Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak azpiegitura eta ekipamendu sanitarioen programa (2025-2032) aurkeztu du, 1.600 milioi euroko inbertsioa eginda Euskadiko Osasun Sistema indartzeko asmoarekin

2025-12-17
  • Imanol Pradales Lehendakariak, Alberto Martínez Osasuneko sailburuekin batera, Osakidetzan datozen urteetan egingo diren jarduera nagusien berri eman du
  • Guztira 74 ekintza egingo dira lehen mailako arretan eta ospitaleko arretan; tartean, osasun-zentro eta ospitale berriak, handitzeak eta eraberritze integralak
  • Proiektu estrategikoen artean, nabarmentzekoak dira Tolosako ospitale berria, Durangoko Erabakimen Handiko Zentroa (EHZ) edo minbiziaren aurkako tratamendurako protonterapia eskaintzea
  • 192 milioi euro bideratuko dira diagnostiko goiztiarrerako eta gaixotasunen tratamendurako abangoardiako teknologia eskuratu eta ezartzeko

Eusko Jaurlaritzak 2025-2032 urteetarako Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programa aurkeztu du gaur. Asmo handiko proiektua da, eta Euskadiko osasun-sistema indartzea du helburu, Europako abangoardian mantentzeko. Programa horrekin, kalitatea, segurtasuna eta hurbiltasuna bermatu nahi dira osasun-arretan, bai pazienteek bai osasun-arloko profesionalek baldintzarik onenak dituztela ziurtatuz. “Denok zarete gure ondasun preziatuena zaintzen duzuenak. Eta gure ardura da zaintzen gaituztenak zaintzea. Zuek zaintzea”, adierazi du Imanol Pradales Lehendakariak proiektuaren aurkezpenean, Txagorritxu-AUOn egindako ekitaldian. Bertan izan dira, beste agintari batzuen artean, Alberto Martínez Osasuneko sailburua, Gontzal Tamayo Osasun sailburuordea eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia.

Programak 1.600 milioiko inbertsioa aurreikusten du 2025-2032 aldirako, 74 jarduketatan (62 espezifikoak eta 12 zeharkakoak); kasurako, hauek: lehen mailako arretako zentro berriak eraikitzea eta daudenak handitzea eta berritzea, ospitale-sarea eta haren bloke kirurgikoak modernizatzea edo gaixotasunen diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko teknologia aurreratua arretan txertatzea. Hala, dokumentuan jasotako proiektu estrategikoen artean, nabarmentzekoa da, adibidez, Tolosako erreferentziazko ospitale berria, Durangoko Erabakimen Handiko Zentroa (EHZ) edo minbiziaren aurkako tratamendurako protonterapia eskaintzea.

Azpiegitura Programarekin batera, Osakidetzako plantilla handitzen ari dira, hain zuzen ere egiturazko 2.000 lanpostu berri baino gehiago egongo baitira, eta horrek talde egonkorragoa eta eraginkorragoa izatea ahalbidetuko du. Era berean, inbertsioak gauzatzeko denbora-kronograma bat ezartzen dira, 2032ra artekoa, programaren garapen ordenatua eta eraginkorra bermatzeko.

Arretaren etengabeko hobekuntzari begira, aurreikusitako jarduketek EAEko herritarren osasunerako onura esanguratsuak izatea espero da. Osakidetzak, beraz, osasun publikoarekin eta azpiegituretan inbertitzearekin duen konpromisoa berresten du, herritarren ongizaterako funtsezko zutabe diren aldetik. 

 

Jarduketak Lehen Mailako arretan

Lehen mailako arretaren eremuan aurreikusitako jarduketen helburu nagusia da herritarrei ematen zaien asistentzia indartzea, etxetik hurbil dituzten ekipamendu moderno eta irisgarrien bidez. Ildo horretan, Azpiegitura Programak 21 osasun-zentro berri eraikitzea eta beste 8 eraberritzea edo handitzea aurreikusten du, erreforma partzialez gain. Guztira, Programak 200,8 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du lehen mailako arretako sarean.

Zentro berriak

Zentro sortu berrien artean, dagoeneko amaituta dauden batzuk nabarmendu behar dira, hala nola Oion edo Aretxabaleta, edo gaur egun egiten ari direnak, hala nola Loiolako osasun-zentroa Donostian edo Laudioko osasun-zentroa, anbulatorio-zerbitzua ere izango duena. Horiez gain, Lazkao, Bolueta eta Elgoibarko osasun-zentroak eraikitzeko lanak berehala hasiko direla aurreikusten da. 2026. urtean zehar, Guardia, Oinaurre (Irun), Arrigorriaga eta Urdulizko osasun-zentroetarako obrak egiteko proiektuak idazteko eta zuzentzeko zerbitzuak lizitatuko dira.

Bizkaian ere lizitaziora aterako da Durangoko Erabakimen Handiko Zentro berria, 34,8 milioiko inbertsioarekin, herritarrei zerbitzu espezializatu gehiago hurbilduko diena, joan-etorriak saihestuz eta lurraldeko arreta hobetuz. Zentro berri horrek gaur egun 3 gunetan eskaintzen den jarduera asistentziala bilduko du: Landako osasun-zentroarena, anbulatorioarena eta osasun mentaleko eguneko ospitalearena. Hiru zerbitzu gehiago izango ditu, gainera: erradiodiagnostikoa, erretinografia eta esku-hartze azkarreko ibilgailu bat.

Ekipamendua handitzea eta berritzea

  1. urterako ere dago aurreikusita Sondikako osasun-zentroaren handitzeko lanak hastea, eta Bilboko San Ignazio handitzeko proiektuaren erredakzioaren lizitazioa egingo da.

 

 

LMA-KO JARDUKETAK 2025-2032 URTEETARAKO

ZENTRO BERRIAK

Alde Zaharra (Gasteiz), Olarizu (Gasteiz), Guardia, Iruña Oka, Loiola, Astigarraga, Orio, Lezo, Intxaurrondo, Pasai Antxo, Oinaurre (Irun), Lazkao, Azpeitia, Elgoibar, Urduliz, Bolueta, Abusu (Bilbo), Laudioko anbulatorioa, Arrigorriaga, Irun erdialdea, Durangoko EHZ.

ERABERRITZE INTEGRALAK / HANDITZEA

Alegia, Lutxana, San Ignazio (Bilbo), Errenteria, Beasain, Sondika, Bergara, Santutxu-Solokoetxe.

Era berean, 11,3 milioi euro bideratuko dira mediku-kontsultetako ekipamendua modernizatzeko lanetara, behar bezala hornitzeko ohatila altxagarri elektrikoak, ekografo, desfibriladore erdiautomatiko eta bestelako ekipoekin. 

 

Ospitaleko Arretako Jarduerak

Ospitaleko arretaren eremuan, Eusko Jaurlaritzak 842,7 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du eraikin berriak eraikitzeko eta egungoak handitzeko eta modernizatzeko. Lehenengoen artean, nabarmentzekoa da Tolosan eraikiko den ospitale berria. 74 ohe eta 3 bloke kirurgiko izango ditu eta Gipuzkoa osoan erreferentziazkoa izango da prozedura diagnostikoetarako eta proba osagarrietarako, 107 milioi euroko inbertsioa egin eta gero.

 

Kanpo-kontsulten eraikina

Gainera, ospitale-arretaren atalean, pazienteei arreta emateko eredu berri bat hedatuko da ospitale handietan, Txagorritxu-AUOn abian dagoenaren antzekoa. Eredu horren bidez, bereizi egingo dira paziente anbulatorioa (kontsulta batera joaten dena) eta ospitaleratutako pazientea, eta arreta-zirkuitu desberdinak ezarriko dira. Hori dela-eta, Azpiegitura Programan kontuan izan da kanpo-kontsultetarako eraikinak ingresuetarako eraikinetik bereizita eraikitzea. Hala proiektatuta dago, izan ere, Basurtuko Unibertsitate Ospitalerako –eraikitze bidean–, Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitalerako, Donostiako Unibertsitate Ospitalerako eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalerako.

KANPO-KONTSULTETARAKO ERAIKIN BERRIAK

AURREIKUSITAKO INBERTSIOA 2025-2032 URTEETARAKO

Basurtuko Unibertsitate Ospitalea.

134,5 milioi

Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitalea

136,8 milioi (*)

Donostiako Unibertsitate Ospitalea

33,2 milioi (*)

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea

40 milioi (*)

(*) Lanak ez dira bukatuta egongo programa hau amaitzean

 

Handitzeak, eraberritze integralak eta ebakuntza-gela berriak

Gainera, garrantzi handiko lanak egingo dira, ospitalea handitzeko edo eremu batzuk osorik eraberritzeko, hala nola Zumarragako Ospitalean. Bertan, eraikin berri bat eraikitzen hasi berri dira, 78,6 milioi euroko inbertsioarekin. Bertan, bloke kirurgiko berria eta pazienteari arreta hobea emateko beste zerbitzu batzuk egongo dira, esaterako, Minaren Unitate bat, 18 hemodialisi-postu edo 14 endoskopia-postu.  

Bidasoan, bestalde, kirurgia-bloke berriko obrak ere abian jarri dira, 24,8 milioi euroko inbertsioarekin, eta proiektuak, zalantzarik gabe, zeharo hobetuko du Irungo eta Hondarribiko bizilagunei ematen zaien arreta.

Txagorritxu-AUOn, uda honetan amaituko dute D hegalaI handitzeko lanen lehenengo fasea, eta, ondoren, bigarrenari ekingo diote; 110,9 milioi euroko inbertsioa egingo da, guztira.

Aurreikusitako beste obra batzuk hauexek dira: Gorlizko Ospitaleko ospitalizazio-unitateak erabat eraberritzea, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko psikiatria-solairua eraberritzea eta Ebakuntza-gelak berritzea/handitzea, Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Erdi-mailako Zainketen Unitatea eraberritzea, Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitaleko ospitalizazio-solairuak eraberritzea, San Eloy Ospitaleko larrialdi-zerbitzua eraberritzea, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko larrialdiak eta ebakuntza-gelak eraberritzea, besteak beste.

Protonterapia

Ospitaleko arretako inbertsioen atalaren barruan (aurrerapen teknologikoekin oso lotuta badago ere), Protonterapiako Unitate berria nabarmendu behar da. Instalazio mediko espezializatu eta abangoardiakoa izango da, Donostiako Unibertsitate Ospitalearen mendekoa, eta horri esker Osakidetza tratamendu onkologiko aurreratu hori eskaintzen duen lehen zerbitzu publikoetako bat izango da. Unitateak 61,4 milioi euroko inbertsioa du, eta erreferentzia izango da Onkologiaren arloan Euskadin eta Europan. Unitate berriak, izan ere, Gipuzkoari, Bizkaiari, Arabari, Nafarroari eta Iparraldeari, Errioxari eta Burgosko eta Soriako probintziei (Gaztela eta Leon) emango die asistentzia. Aurreikuspenen arabera, 2027. urtearen amaieran jasoko dute bertan lehen pazientea.

 

Ekipamendu teknologikoak eta abangoardiakoak

Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen Programaren beste helburu nagusietako bat Osakidetza abangoardia teknologikoan mantentzea da, gaixotasunen diagnostiko goiztiarraren eremuan bikaintasun-mailetara heltzen jarraitzeko; besteak beste, minbiziaren edo gaixotasun kardiobaskularren eremuan.

Hortaz, atal honetan 192,6 milioi euroko inbertsioa aurreikusita dago. Proiektu aipagarrienen artean honako hauek daude:

  • Ordenagailu bidezko tomografo axialak (OTA) berritzea / berriak jartzea – 16 ekipo.
  • Erresonantzia magnetikoak berritzea / berriak jartzea – 8 ekipo.
  • Azeleragailu linealak berritzea / berriak jartzea – 8 ekipo.
  • Medikuntza nuklearrerako ekipoak berritzea / berriak jartzea – 4 PET – TC, 6 SPECT – TC.
  • Mamografoak berritzea / berriak jartzea – 26 ekipo.
  • X izpien gelak berritzea / berriak jartzea – 75 gela.
  • Hemodinamika eta Angiografia gelak berritzea / berriak jartzea – 16 gela.

Mantentzea eta jasangarritasuna

Aipatutako jarduketa horiek guztiak bideratzeko, lehen mailako arretan zein ospitaleko arretan egitekoak eta teknologian egitekoak ere, nahitaezkoa da mantentzean eta jasangarritasunean inbertitzea, emandako arretaren kalitatea, eraginkortasuna eta segurtasuna bermatzeko. Helburu horrekin, beraz, programa honek 271,13 milioi euroko inbertsioa jasotzen du, besteak beste, eraikinen inguratzaile termikoak (teilatuak eta fatxadak), argiztapen-sistemak, klimatizazioa, ekoizpen termikoa eta irisgarritasuneko eta antolamendu elektrikoko jarduketak berritzeko.

 

Eraldaketa eta Osasun digitala

Azpiegitura eta ekipamenduetako inbertsio horiekin batera, eta bat eginik Osasun Sailak eta Osakidetzak eredu digitalago, konektatuago eta pertsonengan zentratuago baten alde egindako apustuarekin, 2024-2026 aldian 100 milioi euroko inbertsioa egiten ari dira eraldaketaren eta osasun digitalaren arloan, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, baliabide propioen bidez eta Europatik datozen funtsen bidez. Baliabide horiek osasun-sistema publikoan zerbitzu digital adimendunak garatzera bideratuta daude, eta zuzenean eragiten dute osasunean, profesionalen jardunaren efizientzian eta, azken batean, Euskal osasun zerbitzuaren hobekuntzan.

Jardun-ildoen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

  • DATU bulegoa sortzea, osasuneko datuen bulegoa.
  • Prozesu klinikoen eta administratiboen eraldaketa digitala
  • Profesionalen eta pazienteen arteko harremanen desburokratizazioa
  • Hobekuntzak eraginkortasunean, emaitzen neurketan eta segurtasuna areagotzean.
2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2025-12-17

    Comentario de X:
    🏥 Eusko Jaurlaritzak azpiegitura eta ekipamendu sanitarioen programa (2025-2032) aurkeztu du, 1.600 milioi euroko inbertsioa eginda Euskadiko Osasun Sistema indartzeko asmoarekin

    https://t.co/YDZJ8QUaFG https://t.co/Mek6mfZroA

  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2025-12-17

    Comentario de X:
    🏥 El Gobierno Vasco presenta el nuevo Programa de Infraestructuras y Equipamientos Sanitarios 2025-2032, que fortalecerá el Sistema de Salud de Euskadi con una inversión de 1.600 millones de euros

    https://t.co/LD8MjwItHr https://t.co/IGDU3Jy5Nk

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak