qrcode

DAIRITAL: Europa hego-mendebaldeko esne-sektore tradizionala eraldatzeko berrikuntza eta jasangarritasuna

2025-12-12

DAIRITAL (S2/1.4/E0266) proiektua maiatzaren 6an onartu zuen Interreg VI-B Sudoe programaren Jarraipen Batzordeak, eta martxan jarri da ofizialki dagoeneko, SUDOE eskualdeko esnearen eta gaztaren sektorea modernizatzeko eta jasangarriago egiteko helburuarekin, digitalizazioaren eta ingurumena errespetatuko duten ekoizpen-ereduak lortzeko trantsizioaren bitartez.

Proiektu hori Interreg VI-B Sudoe programaren barruan sartzen da, eta Europako ekimen horren helburua nazioz gaindiko lankidetza sustatzea da, Europa hego-mendebaldean berrikuntza, jasangarritasuna eta lurralde-kohesioa bultzatzeko.

Proiektuaren Jarraipen Batzordearen lehen aurrez aurreko bilera abenduaren 11n eta 12an izan da Leartikerren instalazioetan (Markina-Xemein). Bilera horretan zeregin teknikoen eta administratiboen aurrerapena eta 2026rako plangintza berrikusi dira. 1. Lan Paketeko zereginak 2026an amaitu beharko dira, funtsezkoak baitira 2. Lan Paketeari ekiteko. Pakete horretan lehen blokean aztertutako eta garatutako tresnak eskala errealean baliozkotuko dira, behien eta ardien ingurune pilotuetan eta gaztandegietan.

FEDERen laguntzarekin finantzatutako 1,13 milioi eurotik gorako aurrekontua du DAIRITALek eta 2025 eta 2028 artean garatuko da, Esneki Zentroa - Leartikerrek lideratuta. Halaber, Espainiako, Frantziako eta Portugalgo ikerketa-erakundeek, ekoizleen elkarteek eta gobernu-erakundeek osatutako nazioz gaindiko diziplina arteko partzuergo bat eratu da, hauekin: HAZI, KAIKU, IDELE, CNBL, DOP Roquefort, INIAV eta APS.

Gainera, eskualde osoko esnearen eta gaztaren sektorearen babesa du proiektuak, eta hainbat elkarteren inplikazioan islatzen da hori, elkarte horiek beraien ezagutza, esperientzia eta laguntza estrategikoa eskaintzen baitute emaitzek sektorearen behar errealei erantzun diezaieten. Elkarte horien artean daude hauek: QUERED, CONAFE, FENALAC, Association France Brebis Laitière, FACE NETWORK, EEE – Euskal Esnekigileen Elkartea, UPA, NEIKER BRTA eta INAO.

Ebazpen positiboaren ostean, partzuergoak Kick-off Meeting online bilera egin zuen ekainaren 18an, eta lan teknikoekin hastea azkartu zuen horrek. Lehen seihilekoan zehar, 1. Lan Paketearen zereginak jarri dira martxan, esnearen eta gaztaren sektorean eraldaketa digital eta ekologikoak izandako inpaktua ebaluatzeko. Halako ekintzak egin dira:

  • Azpiproduktuen ezaugarriak eta balorizazioa (gazura, hondakin-urak, simaurra).
  • Trena digitalak garatzea esnearen kalitatea ebaluatzeko eta prozesuak optimizatzeko.
  • Aplikazio berritzaileak sortzea gaztaren ekoizpena hobetzeko eta akatsak murrizteko.
  • Eraldaketa horiek sektoreko ETE-etan izandako inpaktu ekonomikoaren eta sozialaren azterketa.

Gainera, proiektuaren webgunea eta LinkedIn eta Instagrameko profilak estreinatu dira, komunikazio-estrategia eta emaitzen transferentzia indartzeko.

DAIRITALi buruz

DAIRITALen helburua da SUDOE eskualdeko esne-sektore tradizionalaren lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko soluzio berritzaileak identifikatzea eta Nazioaz Gaindiko Estrategia bat sortzea. Estrategia hori izango da proiektuaren ondorioak eta gomendioak jasotzeko dokumentu markoa, eta plan komun bat definituko du inplikatutako lurraldeek praktika digitalak eta ekologikoak ezar ditzaten modu koordinatuan. Dokumentuaren helburua izango da lortutako aurrerapenak finkatzea eta sektore osora zabaltzea, Espainiaren, Frantziaren eta Portugalen arteko lankidetza sustatuz eta soluzioak harmonizatuz.

DAIRITALek erakusten du eskualdeen eta erakundeen arteko lankidetzak soluzio errealak sor ditzakeela esnearen sektorearen erronkentzat. Izan ere, Interreg Sudoe programak dioen moduan, “Lankidetzan aritzea zure esku dago”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak