qrcode

Eusko Jaurlaritzak Debabarreneko hiri-berroneratzea bultzatuko du, Eibar, Ermua, Soraluze eta Elgoibarko proiektuetarako 8,3 milioi euro jarrita

2025-12-16
  • Gaur onartutako zuzeneko lau dirulaguntzak —guztira 7,3 milioi euro— gehituko zaizkio aurreko Gobernu Kontseiluan onartutako Eibarko Ugartetxea proiekturako 1 milioi euroko dirulaguntzari. Dirulaguntza horien helburua da gizarte-kohesioan eta hiri-kalitatean zuzeneko inpaktua izango duten berroneratzeko, espazio publikoak egokitzeko, irisgarritasunerako eta ekipamenduak hobetzeko jarduerak babestea.
  • Ekimenak Debabarrena eskualdean inpaktua duten trakzio-proiektuak dira, eta Debabarrenaren berroneratze sozioekonomikorako erakundearteko Plan Estrategikoan txertatzen dira —Eusko Legebiltzarrak Lehentasunezko Jarduketa Eremu izendatu zuen Debabarrena—. Proiektuak 2025 eta 2027 bitartean egikarituko dira.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Eibar, Ermua, Soraluze eta Elgoibarko Udalei zuzeneko dirulaguntzak emateko lau espediente —guztira 7.300.000 euro—. Dirulaguntza horien bidez, Debabarrena eskualdean hiri-berroneratzeko, irisgarritasuna hobetzeko eta espazio publikoak berreskuratzeko trakzio-proiektuak bultzatuko dira. Lau dirulaguntza horiek aurreko asteartean onartutakoari gehitu behar zaizkio. Beste dirulaguntza horrek 1 milioi euroko zenbatekoa du eta Eibarko Udala da onuraduna. Dirulaguntza horren helburua da Txonta auzoko Ugartetxea eraikina erostea eta Eibarko auzo historiko horretan Sailak eraikitzea aurreikusten dituen alokairuko babes ofizialeko 200 etxebizitzetarako aparkaleku bihurtzea.

Gaur onartutako dirulaguntzei esker, esparru estrategikoetan jardungo da —etxebizitzak, plazak, ibaiertzak, eraikin zaharkituak eta hurbileko ekipamenduak—,udalerri bizigarriagoak, berdeagoak eta kohesionatuagoak lor daitezen eta, horrela, eguneroko bizitza hobetu dadin eta bizilagunen bizikidetza eta gozamena bultza dadin.

Juan Carlos Abascal Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako sailburuordeak adierazi duenez, “auzoak berroneratzea politika erabilgarria da aldaketa zehatzak ekartzen dituenean”, eta erantsi duenez, “Debabarrenan erakusten ari gara hiri-agenda emaitzetan neurtzen dela: etxebizitza, enplegurako espazioa, plazak, ibaiertzak, ekipamenduak eta auzo bizigarriagoak, betiere pertsonak erdigunean jarrita eta gizarte-kohesioa indartuta”.

Jarduketak Debabarreneko berroneratze sozioekonomikorako erakundearteko Plan Estrategikoaren barruan txertatzen dira —Eusko Legebiltzarrak Lehentasunezko Jarduketa Eremu izendatu zuen Debabarrena (Debabarreneko LJE)—, eta 2025-2027 aldian garatuko dira. Horretarako, espazioak egokitzea, etxebizitzak sustatzea, hiri-berroneratzea, irisgarritasuna eta komunitate-erabilera berriak konbinatzen dituzten esku-hartzeak egingo dira.

Lau proiektu, lehentasun bera: udalerri bizigarriagoak

Soraluze | Olaldea zonako hiri-berroneratzea (3.375.000 €)

Dirulaguntza horri esker, Olaldeko hiri-berroneratzea bultzatuko da, baita zona hori Alde Zaharrarekin lotzea ere, eta, horrela, zona horretako irisgarritasuna eta ibaiertzak hobetuko dira. Jarduketa horren ondorioz, industria-eraikin zaharkituak ordezkatuko dira eta erabilera publikorako eta etxebizitzak sortzeko kalitateko hiri-espazio berriak sortu. Beraz, lagungarria izango da udalerriko erdigunearen hobekuntza integralerako eta bizi dugun bizitegi-larrialdiari erantzuteko.

Elgoibar | Usetxe plaza lehengoratzea eta eraikina kultura-ekipamendurako berreraikitzea (1.800.000 €)

Proiektuak aintzat hartzen ditu Usetxe plaza berreskuratzeko eta kultura-ekipamendurako eraikina berreraikitzeko beharrezkoak diren diseinu-, idazketa- eta egikaritze-lanak. Esku-hartze horrekin, espazio libreetarako lurzorua berreskuratuko da, Deba ibaiari balioa emango zaio —ibaiertzak lehengoratuta eta berdegune-sarean integratuta—, eta gizarteratzea eta hiri-inguruneko segurtasuna indartuko dira.

Eibar | “Larrañaga y Elorza” higiezina erostea, eraistea eta berrurbanizatzea (1.000.000 €)

Dirulaguntzari esker, Barrena 13ko higiezina erosi, eraitsi eta berrurbanizatuko da, eta auzoa espazio librez eta aparkalekuz hornitu. Jarduketak bertan behera utzitako azken industria-eraikina ezabatuko du, eta 80 plaza inguruko aparkalekua egitea ahalbidetuko du, baita landaredia izango duen espazio libre bat ere. Hartara, trantsizio berdea lortzen lagunduko du, hiriaren ekialdea erabat berroneratzeko esparruan.

Eraikin hori Hijos de Gabilondo eraikinaren inguruan dago, eta eraikin hori zaharberritzen ari dira Eibarko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzari esker (Eusko Jaurlaritzak 4,9 milioi euroko dirulaguntza eman dio Udalari). Lantegi zahar hori prestakuntzarako eta enplegurako eskualdeko ekipamendu bihurtuko da, eta bultzada handia emango dio hiriaren ekialdearen hiri-berroneratzeari.

Ermua | Merkatu Plaza birgaitzea (1.125.000 €)

Proiektuaren helburua da Merkatu Plaza zaharra (Diputazio kalea, 2) birgaitzea eta, horrela, udal-azpiegitura kontserbatzea eta suspertzea eta udalerriaren erdigunean gizarte-, kultura- eta komunitate-dinamizazioko beste gune bat finkatzea. Irisgarritasun unibertsaleko, jasangarritasuneko, efizientziako eta erabileren egokitasuneko irizpideen arabera egingo da jarduketa, betiere ekitaldi honen barruan Ermuko bizilagunekin egin den parte-hartze prozesuan oinarrituta. Udalerriaren erdiguneko Merkatu Plazako eraikin zaharra birmoldatu nahi da, topaketarako espazioa izan dadin eta ingurunea lehengoratzen lagunduko duten gizarte-, kultura- eta aisialdi-jardueretarako gune izan dadin.

 

Lau dirulaguntza horien bidez, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak berresten du Debabarreneko hiri-kalitatea hobetzeko hartutako konpromisoa, eta, horretarako, espazio publiko atseginagoak, irisgarriagoak eta birnaturalizatuak sustatzen ditu, ongizatea eta gizarte-kohesioa errazten du, eta, gainera, eskualdearen ekonomia, gizartea eta ingurumena suspertzen laguntzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak