qrcode

ETSk zazpi geltokitan banatutako 150 argazkiz osatutako erakusketarekin ospatuko du bere hogeigarren urteurrena

2025-12-17
  • Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailaren erakunde publikoaren irudiak 7 trenbide-geltokitan daude banatuta
  • “Euskadik garraio publiko eraginkorra izan dezan euren onena eman duten pertsonen lana islatzen da hemen”, adierazi du García Chueca sailburuak

 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, argazki erakusketa bat antolatu du bere hogeigarren urteurrena dela eta. Erakusketa osatzen duten 143 irudiak 7 geltokitan banatuta daude, eta Euskadin azken 20 urteetan egindako trenbide-lan enblematikoenetako batzuk jasotzen dituzte.

2004an Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca Legea. Urte horretan bertan, lehen fasean, ETS eratu zen, Metro Bilbaorako ingeniaritza (Imebisa) zaharraren ekipoan, egituran eta egitekoetan oinarrituta. Bigarren fasean, 2005ean, ETSri eskualdatu zitzaion Euskotrenen proiektu- eta obra-unitatea. 2006an amaitu zen prozesua, gaur egun erakunde publikoaren Ustiapen-eremuan ari diren Euskotreneko langileak eta bitartekoak eskualdatuta.

Urtemuga dela eta, Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak, Miguel Ángel Páez Azpiegituretako sailburuordeak eta Antonio López ETSko zuzendari nagusiak Zarauzko geltokian dagoen erakusketa bisitatu dute gaur goizean. Erakusketa Irungo, Amarako, Ermuko, Durangoko, Amorebietako eta Zazpikaleetako terminaletan ere ikus daiteke. Horietan guztietan, ETSk egindako Euskadiko obra esanguratsuenetako batzuk ikusten dira, baita geltoki bakoitzaren inguruan egindako hurbileko azpiegiturei buruzko atal berezia ere.

Irudi horietako batzuk Gasteizko eta Bilboko tranbien geltoki batzuetan dauden opi digitaletan ere ikus daitezke. Testuinguru horretan, ETSk 132 argazki dituen 128 orrialdeko katalogoa argitaratu du, erakusketaren izenburu berarekin: Memoriaren Bideak, ETS, 20 urte Euskadi saretzen. Argitalpena hainbat ataletan banatu da: Bilboko Metropoli Trenbidea, Topoa, Euskal Y-a, tranbia, Durango operazioa, Jarduerak Ermua-Eibar ardatzean eta gure sarea.

Susana García Chueca sailburuak inaugurazio-ekitaldian adierazi duenez, Memoriaren Bideak “ETSk bere lehen hogei urteetan egin dituen jarduketak laburbiltzen dituen irudien bilduma da. Euskal Trenbide Sarearen sorrera garraio-sare modernoago, jasangarriago eta eraginkorragorako bidearen hasiera izan zen”. Eta gaur egun egiten ari diren azpiegituretako batzuk aipatu ditu, hala nola Bilboko metroaren 5. linea, hegoaldeko trenbide-saihesbidea, abiadura handiko Atotxako geltokia, Topoaren lurpeko saihesbidea Donostiako erdialdetik igarotzean eta Topoaren Altza-Galtzaraborda tartea. Halaber, epe laburrean egin beharreko obra garrantzitsuak zerrendatu ditu, hala nola Bilboko metroaren 4. linea, Arkautiko lotunea eta abiadura handiko Bilborako sarbideak, eta tranbien luzapenak Zabalganara eta Zorrotzaurrera, besteak beste.

“Azpiegitura horien guztien atzean Mugikortasun Jasangarriaren Saila herritarren beharrei erantzuteko egiten ari den ahalegina dago, haien fase eta bizi egoera guztietan. Garraio publikoa gizartearen aurrerapenaren pieza garrantzitsua izan dadin laguntzea, pertsona guztiak eskubideetan berdintzen dituena, zerbitzuak eta aukerak hurbilduz bizi diren lekua edozein dela ere. Eta hiri espazioak birsortuz, gure ingurunea bizitzeko leku atseginagoa izan dadin”, adierazi du.

“Erakusketa honetako argazki bakoitzean –gaineratu du–, euskal trenbide-azpiegitura eraikitzeko fase guztiak ikus daitezke. Baita trenak eta tranbiak ere. Baina irudi bakoitzaren atzean, Euskadik gure garaiekin bat datorren garraio publikoko sistema segurua eta jasangarria izan dezan euren onena eman duten ehunka pertsonaren lana dago”, amaitu du.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @culturadetren
    2025-12-19

    Comentario de X:
    En su 20 aniversario, @ETS_RFV organizado una muestra fotográfica con 143 imágenes expuestas en 7 de sus estaciones, que recogen algunas de las obras ferroviarias más emblemáticas desarrolladas en Euskadi en los últimos años
    https://t.co/DRWw8SBBib https://t.co/TplT5rTXQE

  • Argazkia lejar
    2025-12-18

    Zorionak urteurrenagatik, baina argazkiak jartzeaz gain batu andenetatik trenbidera jausten diren zaborrak mesedez. Inguruko begetazioa herbizidaz erreta eta plastikoak denean zintzilik, hori bai argazki eskasa!!

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Antonio López, Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusia