qrcode

Mikel Torresek Hub Basque Hydrogen proiektua nabarmendu du “deskarbonizazio, enplegu eta aukera profesional berrien proiektu estrategiko” gisa

2025-12-18
  • Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak Lanbidek funtsezko sektoreetan (trantsizio energetikoan, adibidez) prestakuntza emateko eta enplegu kualifikatua sortzeko duen zeregina nabarmendu du

 

Mikel Torres lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak  Bilboko Portuan ezartzen ari den Hub Basque Hydrogen edo Deskarbonizazio Hub-a bisitatu du ostegun honetan. Petronorrek eta beste inbertitzaile batzuek bultzatu dute proiektu hau, eta deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra, hidrogenoa eta energia berriztagarriak konbinatzen ditu.

Bisitan zehar, Torresek ekimenaren izaera integrala azpimarratu du. “Gaur, Bilboko Portuan, Petronorren eta Basque Hydrogen bidez, egiten ari diren Deskarbonizazio Hub proiektua bisitatu dugu. Ekimen honetan, karbonogabetze-estrategia hau eta ekonomia zirkularreko, hidrogenoaren proiektuko eta energia berriztagarrien proiektuak konbinatzen ari dira”.

Lehendakariordeak Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak proiektu honi lotutako prestakuntzan duen papera nabarmendu du: “Lanbidek prozesu jarraituen plantako operadoreak prestatzeko proiektu bat jarri du martxan, eta bertan 25 neska-mutil 900 orduko prestakuntza-prozesu bat osatzen ari dira. Horri esker, lantegi honetan lan egiteko aukera izango dute, eta 2026an jarriko da martxan”.

Mikel Torresek nabarmendu du ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak enpleguaren arloan duen plangintza estrategikoarekin bat datorrela. “Prestakuntza- eta enplegu-proiektu honek bat egiten du Enpleguaren Euskal Legearekin eta 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin; izan ere, haren helburua da sortzen ari diren lanbide berrietan pertsona kualifikatuak egotea Euskadin, beren prestakuntza praktika ordainduekin osa dezaten eta, batez ere, prestatzen ari diren leku berean lan-aukera errealak izan ditzaten”.

Basque Hydrogen hidrogeno berriztagarria trantsizio energetikorako funtsezko pieza gisa erabiltzea sustatzeko xedearekin sortu zen. Bilboko Portuan eraikitzen ari diren erregai sintetikoen demo instalazioa (E-Fuels) hidrogeno %100 berriztagarriz hornitzea du helburu.

Instalazio honen helburua da erregai % 100 berriztagarriak ekoiztea, CO2-emisio garbirik gabe, erregai tradizionalak ordezkatzeko, prozesuaren bideragarritasuna frogatuz eta industria-mailan eskalatzeko oinarriak ezarriz. Era berean, instalazioak Petronor eta Abanto-Zierbenako Parke Teknologikoan dagoen hidrogenategia hornitu ahal izango ditu hidrogeno berriztagarriaren soberakinaz, eta, horrela, industria eta garraioa deskarbonizatzen lagunduko du.

Proiektu honek trantsizio energetikoaren abangoardian kokatu nahi du, Euskadi hidrogeno berriztagarrien teknologietan erreferente gisa posizionatzen lagunduz, etorkizun jasangarri bat eraikitzeko.

Iruzkin bat
  • Argazkia Xaver
    2025-12-21

    Hidrogeno pila bat ere bai, baita nafta ere, energia sortzen duten eraikinetan, ahal dela modu berriztagarrian ekoitzitako erregaia.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak