zuen sufrimendua eta bidegabekeria gogoratzea, eta irmo gaitzestea jasan zuen krudeltasuna”. Egungo testuinguruan legatu hori indarrean dagoela ere ohartarazi du: “Halako ahotsak inoiz baino indar handiagoz entzuten dira pertsona eta herrien oinazearekiko sentiezinak diren lider autoritarioen, boterean egoaren hedapen hutsa ikusten dutenen mundu honetan”, eta “gerrak eta ‘indartsuenaren legea’ berriro ere gorantz doaz, XX. mendeko konkista handien kalterako”.

Hala, Lehendakariak, amaitzeko, azpimarratu du “gure ardura dela biktimak erdigunean jartzea eta egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidean sakontzea”. Haiei eta haien gertukoei zor dizuegu. Eta guztion ardura da Txomin Letamendiren izena eta izana aitortzea, eta bizi dituen arrisku eta mehatxuen aurrean demokrazia defendatu eta sendotzea”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Mari Aburto; Elixabete Etxanobe; Bakartxo Tejeria