Berriak Lehendakaritza
qrcode

Nazioarteko prestakuntzarako Global Training programaren 445 bekaren bidez bere talentua indartu du Euskadik

2025-12-15
  • 6,45 milioi euroko inbertsio baten bitartez gazteen talentuaren aldeko bere apustua berretsi du Eusko Jaurlaritzak
  • Global Training programak prestakuntza eskaintzen du nazioartean eta 2012an sortu zenetik 5.000 gazte baino gehiagori eskaini dizkie bekak
  • Imanol Pradales: “Lanean jarraituko dugu, itzultzea erabakitzen duzuenean, zuen talentua hedatzeko eta zuen ametsak egia bihurtzeko aukera gehiago izan dezazuen”

 

Eusko Jaurlaritzak aurtengo Global Training bekak eman ditu, 445 gaztek nazioarteko hainbat enpresatan praktikak egin ditzaten. SPRI Taldearen Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren beka hauek nazioarteko mugikortasuna sustatzea dute xede, eta parte hartzeko ezinbestekoa da unibertsitateko titulazioren bat edo LHko goi mailako prestakuntza izatea. Orotara, 6,45 milioi eurokoa da aurtengo Global Training programaren aurrekontua.

Imanol Pradales Lehendakaria Euskalduna Jauregiko (Bilbo) ekitaldiaren buru izan da, eta Lehendakariarekin batera bertan izan dira Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Nagore Bonilla Basque Trade & Investment agentziako zuzendari nagusia eta entitate laguntzaileen ordezkaririk ere ez da falta izan, alegia, honako hauek ere ordezkatuta izan dira: hiru Merkataritza Ganberak, Confebask, Adegi, Politeknika Ikastegia Txorierri, Hetel, Ikaslan, AFM Cluster, Donostia Sustapena, Garapen eta  Novia Salcedo Fundazioa, bai eta EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea ere.

Lehendakariak nabarmendu duenez, "Herri batek bere harrobia zaindu behar du". "Lanean jarraituko dugu, itzultzea erabakitzen duzuenean, zuen talentua hedatzeko eta zuen ametsak egia bihurtzeko aukera gehiago izan dezazuen. Enpresa-proiektu erakargarri, aurreratu eta motibatzaileekin. Eta etxebizitza, osasun-sistema edo erreferentziazko hezkuntza eskuratzeko erraztasun handiagoak izan dezazuen. Euskadik, beraz, besoak zabalik hartuko zaituzte. Zuen ezagutza, esperientzia eta nazioarteko ikaskuntza funtsezkoak izango dira lekukoa hartzeko eta aurre egiten ari garen eraldaketa handien buru izateko", nabarmendu du.

Europar Batasunak aurreikusten duenez, lanpostu askotan ezinbestekoa izango da maila altuko kualifikazioa izatea, eta testuinguru horretan kokatzen da programa hau. Ildo beretik, hurrengo urteetan, lanerako gaitasun ugari bizipen ez formalen bidez eskuratuko dituzte gazteek, nazioartean mugituz, ikasketa praktikoak eskuratuz eta aktiboki parte hartuz.

2012an sortu zenetik, Global Training bekek Euskadiko 5.000 gazte baino gehiagori lagundu diete. Batez beste, 8 hilabetez, bost kontinenteetako 60 herrialdetako 500 enpresa baino gehiagotan burutu dituzte egonaldi profesionalak aurreko hamabi edizioetako parte-hartzaileek, besteak beste, honakoetan: Fraunhofer Institutua, Microsoft, Harvard Medical School eta NBE Emakumeak, baita atzerrian finkatutako hainbat euskal enpresatan ere.

Aurtengo edizioak aurreko urteetako egitura eta helburu berak dauzka. Aurreko urteetan bezala, aurtengo programak Euskadiko gazteei nazioartean prestatzen eta mugitzen lagundu nahi die, horrela, lan merkatuan errazago sar daitezen.

Mikel Jauregi sailburuak adierazi duenez, "zuek Euskadiren oraina eta etorkizuna zarete. Esperientzia hau profesional eta pertsona gisa hazteko balia dezazuela nahi dizuet. Global Training ekimenari esker, Euskadiren enbaxadore bihurtzen zarete munduan. Prestakuntza duten gazteak zarete, Euskadin sustraiak dituztenak eta mundura zabalik daudenak. Zuen talentua garatzen jarraitua eta Eusko Jaurlaritzatik lanean jarraituko dugu, zuen itzuleran, hemen etorkizuneko lanpostuak izan ditzazuen ".

Global Training programak atzerrian profesionalki prestatzeko aukera ematen du, zehatz-mehatz esateko, gazteei ordaindutako praktikak eskaintzen dizkie hainbat enpresa edo erakundetan, betiere gazte bakoitzaren espezialitate akademikoari egokituta.

Beka hauen helburua da atzerrian eskuratzen diren ezagutza eta gaitasun horiek Euskadira itzuli ahal izatea; edozein kasutan, gazte bekadunek beren atzerriko egonaldiak luzatuz gero, atzerritik ere Euskadiren ekonomiaren interesei lagundu ahalko diete.

Beken baldintzak

Aurtengo Global Training beken programaren aurrekontu-zuzkidura honako hauetara dago bideratuta:

  • hileko 1.715 euro gordineko zuzkidura duten 445 plaza, 6 hilabetez (80 euro, bekak ematen dituzten entitateek Gizarte Segurantzan kotizatzeko gastuei aurre egiteko).
  • 1.000 euroko kudeaketa-gastuak, entitate laguntzaile bakoitzarentzat, plaza bakoitzeko.
  • 40 orduko prestakuntzako gastuetarako partida, bekadun bakoitzeko.
  • bekadunentzako aseguruak estaltzeko partida, bidaiak eta estaldura medikoak barne.

Beken gutxieneko iraupena 6 hilekoa da; eta gehienezkoa, 12 hilekoa; entitate laguntzaileek aurkezten dituzten eskaintzen arabera, entitateek ahalbidetzen dituzten luzapenen batez bestekoa, 8 hilekoa da, gutxi gorabehera.

Programa hau goi-mailako prestakuntza duten gazteentzat da (Graduak, Lizentziak edo Lanbide Heziketa), 30 urtera artekoentzat, eta ingelesean B1 eta B2 maila dutenentzat.

Entitate laguntzaileak

Nazioarteko mugikortasunean eta gisa honetako programen kudeaketan eskarmentua egiaztatu duten hainbat entitatek eskainitako elkarlanaren fruitua dira Global Training bekak.

Zehazki, hauek dira edizio honetako entitate laguntzaileak:

·       Novia Salcedo Fundazioa

60 beka

·       Ikaslan + AFM

80 beka

·       Euskal Ganberak

60 beka

·       EHU

55 beka

·       Deustuko Unibertsitatea + Mondragon Unibertsitatea

50 beka

·       Garapen + Donostia Sustapena

80 beka

·       HETEL + Confebask + Adegi

60 beka

 

Lankidetza honetan datza:

  • Nazioarteko enpresa eta instituzioetan prestakuntza praktikarik onenak bilatzea, gazteek esperientzia praktiko bat izan dezaten.
  • Hautagaiak aurkezteko deialdia egitea, bai eta hautaketa-prozesua ere, Basque Trade & Investment agentziarekin lankidetzan.
  • Lehenengo prestakuntza bat egitea, gazteak beren nazioarteko “esperientzia” horretarako prestatzeko.
  • Bekadunei eta enpresei jarraipena eta laguntza eskaintzea bekak irauten duen bitartean.
  • Bukaerako txostena idazterakoan, bekadunen eta beren esperientzien emaitza ebaluatzea.
3 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @HETELFP
    2025-12-16

    Comentario de X:
    🌍HETELek @pitxorierri @Confebask eta @ADEGI erakundeekin batera gazteen talentua sustatzen du. 2025ean 60 beka #GlobalTraining kudeatuko ditugu munduko +20 herrialde ezberdinetan
    @Gob_eus #nazioartekoesperientzia #abantean #basquetrade
    https://t.co/EpFMkdqroQ https://t.co/J7bq7p6HI5

  • Argazkia SN Robot
    @FPeuskadi
    2025-12-15

    Comentario de X:
    💡Nazioarteko prestakuntzarako Global Training programaren 445 bekaren bidez bere talentua indartu du Euskadik. https://t.co/9S0muNxA3o
    💡Euskadi refuerza su talento joven con 445 nuevas becas Global Training para formación internacional. https://t.co/4NGkQOg1N7 https://t.co/oHYbvxoZpc

  • Argazkia SN Robot
    @FPeuskadi
    2025-12-15

    Comentario de X:
    💡Nazioarteko prestakuntzarako Global Training programaren 445 bekaren bidez bere talentua indartu du Euskadik. https://t.co/9S0muNxA3o
    💡Euskadi refuerza su talento joven con 445 nuevas becas Global Training para formación internacional. https://t.co/4NGkQOg1N7 https://t.co/oHYbvxoZpc

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak