qrcode

Mugikortasun Jasangarriaren sailak Gasteizko tranbia Zabalganara luzatzeko lanen lehen tarteko obrak lizitatu ditu

2025-12-18
  • Kilometro bat inguruko Aldaiako adarrak hamahiru hilabeteko egikaritze-epea eta 9,2 milioi euroko aurrekontua izango ditu

 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren bitartez, lizitazio publikora atera ditu ostegun honetan Gasteizko tranbia Zabalgana auzora luzatzeko hiru tarteetatik lehena eraikitzeko obrak. Tranbiak auzo horretan izango dituen bi adarretako bat, gehienez 9,2 milioi euroko aurrekontua eta hamahiru hilabeteko egikaritze-epea dituen Aldaiakoa da.

Adarra Nazio Batuen Etorbidean zehar igaroko da, kilometro bat inguruko luzerarekin eta bi geralekurekin: lehena Zabalganako ikastetxe publikoaren ondoan eta bigarrena etorbide horretako 47. zenbakiaren parean. Azken horrek, azkena denez, toperak izango ditu –segurtasunez balaztatzeko gailu finkoak–. Tranbiaren sarea gaur egun errepidearen bi noranzkoak banatzen dituen erdiko erdibitzaileak hartzen duen espazioan egongo da, eta trenbide bikoitza eta lorategidun plataforma berdea izango ditu –sareko beste puntu batzuetan gertatzen den bezala, hala nola Salburuako adarraren zati handi batean–.

Tarte horretan etorbidea berrantolatuko da, zirkulazioaren noranzko bakoitzean ibilgailuen zirkulaziorako errei bakarra izan dezan, biribilguneak izan ezik, horiek errei gehigarriak izango baitituzte. Tranbia-sarea instalatzeaz gain, obrak hiri- eta paisaia-integrazioko jarduketak barne hartzen ditu, besteak beste, tranbia-plataformaren gainean landare-estaldura jartzea, galtzadak, espaloiak eta aparkalekuak birbanatzea, drainatze jasangarria duen egiturazko lurzorua instalatzea edo bereizitako bidegorriak ezartzea. Soluzio horien bidez, hiriko korridore berdea sendotu nahi da, bide-espazioa birnaturalizatzen lagunduz eta tranbiak zeharkatzen dituen eremuen ingurumen-kalitatea hobetuz.

6,3 kilometroko luzapena Lovaina eta Zabalgana artean

Hiriko auzorik gazteenera luzatzeko ibilbideak hiriaren erdigunetik, Lovainatik, Zabalgana etorbidera arteko tarte komun bat izango du, eta bertan bi adarretan banatuko da: bata Aldaiara eta bestea Mariturrira. Tarte komunean zehar maiztasuna 7,5 minutuz behingoa izango da, eta Aldaiako eta Mariturriko adarretan, berriz, tranbia 15 minuturo ibiliko da, bakoitzak enbor komunetik datozen txandakako unitateak jasoko baititu.

ETSren kontratazio batzordeak gaur onartu duen lizitazioak 6,3 kilometroko luzapenaren lehen kilometroko obra prozesua aktibatzea dakar, horietatik 5,5 Lovaina eta Zabalgana arteko ibilbidean, eta gainerakoak ETSk Betoñon eraikiko dituen eta gaur egungoen osagarri izango diren kotxetegi berriekiko loturan, Ibaiondon.

Luzapenaren helburua Gasteizko auzorik jendetsuenaren –30.000 biztanle inguru– eta erdialdearen arteko lotura hobetzea da, han gainerako tranbia-sarearekin konektatuz. Bere diseinuak intermodalitatea ere bilatzen du, Bus Elektriko Adimendunerako (BEA) loturarekin, bi garraiobide horiek gaitasun handikoak baitira.

Zabalganarako luzapenerako informazio-azterlana joan den urrian onartu zen behin betiko, eta aste hauetan eraikuntza-proiektua egokitu da –hiru zatitan dago banatuta, bakoitza bere aldetik egindako obren lizitazio-prozesuarekin–. Proiektua informazio azterlana eta ingurumen tramitazioa izapidetzearekin batera gauzatu da, ahal den neurrian epeak arintzeko, obrak 2026an zehar hasteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko