Berriak Osasuna
qrcode

Osasuneko sailburuak greba medikoaren eta profesionalen faltaren aurrean jarrera aldatzeko eskatu dio Osasuneko ministroari

2025-12-12
  • Alberto Martinezek Osasun Ministerioaren Lurralde arteko Kontseiluaren bileran parte hartu du gaur goizean. Bertan, profesionalek eta pazienteek jasaten duten presioa arinduko duen berehalako soluziorako erantzukizuna eta konpromisoa eskatu dio Monica Garcia ministroari
  • Sailburuak arintasun handiagoa proposatu du osasun sisteman mediku berriak sartzeko mekanismoetan, eta BAME azterketara onartutakoen zerrendak argitaratzeko eskatu dio ministroari, 40 urtean ezagutu ez den atzerapena ari baita izaten

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinezek medikuen grebaren aurrean "jarrera aldatzeko" eskatu dio Osasuneko ministroari. Era berean, Osasuneko ministro Monica Garciari bere erantzukizuna onar dezan eskatu dio, osasun-langileen lan-baldintzak arautuko dituen Esparru Estatutu berriaren inguruan akordio bat lortzeko.

Gaur goizean Lurralde arteko Kontseiluan egin duen agerraldian, sailburuak ministroari Estatu osoan egonkortasuna eta erantzunak emango dituen adostasuna lor dezan eskatu dio. Egun hauetan izaten ari den medikuen greba hainbat osasun-kolektibok aurretik egindako deialdiei gehitzen zaiela, eta negoziazioetan aurrera egiten ez bada, urtarrilerako beste greba bat dagoela aurreikusita gogorarazi du.

Martinezek kezka agertu du egoeraren aurrean, bereziki larria baita iritsi den momentuagatik: gripe-kanpaina bete-betean, birusak eragin handia duenean, eta Estatu osoko ospitale eta osasun-zentroetan eragin hori milaka kontsulta eta arretatan jasaten ari direnean. “Ezin diogu aurre egin halako asistentzia-presio altuari lan-gatazka baten erdian, eta, gainera, Ministerioaren aldetik neurririk hartzen ari ez direnean profesionalen errelebo egokia bermatzeko", ohartarazi du sailburuak.

Halaber, azalpenak eskatu dizkio ministroari Esparru Estatutuan guardia medikoetarako proposatzen den antolaketa ereduari buruz, zein sistemara iritsi nahi den eta Ministerioak proposatzen dituen aldaketei aurre egiteko zein aurreikuspen ekonomiko duen azaltzeko.

Mediku gehiago sartzeko neurriak aktibatzea

Sailburua kezkatuta agertu da mediku-eskasiari aurre egiteko neurririk hartzen ari ez direlako. Arazo hori egiturazkoa eta gero eta handiagoa dela uste du. Salatu duenez, sisteman aktibo mantentzeko prest dauden mediku asko erretiroaren berri ematen dieten gutunak jasotzen ari diren bitartean, oraindik ez da ebatzi Euskadik duela hilabete batzuk medikuen erretiro-adina 72 urtera arte luzatzeko egindako eskaera.

Horri gehitu behar zaio —azpimarratu du— Ministerioak inoiz baino gehiago atzeratu duela BAME azterketa egiteko onartutakoen behin-behineko zerrendaren argitarapena. 40 urtean lehen aldiz ez dira bete Estatuko Aldizkari Ofizialean ezarritako epeak, eta horrek "sisteman mediku berriak sartzea geldiarazten du", adierazi du.

Azkenik, sailburuak "erantzukizuna eta konpromisoa" eskatu dizkio ministroari, osasun-sistemari egonkortasuna itzuliko dion eta profesionalek zein pazienteek jasaten duten presioa arinduko duen berehalako soluzioa aurkitzeko.

Iruzkin bat
  • Argazkia Xaver
    2025-12-13

    herritarrak gehiago inplikatzea beren osasunaren zaintzan eragile aktibo bihurtzera profesionalak gehiegi kargatu behar izan gabe, eskaria biderkatu daiteke huskeriei erantzuten bazaie.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak