Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013rako EGEF Programa Eragilearen Jarraipen Batzordea

2012.eko maiatzak 24

Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013rako EGEF Programa Eragilearen Jarraipen Batzordea dela eta, Europako Batzordeko, Eusko Jaurlaritzako, Espainiako Gobernuko eta EAEn Eskualde Garapeneko Europako Funtsak babestutako jarduerak egiten dituzten beste erakunde batzuetako ordezkariak bildu dira gaur Bilbon.

Batzordeak ontzat eman du 2007-2011 aldian programatutako jarduerei buruzko % 74 gauzatu dela dioen txostena.

Iaz ziurtatutako inbertsioen zenbatekoa 50 milioi eurokoa izan zen. Beraz, programa hasi zenetik 188 milioi eurokoa da zenbatekoa guztira. Bertatik 160 milioi Eusko Jaurlaritzari, Euskal Autonomia Erkidegoko aldundiei eta udalei dagozkie.

2007-2013 aldi osoa kontuan hartuta, 500 milioi euroko inbertsio-plana aurreikusi da EAEko enplegua eta lehiakortasuna bultzatzeko, bai eta Europar Batasunean aurreratuen dauden eskualdeekin teknologia eta gizarte alorretan bateratzeko ere.

EGEFen finantza-konpromisoaren barruan, programa eragilea da atalik garrantzitsuena, 240 milioi euroko baliabideak baititu erkidegoko ekarpenetan. Horri, gainera, Funts Teknologikoaren Espainiako programan azaldutako beste 31 milioi euro gehitu behar zaizkio.

Programa eragileko funts gehienak, % 70 baino gehiago, I+G+b inbertsioak sendotzeko erabiltzen dira, eta 1. ardatza izenekoaren barruan daude, hau da: “Jakintzaren ekonomia, berrikuntza eta enpresa-garapena”. Jarduerak, batez ere, ETEek teknologia- eta antolaketa-berrikuntzaren arloan dituzten beharrizanei erantzuteko diseinatu dira, bai eta nazioartekotzea bultzatzeko ere.

Plan eragilearen inbertsio-planak honako banaketa hau aurreikusten du 2007-2013 aldirako:

- Eusko Jaurlaritza……………………………..…..…..….….    274

- Estatuko Administrazioa……………….…………………….   115

- Toki-administrazioak (aldundiak eta udalak)…...................   111

Guztira: 500 milioi euro

Inbertsio horiekin 1.000 milioi euro inguruko inbertsio pribatu gehigarria eragin nahi da.

2011ko ekitaldiaren amaieran, eragindako inbertsio pribatua dagoeneko 650 milioi euro baino gehiagokoa dela kalkulatu da, eta I+G+b inbertsioak eta enpresen nazioartekotzea laguntzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatutako jardueren ondorio dira.

Bestalde, Europar Batasunak konpromisoa hartu du 152 milioi euroko ekarpena egiteko Europako Gizarte Funtsetik eta, ondorioz, 423 milioi eurokoa izango da erkidegoaren ekarpena 2007-2013 aldirako. Europako Gizarte Funtsaren konpromisoak Eusko Jaurlaritzaren programaren bitartez (61 milioi euro) eta Espainia guztiko programen bitartez (91 milioi euro erabiliko dira Euskadirako) gauzatuko dira.

EGEF funtsez gain, arrantza-sektorerako eta landa-garapenerako laguntzak ere (AEF eta LGENF) jasotzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoak, beste 135 milioi euro inguru.

Euskadi, 25 urte Europar Batasunean

Aurten 25 urte bete dira Euskal Autonomia Erkidegoa Europar Batasuneko kide denetik. Urte hauetan Europako Funtsek inbertsio-programa ugari babestu dituzte, esaterako industria-azpiegitura sortu eta modernizatzeko, komunikazioak hobetzeko eta I+G+b proiektuak gauzatzeko. Halaber, programa zehatzak ere finantzatu dira Europako Funtsen bitartez, esaterako Zamudioko Teknologi Elkartegia, Irurtzundik Andoainerako autobia, Bilboko metroa, hobekuntzak aldirikoen sareetan (RENFE), eta Bilbo eta Pasaiako portuak. Era berean, oso garrantzitsua da Bilbao Metropolitarra 30 eta Araba 2000 plan estrategikoetan duen presentzia.

Euskal Autonomia Erkidegoak lau programazio-aldiotan jasotako guztizko zenbatekoa 3.340 milioi euro ingurukoa izan da. Nekazaritza-sektoreko zuzeneko laguntzen 800 milioi euroak batuta (Lehen NBBEF eta orain NBEUF), eta erkidegoko beste finantzaketa-iturri batzuetatik eratorritako itzulkinak kontuan hartu gabe (batez ere I+G+b proiektuetarako laguntzak), Europar Batasunak EAEri egindako ekarpenak zabal gainditzen du 4.100 milioi euroko zenbatekoa.

Egitura-laguntzari dagokionez, birmoldaketaren eta ekoizpen-berrindustrializazioaren bitartez ekonomia suspertzeko prozesuetan laguntzeko jaso dugu; hau da, 80ko hamarkadan gainbeheran egon zen eskualde industrializatutzat hartu izana izan da Europako laguntzaren arrazoi nagusia.

Zalantzarik gabe EGEF izan da, eta da, finantzaketa handiena ematen duen mekanismoa, egiturazko esku-hartzeak egiteko programa ugaritan parte hartu baitu, bai eskualdean bertan sortutakoetan bai Erkidegoaren ekimenez sortutakoetan.

Egitura-laguntzei dagokienez, lehenengo 20 urteetan (1986-2006) 140 milioi euro eman zituzten urtean batez beste, eta gehieneko kopurua iragan mendearen amaieran eman zen, 230 milioi eman zirenean. Gaur egun Erkidegoaren urteko batez besteko ekarpena 82 milioi eurokoa da.

Kohesio Politikaren oinarrizko helburua bete nahian, eskualdeen arteko desberdintasunak gutxitu ziren Europar Batasunean eta, horren ondorioz, laguntza gutxiago heldu da, baina zati batean Europako funtsei esker eskuratutako garapenaren ondorio zuzena izan da hori. Gure garapen-maila erlatiboa, biztanleko Barne Produktu Gordinaren arabera neurtuta (erosteko ahalmenaren parekotasunean), Europar Batasuneko eskualdeen batez bestekoaren % 138koa da gaur egun. Maila hori, bada, azken 25 urteetan garatu diren tokiko politikei eta Erkidegoko egitura-laguntzari esker lortu da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Koldo Hualde