
Osakidetzak egiturazko plantilla indartu du, eta egonkortze-prozesuak finkatu ditu, 2026an EPE deialdi berrien bidez
- Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak iragarri du 5.425 plaza deituko dituela 2023-2024-2025 EPE prozesuen barruan, eta horietatik 2.300 inguru medikuei eta erizainei egokituko zaizkiela, eskainitako lanpostu guztien % 40 baino gehiago
- Berritasun nagusien artean, nabarmentzekoa da adimen-desgaitasuna dutenentzako EPE espezifiko bat sortzea; 25 plaza izango dira eta laneratzea errazteko proba eta baldintza egokituekin diseinatu da
Osakidetzak, euskal osasun-zerbitzu publikoak, aurrera jarraitzen du enplegu publikoa sendotzeko, lan-egonkortasuna bermatzeko eta osasun-erakundea hobetzeko eta aldatzeko konpromisoan. Testuinguru horretan, 2026ari begira, langile-kopurua nabarmen handituko da, egonkortze-prozesuak amaituko dira, eta enplegu publikoaren eskaintza berriak (EPE) abiaraziko dira; horien artean, berritasun garrantzitsuak daude, plazen estaldura hobetzeko eta laneratzea sustatzeko.
Hala azaldu du gaur goizean Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak, Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. “Neurri horiek jauzi kualitatiboa dira Osakidetzan enplegu publiko egonkor eta kalitatezkoa finkatzeko. Gure plantilla indartzea ez da giza baliabideen kontua bakarrik, euskal gizartearen osasunean eta ongizatean egindako inbertsio zuzena baizik. Plantillaren handitze horren eta EPE berrien bidez, aurrera goaz profesionalizazioan, aukera-berdintasunean eta gure osasun sistema publikoaren jasangarritasunean”
2026ko EPEren berrikuntzak: 5.425 plaza berri eta adimen-desgaitasuna dutenentzako deialdi espezifiko bat
Martínezek adierazi duenez, Osakidetzak datorren urtean 2023-2024-2025 EPE prozesuei dagozkien 5.425 plaza berri deituko ditu. Eskaintza horren barruan, 800 plaza inguru profesional medikoentzat izango direla kalkulatzen da, eta 1.500 plaza erizainentzat eta haien espezialitateentzat, hau da, deitutako guztizkoaren % 40 baino gehiago.
Deialdien ziklo berri honetan, orain arte ikusi gabeko ekimen bat da nabarmentzekoa: adimen-desgaitasuna dutenentzako EPE espezifiko bat abian jartzea; guztira 25 laguntza-plaza izango dira, zeladore eta zerbitzuetako langile kategorietan. Sailburuak iragarri duenez, prozesu hori ezberdina izango da prozesu orokorrarekin alderatuta; hautagaien profilaren eta gaitasunen araberako probak eta baldintzak izango ditu, bai edukiari dagokionez, bai ariketa motei, proben iraupenari eta eskatutako prestakuntza-mailari dagokienez.
Lanpostuak eginkizunetara egokituta egongo dira, goizeko txandak izango dituzte astelehenetik ostiralera, eta ez dute euskarako hizkuntza-eskakizunik izango. Horrela, laneratzea inklusiboa eta kolektiboaren ezaugarrietara egokitua izatea bermatuko da.
Gainera, Osakidetzak 2026ko hasieran ebatziko du 2016-2017ko EPE; 221 plaza dira, mediku espezialisten 11 kategoria profesionaletan.
Bestalde, estaldura zaileko EPE berri bat abiaraziko da, eta plaza horiek zehazteko irizpideak berrikusiko dira, lehenengo esperientzian lortutako ikaskuntza txertatuta. Kanpoaldeko kontsultak eta arratsaldeko txandak izango dira lehentasunezko eremuak, horiek baitira betetzeko zailtasun gehien dituzten eremuak. Martinezek, gainera, iragarri du EPE berri horretan zabaldu egingo dela estaldura zailaren kontzeptua, ospitaleko beste espezialitate jakin batzuk sartuta.
Berritasun gisa, bi urteko fidelizazio-epea ezarriko da plaza horien adjudikaziodunentzat, ezingo baitute mugikortasun-prozesuetan eta lekualdatze-lehiaketetan parte hartu aldi horretan, eta, hala, premia handiena duten postuen egonkortasuna eta jarraitutasuna indartuko dira.
Egonkortze-prozesuak sendotzea
Sailburuak nabarmendu duenez, aldi berean, Osakidetzak aurrera jarraitzen du enplegua egonkortzeko prozesuetan, eta horren ezohiko deialdia emaitza positiboekin esleitu da dagoeneko. Indarrean dauden EPEei dagokienez, gaur egun betetzen zailak diren lanpostuak eta 2020-2021-2022 aldikoak erresulta-fasean daude, eta guztira 77 eta 987 plaza daude, hurrenez hurren, esleitzeke.
Prozesu horiek urrats erabakigarria izan dira euskal osasun-sistemaren behin-behinekotasuna murrizteko, eta bermatu dute giza baliabideen plangintza hobea, ekipamendu eta zerbitzuen egonkortasun handiagoa eta herritarrei arreta jarraituagoa eta seguruagoa ematea.
Egiturazko plantilla berria: profesional gehiago, espezializazio gehiago
Martínezek nabarmendu duenez, Osakidetzak egiturazko plantilla indartu du, eta orain 34.602 langile ditu, 2.160 lanpostu berri gehitu ondoren. Horietatik, 1.711 osasun-profesionalei dagozkie, eta 449 osasun-arlokoak ez diren profesionalei, jarduera- eta zerbitzu-arloen arteko oreka sendotuta.
Osasun-langileen artean, 433 mediku eta teknikari espezialista berri daude, Medikuntza, Farmazia, Biologia eta Psikologia Klinikoko profilak barne; Erizaintzako 787 profesional, horien artean Osasun Mentaleko espezialistak, Familia eta Komunitateko Erizaintzako espezialistak, Emaginak eta Fisioterapeutak; eta 491 osasun-teknikari espezialista, diziplina nagusietan: Laborategia, Erradiologia eta Diagnosirako Irudia, Anatomia Patologikoa edo Aho-hortzetako Higienea, besteak beste.
Egitura berri horretan kategoria profesional berriak ere sartzen dira, Antolamendu Sanitarioaren Legean jasotakoak, eta osasun-sisteman sortzen ari diren beharrei erantzuten diete. Horien artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: Osasun Larrialdietako teknikaria, Geriatria, Podologia, Familia eta Komunitate Erizaintza, Pediatria Erizaintza edo Ingeniaritza Biomedikoa, eta asistentzia-maila guztietan arreta integrala eta espezializatua indartzen duten beste batzuk.
Pertsonekiko konpromisoa: Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoa
Martínez sailburuak gogorarazi duenez, neurri horiek guztiak Euskadiko Osasun Itunean daude, eta, bereziki, osasun-sistema publikoa osatzen dutenen balioa sendotzea, zaintzea eta aitortzea helburu duen “Pertsonen politika: atxikipena, fidelizazioa, parte-hartzea eta lidergo profesionala osasun-sisteman” ildo estrategikoan.
Lan-egonkortasunaren, kategoria berrien, langile-kopurua handitzearen eta aurreikusitako EPE-prozesuen bidez, Osakidetzak eta Osasun Sailak etorkizunera bideratutako antolamendu-eredua finkatzen dute: egonkorragoa, bidezkoagoa, inklusiboagoa eta bikaintasuneko osasun-arreta bermatzen duen talentu profesionala erakartzeko eta atxikitzeko gai dena.


