qrcode

Eusko Jaurlaritzak aparteko laguntza onartu du Arabako erremolatxa-laborantzaren errentagarritasuna bermatzeko

2025-12-16
  • Aurrekontu osoa 303.848 eurokoa da, eta erremolatxa-ustiategietan izandako kostuen igoera arintzea du helburu

  • Gure helburua erremolatxa-ekoizleei presio ekonomiko handiko garai honetan laguntzea da”, nabarmendu du Amaia Barredo sailburuak

Eusko Jaurlaritzak minimis erregimenaren barruan emango diren zuzeneko laguntzak onartu ditu Arabako Lurralde Historikoko azukre-erremolatxaren ekoizleentzat, 2025eko kanpainan ekoizpen-kostuen igoera nabarmenak eragindako errentagarritasun-galera konpentsatzeko helburuarekin.

Egoera horri aurre egiteko, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 400 €/ha-ko zuzeneko laguntza ezarri du, 2025eko NPE kanpainan deklaratutako azalera kontuan hartuta. Zenbateko horrek aukera ematen du, besteak beste, tratamendu fitosanitarioen igoerak, ongarrien kostuen garestitzeak, traktore-ordu gehiagok eta erregaiaren zein lan-indarraren prezioen gorakadak eragindako gainkostua konpentsatzeko.

Neurri honetarako bideratutako aurrekontu osoa 303.848 eurokoa da, 2025ean Araban landutako 759,62 hektareei dagokiena. Laguntzaren %100a Arabako Lurralde Historikoari egozten zaio, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetan ez baitago erremolatxa-azalerarik.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok azpimarratu du laguntza hauek “presio ekonomiko handiko etapa batean erremolatxa-ekoizleei laguntzeko eta nekazaritza-eredu erresilienteago baterako trantsizioan laguntza emateko” beharretik sortzen direla.

Arabako Lurralde Historikoko erremolatxa-sektorearen egoera

Erremolatxa-laborantzak, tradizionalki Arabako emankorrenetako bat izan denak, azken urteotan gainbehera larria izan du azalera, ekoizpen eta iraunkortasun ekonomikoari dagokienez. 2020tik 2024ra bitartean, landutako azalera 1.111 hektareatik 700 hektareatik beherara jaitsi da, eta ekoizpena 120.000 tonatik goratik 80.000 tonatik beherara.

Joera kezkagarri hori faktore agronomiko eta arau-emaileek areagotu dute: fitosanitario eraginkorren substantzia aktiboen erretiratzea, izurrien aurkako tratamenduen ugaritzea, ongarrien eta erregaien prezioen igoera, eta makineriaren erabilera handiagoa, guztiak ere laborantzaren kostuak nabarmen handitu dituztenak.

Kalkulu teknikoen arabera, 2025ean hektareako ekoizpen-kostuak 3.700 euroak gainditu ditu, eta horrek 100 eta 300 €/ha arteko marjina negatiboak sortzen ditu. Horren ondorioz, ustiategi aktiboen kopurua nabarmen jaitsi da: 2006an 300 baino gehiago izatetik gaur egun 70 ingurura.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @itsaslurraEJGV
    2025-12-16

    Comentario de X:
    🟠 Gobierno Vasco aprueba la concesión de ayudas directas destinadas a las personas productoras de remolacha azucarera en Araba.

    El objetivo es compensar la pérdida de rentabilidad por el incremento de los costes de producción durante la campaña 2025.

    🔗 https://t.co/mxaegeH6jF https://t.co/F0WKezUqu2

  • Argazkia SN Robot
    @itsaslurraEJGV
    2025-12-16

    Comentario de X:
    🟠 Eusko Jaurlaritzak zuzeneko laguntzak onartu ditu Arabako azukre-erremolatxaren ekoizleentzat 303.848 euroko aurrekontuarekin.

    Helburua 2025eko kanpainan ekoizpen-kostuen igoera nabarmenak eragindako errentagarritasun-galera konpentsatzea da.

    🔗 https://t.co/ibZgPnWXur https://t.co/VuU5iRoYCc

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak