Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

EITB, METAPOSTAra batzen den lehenengo komunikazio taldea

2012.eko maiatzak 24

Irrati eta telebistako erakunde publiko honen langileek, haien nominak eta beste komunikazioak Interneteko postontzi eta dokumentu-gordailu honetan jaso ahal izango dituzte.

METAPOSTAk, milioi bat dokumentu baino gehiago bidali ditu 2011ko otsailean aurkeztu zenetik.

METAPOSTA, Euskal Agenda Digitalaren barneko proiektua da, eta Danimarka moduko beste herrialdeetan arrakastaz dabilen antzeko ekimenetan oinarria dauka.

Enpresa Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, Merkataritza Ganberak, Tecnalia, Gupost eta Mondragon Inbertsioekin batera.

EITB taldeak, Informazio Gizartearen garapenaren aldeko apustuan, METAPOSTAn egindako integrazioa sinatu zuen atzo bere komunikazioetan Interneteko postontzi eta dokumentu-gordailu hau erabiltzeko xedearekin. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuaren aurrean, Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak eta Juan Goicolea Berrikuntza eta Teknologia sailburuorde eta Metapostako presidenteak hitzarmena sinatu dute. Modu honetan, Iberdrola, Kutxabank, Euskaltel edo Euskadiko Kutxa bezalako entitateek parte hartzen duten METAPOSTA zerbitzura batzen den komunikazioko lehenengo taldean bihurtzen da.

EITBko langile diren 900 pertsona baino gehiagok, haien nominak METAPOSTA postontzi pertsonalean jaso ahal izango dituzte, beste entitateen komunikazioekin batera. Erabaki hau, komunikazio talde publikoaren administrazioaren arrazionalizaziorantz urrats handia suposatzen du, beti ere taldeak duen aurrezpenaren eta ingurumenarenganako begiramenaren politikaren barne. Bestalde, METAPOSTAk komunikabideen alorrean erreferentea den igorlea batzen du, enpresarentzat berria den sektore honi atea irekiz, euskal finantza-entitateak, energia-konpainiak edo telekomunikazioetako operadoreak barne hartu ostean.

Bernabé Unda sailburuaren hitzetan, METAPOSTAn EITBren eransketa honekin, eta hurrengo hilabeteetarako espero direnekin (Naturgas, Tecnalia, Movistar...), "digitalki trebea eta partaidetza handikoa den euskal gizarte bat lortzera bideratzen da Euskadi, non, garatutako zerbitzuen erabilpenak gizarte-ongizatearen maila eta bizi-kalitatea, enpresen, erakunde sozialen eta Administrazio Publikoen efizientzia eta lehiakortasuna nabarmen handitzera laguntzen du, ekonomiari eta ingurumenari dagokionez jasangarria den inguru batean".

METAPOSTA Interneteko postontzi eta dokumentu-gordailuko zerbitzu gisa jaio zen pasa den urteko otsailaren 16an. Geroztik, 17.000 pertsona inguru dira zerbitzu honen erabiltzaile. Maiatzeko, gaur egun ditugun datuekin, Metapostan alta kopuruaren marka hautsiko dute, 3.000 alta baino gehiago emanez. Laster, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila ere, SPRIren bitartez, METAPOSTAra erantsiko da gizarteari, enpresei eta beste erakundeei komunikazioak elkarrekin trukatzeko.

Zer da Metaposta?

METAPOSTAk Interneteko dokumentu-gordailu elektronikoa eta postontzia eskaintzen du, hiritarrentzat nahiz enpresentzat balio handikoak diren agiriak espazio elektroniko pertsonal batean era seguruan betiko biltzeko aukera izan dezaten.

Horretaz gain, METAPOSTAk ohiko postontziari dagokion zerbitzua eskainiko du mundu elektronikoan. Hiritarrek postontzi fisikoan jasotzen dituzten dokumentu asko, sistema honen bidez jasoko dituzte orain: fakturak, kontu-laburpenak, egiaztagiriak, polizak, kontratuak, zitazioak, jakinarazpenak, nominak...

 

Interneten erabiltzeko moduko postontzi eta dokumentu-gordailu elektronikoa izateaz gain, METAPOSTA tresna egokia izan daiteke jaso beharreko agirien sakabanaketa ekiditeko. Ildo honetan, sarbide bakarreko sistematzat antola daiteke, 300 enpresa eta erakunde publiko baino gehiagok igorritako agiri eta ohartarazpenak kudeatzeko. Sistema honen bidez, aldez aurretik hitzartutako entitateen mezuak baino ez dira jasoko; horixe da posta elektronikoaren aldean eskaintzen duen abantaila, eta ondorioz, ez dago spam (zabor-posta) edo igorle ezezagunek bidalitako kate-mezuak jasotzeko aukerarik.

Sistemak partikularrei eta enpresei eskaintzen dizkien abantailez gain, ekimen hau aurrera ateratzea erraztu duen politikak Euskadin Administrazio elektronikoa garatzea du helburu, zerbitzu digital aurreratuen erabilera masiboa bultzatuz eta Informazio Teknologia Berrien mekanismoak ezagutzen ez dituzten pertsonen bazterkeriaren aurka borrokatuz.

METAPOSTAren eredua Danimarkako eBoks zerbitzu arrakastatsua da, gaur egun, 3,5 milioi erabiltzaile dituena 5,5 milioiko biztanleria duen herrialde batean. Gainera, 600 igorle handi dira Danimarkako zerbitzu honen bidez haien komunikazioak bidaltzen dituztenak. METAPOSTAren ezarpenaz, Euskadi, Internet bidezko zerbitzuen garapenean aurreratuago dauden herrialdeen ekimenen parean kokatu da. Hauexek dira ekimen horietako batzuk: eBoks (Danimarka), De-Mail (Alemania), MyPage.no (Norvegia), Agosp (Australia) edo My eCitizen (Singapur).

2010ean eratu zen METAPOSTA elkartea zortzi bazkide hauek osatzen dute: Ezten (SPRIren eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpeko arrisku-kapitaleko funtsa), EJIE (Jaurlaritzaren informatika-elkartea, Justizia eta Herria Administrazio Sailaren menpekoa), Bilboko, Gipuzkoako eta Arabako Merkataritza Ganberak, Tecnalia Korporazioa, Gupost marketing zuzeneko enpresa eta Mondragón Inversiones delakoa. Elkarteko presidentea, Juan Goicolea, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Teknologia sailburuordea da.

METAPOSTAren ezaugarri nagusiak

  • Borondatez eskuratu eta erabiltzeko moduko hautazko zerbitzua: jasotzaileak agiriak zein igorletatik jasoko dituen aukera dezake.
  • Ez da e-mail kontu bat, eta honek ohiko posta elektronikoari atxikitako arazo asko eta asko ekidingo ditu, phishing delakoa (nortasuna lapurtzea) eta spam deritzona (eskatu gabeko posta-bidalketa masiboa) tarteko direla.
  • Edozein lekutan, edozein unetan eta Interneterako konexioa duen edozein dispositibotan erabiltzeko moduko webgune baten bitartez egingo da zerbitzurako sarrera.
  • Dokumentu-gordailu elektronikoan materialak kargatzeko funtzioetan igorri edo erantsitako mezuak ere gorde daitezke sistema honetan.
  • Biltegiratzea mugagabekoa da erabiltzailearentzat, bai tamainaz bai iraupenaz ere. Bizitza osorako zerbitzua da.
  • Erabilerraztasunari lehentasuna emanez diseinatu da.
  • Euskadiko hiritar eta enpresa guztiei zuzenduta dago, beste esparru batzuetara ere hedatzeko aukeraz.
  • Doakoa da azken erabiltzailearentzat eta kostu murritzekoa igorleentzat.

 

Metapostan alta hartzea

Hiru era daude METAPOSTAn alta hartzeko:

Ziurtagiri digitala

METAPOSTAn onartutako sinadura elektronikoko ziurtagiriak hurrengoak dira:

  • DNI elektronikoa
  • IZENPE herritar-txartela
  • CAMERFIRMA txartela
  • ONA txartela

Enpresek, IZENPEren txartel urdinarekin edo CAMERFIRMA txartelarekin egin dezakete alta.

KZgunea

Edozein KZgunean egin dezakezu alta METAPOSTAn zure NANa edo AIZa erakutsiz (ziurtagiri digitalaren beharrik gabe). Hurbilen duzun zentroa eta ordutegia kontsulta ezazu KZgunearen web-gunean.

Online banka

Kolaboratzen duten edozein entitatearen online bankaren erabiltzailea izan beharko zara modu honetan alta hartzeko.

Enpresek Bankoa, Ipar Kutxa eta Caja Laboral entitateen online bankaren bitartez egin dezakete alta.

Alta, finantza-entitatearen web-gunetik egin beharko da.

Informazio gehiago Metapostari buruz

www.metaposta.com

blog.metaposta.com

www.youtube.com/user/metaposta

 

Bilbao, 2012ko maiatzak 24

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)