
Begoña Pedrosa: “Zuetako bakoitzak Euskadiren etorkizuna eraikitzeko ikuspegi bakarra eta beharrezkoa emango du”
Euskadiko hainbat ikastetxetako 16 ikaslek diploma jaso dute gaur 2024-2025 Batxilergoko Sari Berezietan, haien bikaintasuna eta ahalegin akademikoa aitortzeko.
Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egin da gaur goizean 2024-2025 Batxilergoko Sari Bereziak emateko ekitaldia, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua buru izan dela. Guztira, Euskadiko ikastetxeetako 16 ikaslek jaso dute diploma egiaztatzailea, joan den ikasturtean Batxilergoa amaitu ondoren, 8,75eko edo gehiagoko batez besteko notarekin.
Bere hitzaldian, Pedrosa sailburuak ongietorria eman die ikasleei, hezkuntza lanaren azken zentzua azpimarratuz: “Zuek zarete gure lanaren izateko arrazoia: aukerak izan ditzazuela, zuen talentua garatu eta zuen bide propioa aurkitu ahal izan dezazuela”. Pedrosak nabarmendu du gaurko ekitaldia bereziki esanguratsua dela saritutako ikasleen meritua, ahalegina eta ausardia publikoki aitortzeko aukera ematen duelako: “Nota bikainak lortu dituzue, baina emaitza horien atzean ikasteko orduak daude, nekea, erabaki ez beti errazak… eta, batez ere, erronkak gainditzeko duzuen gaitasuna”.
Pedrosak ibilbide honetan gazteen bidelagun izan direnen papera ere azpimarratu nahi izan du, bai etxean eta baita ikastetxeetan ere: “Zuetako bakoitzaren atzean familia bat dago, batzuetan ikusten dena baino askoz gehiago egin duena, urduritasun, zalantza eta azterketa uneetan egon dena. Eta, haiekin batera, honaino iristeko denbora, energia eta maitasuna eskaini dizueten tutore eta irakasleak”.
Etorkizunari begira, sailburuak etapa berri hau ilusioz egitera animatu ditu ikasleak: “Zuetako bakoitzak Euskadiren etorkizuna eraikitzeko ikuspegi bakar eta beharrezko bat emango du”, eta Eusko Jaurlaritzak prozesu honetan beraien ondoan jarraituko duela gogorarazi du: “Hemen gaude zuei laguntzeko etorkizuneranzko bidaia honetan, aukerak izan ditzazuen, zuen talentua garatu dezazuen eta denon artean eraikitzen dugun gizarteari ere ekarpena egin diezaiozuen”.
16 APARTEKO BATXILERGOA DUTEN IKASLEAK
Eusko Jaurlaritzaren Batxilergoko Sari Bereziak 1984tik banatzen dira, bikaintasun akademikoa sustatzeko eta ikasleen ahalegina eta dedikazioa aitortzeko. 2024-2025 ikasturtean, 32.321 ikaslek egin zuten Batxilergoko 2. maila EAEn. Horietatik 655ek ezohiko batxilergoak zehazteko probetan parte hartu zuten, ekainaren 12an Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Probetan modalitateko berariazko ariketa bat, Gaztelania eta Literaturako edo Euskara eta Literaturako beste bat eta Atzerriko Hizkuntzako beste bat egin ziren.
Aintzatespen publikoaz gain, saritutako ikasleek 1.235 euroko diru-laguntza jasoko dute.
SARITUTAKO IKASLEAK
• Telmo Santos Barranco (CPEIPS Deutsche Schule San Alberto Magno HLBHIP. Donostia, Gipuzkoa)
• Mohamed Adrian Molla Mostofa (CPES Zabalburu Ikastetxea BHIP. Bilbao. Bizkaia)
• Daniel Blasi González (CPEIPS Claret Askartza HLBHIP. Leioa. Bizkaia)
• Irune Salcedo Roque (CPEIPS Lauro Ikastola HLBHIP. Loiu. Bizkaia)
• Arane Malatsetxebarria Duce (IES Julio Caro Baroja BHI. Getxo. Bizkaia)
• Mael Muzas Ayerdi (IES Antigua-Luberri BHI. Donostia. Gipuzkoa)
• Fatima Sophie Vasquez Heredia (CPEIPS Ayalde HLBHIP. Loiu. Bizkaia)
• Álvaro Giráldez Cea (IES Urbi BHI. Basauri. Bizkaia)
• Josu Martinez de Azagra Martinez de Luco (IES Ondarroa BHI. Ondarroa. Bizkaia)
• Nora Vaquero Sotelo (IES Koldo Mitxelena BHI. Errenteria. Gipuzkoa)
• Iñigo Fernández de Prado (CPES Global School BHIP. Leioa. Bizkaia)
• Oscar Lois Gervasini (CPEIPS Esclavas Sc - Fátima HLBHIP. Bilbao. Bizkaia)
• Ugaitz Zabala Gandiaga (IES Aixerrota BHI. Getxo. Bizkaia)
• Inés Pérez Villapún (IES Talaia BHI. Hondarribia. Gipuzkoa)
• Matías Borgmann Fernández (CPEIPS Deutsche Schule San Alberto Magno HLBHIP. Donostia. Gipuzkoa)
• Álvaro González del Rio (CPEIPS Vizcaya HLBHIP. Zamudio. Bizkaia)






