
Jaurlaritzak haurrak adoptatzeko irizpideak malgutu ditu
- Gaur egun, dekretuak ezartzen duen baldintza da gurasoen eta haurren arteko aldea ezin dela 44 urte baino gehiagokoa izan
- "Herritar guztien berdintasunaren aldeko urratsa da eta prebentziozko bazterketak saihesten ditu", adierazi du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak.
Adingabeak adoptatzeko prozesuak arautzen dituen dekretua aldatuko du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, gurasoen eta haurren arteko aldea 44 urte baino gehiagokoa izan ezin dela dioen baldintza kentzeko. Helburua egungo dekretutik adin-muga hori kentzea da, irizpide baztertzaile gisa; izan ere, muga horren arabera 45 urteko pertsona batek ezingo luke jaioberririk adoptatu.
Dekretuaren aldaketa behin betikoa izango da Jaurlaritzaren barruko izapide guztiak burutu eta alegazioen epea amaitzen denean. Sailak proposamen horren berri eman zion Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoari; izan ere, aldundiek, udalek eta sailak berak osatutako foro horretan adosten dira gizarte‑zerbitzuen sistemaren kudeaketa-kalitatearen, arretaren eta kohesioaren inguruko estrategia nagusiak.
Horrela bada, dekretu berriak foru-aldundien jarduera arautuko du, erakunde horiena baita adingabeen adopzioak kudeatzeko ardura. Adinen arteko aldea irizpide baztertzaile gisa kentzea eta adopzioaren egokitasunaz erabaki behar duten teknikariek erabili beharreko balorazio‑irizpide gisa uztea erabaki da neurri hori diskriminatzailetzat jo delako.
Jaurlaritzaren jarrera hau Arartekoak ere, bere garaian, bermatu zuen eta gomendatu zuen adinen arteko aldea irizpide baztertzaile gisa kentzeko, diskriminatzailea zelakoan, beste zenbait datu kontuan hartzen ez zirelako. Gainera, Europar Batasunaren adopzioari buruzko itunak ere adinaren irizpidea ezabatu beharra xedatu zuen eta iazko irailetik indarrean dago.
Gainera, orain arte adin-aldea ez zen kontuan izaten pertsona edo bikote eskatzaileak beharrizan bereziak zituzten adingabeak adoptatu nahi zituenean. Hau da, familia berriz elkartzeko prozesuan dauden neba-arreben taldeak, desgaitasunen bat duten adingabeak, osasun-arazo bereziak dituztenak, zazpi urtetik gorako haurrak eta arriskuko herentzia-faktoredun aurrekari klinikoak dituztenak.
Hartutako neurriaren muga adingabearen interesa izango da beti, eta adinagatik baztertzen duten irizpideak ezabatzeko helburua duten jarduketen artean kokatzen da. "Pertsona bat adoptatzeko egokia den ala ez zehazteko, haren bizitzako hainbat faktore hartu behar dira kontuan guraso gisa duen gaitasunari buruz. Horien artean adina dago, eta beste irizpideak bezala baloratu behar da, baina ez aldez aurretik baztertzen duen elementu gisa", esan du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak.
Sailburuak azpimarratu duenez, Jaurlaritzak aurrera jarraituko du helburu horrekin; izan ere, "prebentziozko bazterketak saihesten dituen eta herritar guztien berdintasunaren aldeko urratsa da. Orain pertsona helduek baldintza ekonomiko hobeak eta egonkortasun sentimental handiagoa dute adoptatu ahal izateko. Eta adingabearentzat onena zer den pentsatuta erabaki dugu irizpide baztertzaile hori kentzea eta kontuan hartu beharreko beste datu bat baino ez izatea, horrela, adoptatzeko irizpideak malgutuz".