Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Eusko Jaurlaritzak Gasteizen ekingo die Energia Iraunkorraren Europako Astearen ospakizunei

2012.eko maiatzak 25

Inaugurazio ofiziala Gasteizen egingo da, erakusketa eta jardunaldi batzuen bidez, 2012ko Europako Hiriburu Berdearen ospakizunekin bat eginda

* Energia Iraunkorraren Europako Astea ekainaren 18an hasiko da, Gasteizko Europa jauregian Alkateen Itunari buruzko jardunaldi baten bitartez.
* Egun horretan ere erakusketa ibiltari bat ikusgai izango da, "Energiaren egunak" izenekoa, eta bertan ibilgailu elektrikoak, panel interaktiboak eta haurrentzako tailerrak izango dira, energiaren aurrezpenaren garrantziaz kontzientziatzeko.
* Ekainaren 22an, berriz, ibilgailu elektrikoaren inguruko jardunaldi bat egingo da, eta Gasteizen izango den Mugikortasun Elektriko Zentroaren berri emango da, uda honetan martxan egongo dena hiriaren erdialdean, ibilgailu elektrikoak erakusteko eta probatzeko.

Eusko Jaurlaritzak, EEEren bidez, eta Gasteizko Udalarekin lankidetzan, zenbait ekitaldi eta erakusketa antolatu ditu Gasteizen, Energia Iraunkorraren Europako Astearen harira (ekainaren 18tik 22ra), Europako Hiriburu Berdea 2012 ospakizunekin bat eginik. Hala, Alkateen Itunari buruzko jardunaldi batez ekingo zaio asteari, eta aldi berean, Energiaren Egunak deitutako erakusketa bat inauguratuko da, herritarrak energia eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien garrantziaz sentiberatzeko kanpaina dena. Halaber, ibilgailu elektrikoaz beste jardunaldi bat eratu da, Gasteizen zabalduko den Mugikortasun Elektriko Zentroari ongi etorri moduan.


ENERGIA IRAUNKORRAREN EUROPAKO ASTEA

Europar Batzordeak urtero antolatzen du Energia Iraunkorraren Europako Astea, zenbait jarduera eta ekitaldi eginez Bruselan, energia eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatzeko xedez.

Ahalik eta jende gehienarengana iristeko asmoz, Europar Batzordeak Europako herri, hiri, eskualde eta erkidegoak animatzen ditu ekintzak eta jarduerak antolatzera, eta tokian tokiko Energiaren Egunak ospatzera, bakoitzaren eragin esparruaren barruan.

Energiaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko energia agentzia den aldetik, eta Euskadin Itunaren koordinatzailea denez, urtero antolatzen ditu zenbait jarduera eta ekitaldi Euskadin, Energia Iraunkorraren Europako Astearen harira, energia eraginkortasun eta energia berriztagarrien inguruan. Aurten, Gasteizko Udalak eta EEEk elkar hartuta, Energiaren Egunen ospakizunei hasiera emateko Gasteiz aukeratu da, Europako Hiriburu Berdea 2012 ospakizunekin bat eginik.

Aurten, Energia Iraunkorraren Europako Astea ekainaren 18tik 22ra izango da.


ALKATEEN ITUNARI BURUZKO JARDUNALDIA

Euskadin Energiaren Egunen eta Energia Iraunkorraren Europako Astearen ospakizunak Gasteizen hasiko dira; zehazki, ekainaren 18an, Alkateen Itunari buruzko jardunaldi bat antolatu da horretarako. EUDELekin lankidetzan, EEEk eratutako jardunaldi horretan, Euskadin eta Europan Ituna garatzen ari diren zenbait agintarik hartuko dute parte.

Alkateen Ituna Europar Batzordearen ekimen bat da, eta Euskadin Energiaren Euskal Erakundeak koordinatzen du. EAEn 14 herrik edo hirik hartzen dute parte ekimen horretan, eta modu bateratuan ahaleginak egiten ari dira energiaren kontsumoa eta emisioak %20 murrizteko 2020. urteari begira.

Aipatutako Alkateen Itunaren inguruko jardunaldi horrek helburu bikoitza du: alde batetik, Euskadin Ituna sinatu duten udaletako ordezkariak Europako arduradunekin biltzea eta harremanetan jartzea, Itunaren garapen egokia lortzeari begirako estrategiak, ezagutzak eta jarduerak bateratzeko eta esperientziak trukatzeko, eta hartara, Europan ezarritako helburuak, 20-20-20 siglez ezagunak, lortzeko egiten ari diren ahalegin sendoari beste bultzada bat ematea; eta bestetik, Ituna sinatu duten udalei aitortza edo errekonozimendua egitea, iraunkortasunaren aldeko politikak sustatzeagatik eta eredua izategatik beste udal batzuentzat, etorkizunean horrelako plan eta ekimenekin bat egin dezaten.


"ENERGIAREN EGUNAK" EUSKADIN

Ekainaren 18an, Gasteizen, Energiaren Egunen inguruko erakusketa bat inauguratuko da, herritarrak kontzientziatzeko eta jarrera aktiboa har dezaten, eta hartara, herri eta hiri horietan energiaren kontsumoa gutxitu ahal izatea; bereziki mugikortasun eta eraikinen alorretan.

Erakusketak, Martxa iraunkorra deitutakoa aurten, karabana mugikorra bat izango du, Zurekin Bai! eslogana edo leloa izango duena; bertan, ibilgailu elektrikoak eta bizikletak izateaz gain, puntu interaktiboak ere edukiko ditu herritarrek erabiltzeko. Hala, etxeetan energiaren kontsumoaz, garraiobideez eta beste gai batzuez kontsultak egiteko aukera izango dute bertaratuko direnek. Halaber, eta umeentzako jolasekin batera, energia aldetik eredugarriak diren zenbait eraikinetara eta instalaziotara bisita gidatuak antolatuko dira herri eta hiri bakoitzean. Horretaz gain, energiaren zentzuzko erabileraz prestakuntza ikastaro batzuk emango dira. Jarduera eta ekitaldi horiek guztiek benetako plaza eratuko dute, eta herritar orok parte hartzea ahalbidetuko duen udalerriaren gune estrategiko batean gauzatuko dira.

Martxa iraunkorra Ituna sinatu duten 14 udalerrietatik pasako da, lehenbizi Gasteiz, Donostia eta Bilbon izango bada ere. Beraz, hiriburuetako ekitaldiak gauzatu ondoren, Energiaren Egunen ospakizunak eta hari lotutako karabana mugikorrak Itunarekin bat egin duten gainerako udalerrietara joko dute: Areatza, Irun, Oñati, Amezketa, Abanto eta Zierbena, Balmaseda, Basauri, Tolosa, Portugalete, Hondarribi eta Usurbilera.

Aurrekoaz gainera, Euskadiko hiru hiriburuetan, jai giroan, ekainaren 22ko gauean, argi eta soinu ikuskizun bereziaz gozatzeko aukera izango dugu. Publikoaren parte hartzea eskatuko duen Ikuskizunaren bidez, energiaren garrantziaz eta haren erabilera arduratsua egitearen muntaz sentsibilizatu nahi da herritarra. Gasteizen, Europako Hiriburu Berdea 2012 izendapenaren omenez, Travis Flint ikusteko aukera izango da, light painting ikuskizuna egingo duena.


IBILGAILU ELEKTRIKOARI BURUZKO JARDUNLADIA ETA MUGIKORTASUN ELEKTRIKO ZENTROA

Gainera, EEEren eskutik, ekainaren 22an, ibilgailu elektrikoaz jardunaldi bat egingo da. Jardunaldi horren helburua da mugikortasun elektrikoa zabaltzea eta ezagutaraztea, oro har, eta alor horretan Gasteizko Udalak egin dituen eta aurrerantzean egingo dituen urratsen berri ematea. Beste ekintza batzuen artean, herritarrei, denbora jakin batez, car-sharing zerbitzua dohainik erabiltzeko aukera emango zaie, laster Gasteizen eskainiko den zerbitzua.

EEEk eta Gasteizko Udalak hiri horretan ibilgailu elektrikoa garatu eta ezartzeko proiektu bat definitu dute. Hala, Gasteiz hirian ibilgailu elektrikoaren erabilera sustatu eta errazteko xedez, oinarrizko jarduera eta ekintzabide batzuk aurrera eramatea aurreikusi dute; esate baterako, mugikortasun elektriko zentroa eraikitzea, ibilgailu mota horiek kargatzeko guneak instalatzea eta e-car sharing IBILEK izeneko enpresa eratzea. Horrek guztiak, zalantzarik gabe, Gasteiz ibilgailu elektrikoaren sustatzaile nagusienetakoa izatea ekarriko du.

Hain zuzen ere, aipatutako jarduna, 2011ko otsailaren 23an, EEEk eta Gasteizko Udalak sinatutako "Gasteizen Ibilgailu Elektrikoaren Ezarpena Sustatzeko Hitzarmena""ren eta 2012ko otsailaren 6an, izenpetutako "Hitzarmenari lotutako eranskinaren argibideak" izeneko dokumentuaren barruan dago.

Goraxeago adierazi den bezala, Gasteizen mugikortasun elektrikoa sustatzeari begira, EEEren ekimenez, MUGIKORTASUN ELEKTRIKO ZENTROA eratu eta eraikiko da. Zentro hori ibilgailu elektrikoa erakusteko eta haren berri emateko erabiliko da. Aldi berean, hiri modernoaren sinboloa eta Gasteiz hirian gertatzen ari den aldaketarekin konpromisoaren ikurra izango da.

Mugikortasun Zentroa Gasteizko ekialdean izango da, autobus geltokiaren ondoan, iparraldetik Logroño kalearen pare, ekialdetik aire zabalean dauden kiroldegiko pisten alboan, mendebaldetik José Mardones kalearekin bat eginda eta hegoaldetik Santiago etorbidearen ondoan.

Zentroak 350 m2-ko azalera hartu edo okupatuko du, eta hainbat zereginetarako erabiliko da: herritarrei ibilgailu elektrikoari buruzko informazioa emateko, ibilgailu elektrikoen inguruko erakusketa iraunkorra edukitzeko, probatzeko aukera emateaz gain, ibilgailu elektrikoak kargatzeko, car-sharing IBILEK enpresaren base logistikoa izateko eta ibilgailu elektrikoak gidatzeko tekniketan prestakuntza gune izateko.

Zentroaren inaugurazio ofiziala eta martxan jartzea uztailaren hasieran izango dela espero da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • José Ignacio Hormaeche (director general del EVE)